Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal artea ikertu eta sustatzeko balioko duen Mikel Laboa Katedra jarri du abian EHUk

Dokumentuaren akzioak

Euskal artea ikertu eta sustatzeko balioko duen Mikel Laboa Katedra jarri du abian EHUk

Mikel Laboa Katedra martxan jarri du EHUk euskal kultura eta ondarea ikertzeko asmoz. Sortzaile hori hautatu dute aztergaiarekin harreman handia duen gizona izan zelako.

Mikel Laboa Katedra martxan jarri du Euskal Herriko Unibertsitateak euskal kultura eta hondarea ikertzeko asmoz. Sortzaile hori hautatu dute aztergaiarekin harreman handia duen gizona izan zelako. Hala, Laboak birizik zegoenean hasi zuen euskal arteak sustatzeko bidea jarraituko du unibertsitateak, batez ere gutxi aztertu diren gaiei garrantzia ematen.
Egilea
Nagore Belastegi
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2013/03/19
Lotura
Naiz

Juan Kruz Igerabide da Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako ikerketa bide honen zuzendaria. Gaur goizean Donostiako Ibaetako kanpusean egindako aurkezpenean azaldu du lehenengo urte honetan gehienbat ikerketa Mikel Laboa pertsonaian eta bere inguruan aritu ziren sortzaileetan zentratuko direla. «Ezinezkoa izango da dena ikertzea baina ahal duguna egingo dugu», aipatu du. Ikerlari talde bat osatuko dute eta hainbat kultur eragilerekin elkarlanean arituko dira arte espresio desberdinen arteko harremanak sustatzeko. Era berean, master amaierako proiektuak zein tesiak aurrera eramateko bekak eskainiko dituzte, baita sorkuntza bultzatu ere.

Azken helburua Euskal Herritik kanpo Mikel Laboaren lana, eta bide batez beste sortzaileena,  ezagutzera ematea bada ere, bidean katedrak bestelako fruituak emango ditu. Adibidez, aurten Mikel Laboa kantu-sormen lehiaketa jarriko dute abian, baita katedraren inguruko webgunea informazio osatuarekin. Udazkenera begira, musikariaren inguruko jardunaldiak eta erakusketa egingo dute, baita argitalpen monografiko bat prestatu ere.

Marisol Bastida, Laboaren alarguna, aurpezkenean izan da; hunkituta eskerrak eman dizkie katedra hau aurrera eraman duten erakundeei eta zorte ona opa dio Igerabideri. «Unea ez da erraza, baina gasturik gabe ez dago aktibitaterik, eta aktibitate hau funtsezkoa da arteak bizitza ematen digulako eta krisi garaian ere bizitza dagoelako», nabarmendu du.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak Laboaren lana azpimarratu du, bizi zenean unibertsitatearekin izandako harremanarengatik. Esan du hil eta gero harreman hori eten beharrean indartu egin dela, eta katedra honen bidez abeslariak zuen espiritua mantendu egingo dela.

Aldundiaren izenean, berriz, Martin Garitano diputatu nagusia izan da aurkezpenean. Honek adierazi du katedran egingo den lana Laboak berak hasitakoaren jarraipena izango dela euskal kulturaren arlo guztien sustatzaile moduan. Garitanoren esanetan, Laboak hizkuntzaren mugak gainditu zituen maitatzen zuen hura bultzatzeko bidean. Katedra hau garrantzitsua dela uste dutelako, Diputazioak 550.000 euro bideratuko ditu funts honetarako.

Laboa_katedra

Juan Kruz Igerabide, Martin Garitano, Iñaki Goirizelaia eta Marisol Bastida, katedraren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Dokumentuaren akzioak