Dokumentuaren akzioak
Euskal arimaren estetikara
Arantzazuko santutegian amaituko dute eskultoreari egingo dioten omenaldia
Ehun urte dira Euskal Herriak azken mendean eman duen artistarik handienetarikoa jaio zela. Urtemuga horrek merezi zuen zerbait berezia. Hamabostaldiko doinuak Donostiatik aterako dira, orain arte egin izan den bezala, Musika Aitzakia zikloaren barruan. Baina, omendua Jorge Oteiza izanik, Gipuzkoako mugak gainditu eta Nafarroan barrena ere sartuko dira musika uhinak aurten.
Oteizak estetikaren gainean egin zituen gogoetetan presente izan zen musika. Quosque Tandem!... saiakera ezagunean ere musikak izan zuen bere lekua, euskal arimaren estetika interpretatze aldera. Eta Aita Donostiarekin igarotako mementoek ere eskultorearengan eragina izan zuten. Aita Donostia bera eta Ravel, Stravisnki eta Schoenberg izango dira omenaldian protagonista, besteak beste, Oteizaren hausnarketetan beti izan ziren konpositoreak.
Musika Aitzakia zikloa gaur hasiko da Altzuzan, San Esteban parrokian, Oteiza museotik metro gutxira hain zuzen ere. Han, Iruñeko Ganbera Abesbatzak Aita Donostiaren Missa pro defunctis requiema kantatuko du, 20:00etan hasita. Abesbatzak Jesus Etxeberria izango du zuzendari eta Raul del Toro organoan.
Etxeberriaren hitzetan, Aita Donostia eta Oteiza ez ziren izaera bertsuko pertsonak, «lasaia eta sosegatua lehenengoa, kontraesan eta nahigabez betea bestea». Euren ikerketa interesetan bat egiten zuten, baina; «euskal herriaren jatorriaz arduratu ziren biak». Oteizak, gainera, eskultura bat eskaini zion musikagileari. Hain zuzen ere, eskultura horren eta interpretatuko duten requiemaren artean aurkitu du bi artisten arteko gurutzagunea Etxeberriak: «Eskultura zorrotza eta sinplea da, forma zuzenak ditu. Eta horixe ikusten dut nik Aita Donostiaren requiemean; konposizioa oso sinplea da, eta halakoxeak dira harmoniak ere».
Zikloaren hurrengo geldialdia abuztuaren 9an izango da, larunbatean. Nafarroatik Gipuzkoara bueltan, Azkoitiko Oteiza Frontoiak arkitektura multzoan izango dira Xabier Erkizia artista eta Javier Perez de Azpeitia piano jotzailea, 19:30ean, Hormak Urtu lanarekin.
Erkiziak azaldutakoaren arabera, obrak bi zati izango ditu. Lehenengo zatirako, Erkiziak berak frontoien plano arkitektonikoak musika bihurtu ditu, horretarako pareten angeluak eta bestelako datuak erabiliz. Partitura horiek baliatuz, Iban Urizar, Judit Montero, Ibai Gogortza eta Iñigo Telletxea musikariek frontoien planoen interpretazio musikala egingo dute, oinarri elektroniko baten gainean. Ondoren, ehiztari bat izango da protagonista, Oteizaren aipu bat gogoan dutela: «Musikaria ehiztaria da, tranpatia». Lanaren zati horretan helburua, izenburuak dioen bezala, frontoien hormak urtzea izango da, «arkitektura zurruna leuntzea, musikaren bidez malguagoa eginez».
Obraren bigarren zatia, Javier Perez de Azpeitiaren hitzetan, kontzertu klasikoa izango da, baina berezitasun batekin; frontoi barruan joko da. Piezen aukeraketan bi ideia nagusi izan ditu kontuan Perez de Azpeitiak. Batetik, agertokia aintzat hartuta, nota gehiegi elkarren gainean batzen ez dituzten piezak aukeratu ditu. Bestalde, Oteizak berak gogoko zituen musikagileenak izango dira lanak, hala nola Schoenberg, Stravisnki, Ravel eta Aita Donostiarenak.
Musika Aitzakia zikloaren barruan Oteizaren omenez egindako bidaiaren azken geldialdia Arantzazuko Santutegian izango da (Oñati), abuztuaren 27an. Han, bi ikuskizun izango dira. Lehenengoa 17:30ean hasiko da, Oteizaren apostoluen parean. Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, Kezka dantza taldeak Apostoluen Dantza koreografia emango du eta Oñatz taldeak lau pieza tradizional dantzatuko. Bigarren emanaldian, santutegi barruan, Barbara Hendricks soprano estatubatuarrak errezitala emango, Love Derwinger pianoan duela.
Musika oteizaren oinetan
Inaugurazio ekitalditik hasi dira Musika Hamabostaldian Jorge Oteiza omentzen. Atzo Donostiako San Bizente elizako Pietatea eskulturara bildu zen jendea, Ornitorrinkus Maialen Lujanbio bertsolariaren eta Judith Montero saxofonistaren emanaldira, bertso eta musika esperimentala uztartzen dituen saiora. Baina ez zen atzoko bakarra izan; Bulebarrean, Viktoria Eugenian, Haizearen Orrazian, Miramarren eta zaharren egoitzetan hainbat ikuskizun izan ziren.
Dokumentuaren akzioak