Dokumentuaren akzioak
Euskal artea eta folklorea sustatuko du Laboa Katedrak
Musikariaren ondarea bultzatuko du UPV/EHU-K
Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea
UPV/EHU eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmenaren bidez bultzatuta, Mikel Laboa Katedra sortu dute. "Euskal artea eta folklorea, bereziki musika, dantza eta bertsolaritza sustatzea eta ikertzea du helburu", esan zuen atzo Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak.
Gaineratu zuenez, gauza guztien gainetik "sortzaile" bat zen Laboa eta katedrak bi ezaugarri bilduko ditu; batetik, Euskal Herriko sorkuntza artistikoaren hedapena bultzatuko du, eta bestetik, musikaz, dantzaz eta bertsolaritzaz ikerketa sendotzea nazio arteko proiekzioa bilatuko du. "Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi, eta horrela bukatu kantuz har diten beti nitaz oroi-tzian". Horrela hasten zen Laboaren kantu bat eta Goirizelaiaren aburuz, Mikel Laboa gogoratzeko modurik onena izango da katedra.
Laboak EHUrekin edukitako harremana luzea eta emankorra izan zen, heriotzak eraman arren, eten ez den harremana. Gobernu Kontseiluaren erabakiz musikariaren merituak azpimarratu nahi izan ditu urteetan zehar. Horretarako, 2000. urtean EHUk musikariari urrezko domina eman zioten eta 2010. urtean Mikel Laboa sortzaile gazteentzako lehiaketa sortu zuten.
Goirizelaiaren esanetan, Laboaren kantuei esker musika tradizionala beste era batera "hartu, sentitu eta bizitzen" hasi zen gizartea. Batetik, musika tradizionalaren berrinterpretazioa garai berrietara egokitu zuen eta bestetik, tradizio horretatik tresna bat sortzeko nahia zuen, sormena garatu ahal izateko.
Honen ildotik, Marisol Bastida Mikel Laboaren alargunak azaldu zuen musikariak hiru bidetatik egin zuela lan; "tradizio kanta zaharrak berreskuratzen, egungo poemak musikatzen eta interpretatzen eta bere bide propiotik esperimenta-tzen". Bestalde, aipatu zuenez, katedra "ondo gauzatzea" nahiko luke, egoera erreza ez izan arren "funtsezko" aktibitatea delako eta "arteak bizitzen laguntzen duelako". Bastidaren aburuz, eta kantak dioen moduan, "Musikarik gabe, nola biziko ginake?".
Laguntza Kultura, euskara eta hezkuntzarako garai zailak dira baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen honen aldeko apustua egin du 555.000 euroko laguntzarekin. Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu zuenez, Aldundiak ahalegin "berezia" egiten du euskal kultura eta ikerketa bultzatzeko eta kasu honetan bereziki, Laboaren lana "ikertu, hausnartu eta gizarteratzeko". Erantsi zuenez, "euskal kultura eta nortasuna gure aberastasuna da eta garapen ekonomikorako tresna gisa ulertu behar dugu". Halaber, euskal gizarteak kultura "aberatsa" duela aipatu zuen, baita ondare hori zaindu, sustatu eta jorratzeko bide berriak egin behar direla ere.
Katedra zuzenduko duen Juan Kruz Igerabidek azaldu zuen "kultura giza duintasunaren oinarri sendo bat dela" eta katedran Laboak utzitako arrasto ahaztezina hartu dutela abiapuntu. Katedraren ikergaietan interesaturik dauden ikertzaileen sare bat gauzatuko dute aurten eta udazken aldera jardunaldiak antolatuko dituzte.
Mikel Laboari buruzko erakusketa bat eta argitalpen monografiko bat ere egingo dituzte, omenaldi gisa. Doktoreko-bekak eta master amaierako diru-laguntzak eta sormena bultzatzeko diru-laguntzak eskainiko dituzte, besteak beste. Horiekin batera, Mikel Laboaren kantu-sormen lehiaketa antolatuko dute eta musikariaren lana Euskal herritik kanpo ezagutzera emateko zenbait ekintza bultzatuko dituzte.
(R. Plaza)
Dokumentuaren akzioak