Argentina, neurri handi batean, Europatik hara joandako etorkinek osatutako nazioa da. Haien ondorengoak dira argentinar ezagunenak: Frantzisko Aita Santua, futbolista onenak –Di Stéfano, Maradona, Messi–... Argentinara joandako europar asko euskaldunak ziren. Juan Garaik, 1528an Bizkaiko Urduñan jaioak, fundatu zuen 1580an Buenos Aires, Rio de la Platako eta Paraguaiko gobernadore zela. 2024an futboleko Amerika Kopa irabazi zuen Nikolas Otamendik, Argentinarekin; Eurokopa, berriz, Mikel Oiartzabalek: ozeanoaren bi aldeetako euskaldunek. Abenduaren 28an Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioak erabaki zuen Euskadi (EAE) Federazioko kide moduan onartzea. Horretarako proposamena Argentinako Federazioak egin zuen.
XIX. mendearen bigarren erdian gertatu zen Argentinan immigraziorik handiena. Honelaxe dator Txema Urrutiaren El vasco de la carretilla liburuaren hitzaurrean: "Argentinatik bertatik egin zuten deialdia Europako jendea hara joateko, ia hutsik zeuden hango lur zabal eta emankorrak kolonizatzera, Europako itsas portuetan zabaldu zuten mezua kontratazio-agentzien bidez. Garai hartan, Euskal Herrian zenbait fenomeno batera gertatu ziren, euskaldun askok emigratzeko erabakia hartzeko: populazioa asko hazi zen eta hemengo lurrek ez zuten nahikoa ematen; karlistada-gerretako galtzaileen zoritxarrak eta beldurrak; Foruen galera; Espainiarentzako gerra-arriskua (Kuba, Filipinak, Maroko…) eta euskal mutilentzat derrigorrezko soldaduska ezartzea; maiorazkoaren sisteman oinordekotza (baserria…) seme zaharrenarentzat bakarrik...
Horrek guzti horrek ekarri zuen milaka gazte euskaldun ozeanoa zeharkatzeko abenturan abiatzea. Ikerketa batzuek diotenez, euskal Iparraldeko populazioaren herena joan zen Ameriketara. Hegoaldeko herrialdeetatik ere izugarrizko jendetzak eman zuen saltoa. Gehienak Buenos Airesera eta Montevideora iritsi ziren, talde txikiagoak Kaliforniara eta Txilera. Ameriketarako euskal emigrazioaren bigarren aro jendetsuena 1936ko gerrak ekarri zuen, faxisten ihesi joandako familiek osatu zutena.
Argentinakoa izan da eta da euskaldunen diasporarik handiena, alde handiz. Hango herritarren %10 inguruk euskal abizena omen daukate. Kalkulatzen da hango gaur egungo gizartean 15.000 euskal abizen daudela bizirik. Deituretan bezala, hango herri, kale, negozio eta abar askok euskal izena du. Gautxoen txapela euskaldunen herentzia da. Buenos Airesko aireportu nagusia Ezeiza da. Hipolito Yrigoyen (Buenos Aires, 1852-1933) presidente izan zen, bi alditan. Argentinan, espainolak gailego dira; euskaldunak, vasco. Hiri handi guztietan, eta txiki askotan, bertako euskal-argentinarrei elkartzeko aukera ematen dien euskal etxea dago. Eta euskal etxe horien inguruko komunitateak lotzeko eta denboran irauteko, erakunde bat dute, FEVA: Federacion de Entidades Vasco Argentinas. Haren baitan antolatu ohi dute urtero Euskal Astea, astebeteko jaialdia, txandaka hiriz hiri ospatzen dutena.
Aia, Orio eta Zarauztik
Etxetik abiatu eta 11.000 kilometro eginez Atlantikoa igarota, pasa den azaroan, Aia, Orio eta Zarauzko talde bat Euskal Herriko zortzigarren herrialdera joan zen: Argentinako euskaldunen diasporara. Ozeanoaren alde batetik bestera. Hemengo udazkenetik hango udaberrira.
2024an Bahia Blanca hirian ospatu zuten Semana Nacional Vasca, azaroaren 10etik 17ra. Hiri hartako Unión Vasca-Laurak Bat izeneko euskal etxeak 125. urteurrena (1899) bete zuen. Horregatik izan zen han festa, Soka Bera izenpean. Bertan elkartu ziren Argentinako euskal etxeetako euskal-argentinarrak.
Euskal Herritik joandako hainbatek ere parte hartu zuen euskal astean, kulturaren eta politikaren zenbait ordezkarik: Korrontzi taldeak, Xabier Aburruzaga eta Joseba Urrutia trikitilariek, EAJko Andoni Ortuzarrek eta EH Bilduko Marije Fullaondok... Han ibili ziren Vascos por el mundo telesaiokoak ere. Erreportajea urtarrilaren 19an eman dute. Astebeteko jaialdiaren programazioan ia denetik izan zen: pilota partidak, mus txapelketa, hitzaldiak, euskal abestien emanaldia, sagardoz betetako kupela, txotx, euskarazko mintzodromoa, pintxo-potea, eta batez ere, dantza. Festa ez zen mugatu euskal etxeko lau pareten artekora, hiriko zenbait txokotara zabaldu zen: danborrada ibili zen kalez kale, dantzaldia izan zen hiriko plaza nagusian, Korrontziren erromeria parkean, dantza emanaldia antzokian, eta igandean 800 bat bazkaltiar bildu zituen bazkaria, jaiari amaiera emateko.
2025ean Tandilen ospatuko da euskal astea; hango euskal etxearen ordezkariei arduraren lekukoa emateko baliatu zen bazkaria. Euskal asteak, berriro ere, euskal komunitatea trinkotzeko balio izan zuen, arbasoen aberriarekin bat egiteko erabakiari eusteko, milaka kilometrora dagoen Euskal Herriaren kultura lantzen segitzeko, eta iragana oroituz etorkizuna prestatzen jarraitzeko.
Zarauztar, oriotar eta aiarren taldean Susana Arrillaga zen beteranoa, Aian bizi den zarauztarra. Bosgarren aldia zuen Argentinako euskal astea ospatzen. Asko maite du jai hura, baditu motiboak: Bahia Blancako euskal etxeko trinketeak Marcos Eizagirre du izena. Markos Susanaren amonaren anaia zen. Haren anaia Luis joan zen aurretik, 15 urterekin, Txilera 1900ean, eta Bahiara 1913an. Han euskal etxearen lehendakaria izan zen. Markosek haren arrastoa segitu zuen 1920an. Pilotari handia izan zen han, horregatik haren izena hango frontoi-trinketeak.
Iñaki Anasagastik artikulu batean zioenez, Donostiako irazustatarrek ere pisu handia izan zuten Bahiako gizartean. Hango Euskal Etxeko areto nagusiak, dantzarako eta musikarako festa-gune izan zenak, Andoni Irazusta du izena, euskal etxearen historian egindako lanaren eta dedikazioaren aitorpen gisa. Urte askoan izan zen euskal etxearen lehendakari. Orioko hondartzako Mola-Mola tabernako Ainoa, Iker eta Xanti haren bilobak dira.
2024ko Euskal Astea
Bahia Blancako Union Vascako lehendakaria Iñaki Ederra da, Izabako jatorria duen euskal-argentinarra. Haren anaia Javier eta Itziar Irazusta emaztea Zarautzen bizi dira. 2021eko abuztuan Ederra Aiako Haize Berri tabernan zen, Susana eta Kristina Arrillaga ahizpa zarauztarrekin hizketan. Han bururatu zitzaien 2024ko Argentinako euskal astea Bahia Blancan ospatzea, hango euskal etxearen 125. urteurrena izango zelako, eta festara Korrontzi taldea eramaten saiatzea. Horrelaxe izan zen: festa Bahia Blancan, eta Korrontzikoak jaia alaitzen.
Euskal astean topaketa bitxiak gertatu ziren. Han zen Osintxuko Roman, txapela buruan, aspaldiko urteotan Argentinako mendialdean bizi dena eta euskal astera urtero doana, eta Euxebio Lasarteren laguna. Han zen Rafa Zulaika, egoitza Orion duen arraunlari beteranoen Badok13 taldearen ordezkari, FEVAko arduradunei egitasmo bat eskaintzen: 2026ko urtarrilean itsasaldi bat egitea traineru batean Argentinako zenbait itsas-portu lotuko lituzkeena.
Han ezagutu genuen Josetxu Arretxea, argentinar pilotarekin trinketean Argentinarentzat munduko txapelketa irabazitako pilotari ohia. Han zen Ainoa Irazusta, Mola-Mola tabernakoa, Argentinako senideekin elkartzea ospatzen, haien artean baita Ainoaren osaba Andoni Irazusta ere, 2024ko abuztuan Parisen ezinduen munduko binakako pala-txapelketan Argentinarentzat bigarren saria eskuratu zuen pilotaria. Han ezagutu genuen jatorria Ataunen duen Manu Irastorza gaztea, euskal etxeko Beti Aurrera dantza taldearen irakasle eta arduraduna. Euskaraz harrigarri ondo mintzatu zitzaiguna, baita hika ere; eta haren aita Horacio eta anaia Natxo ere bai, hirurak euskaradunak. Han aritu ginen euskaraz berriketan Orioko Olatz Zugastiren lehengusuen senide diren Arantxa eta Xabier Zubillaga euskal-argentinarrekin. Festara etorri zen, 92 urterekin, Lore Markiegi, Deban jaio eta 1938an, 7 urte zituela, ama eta bi ahizpekin itsasontziz 30 eguneko bidaian Argentinara joan zena. Lore Polentzi Markiegiren alaba zen, 1937an Debako alkate zela faxistek fusilatu zuten gizonarena. Lore emakume jator eta nobleak, bizitza osoa Argentinan eginda, ederki eutsi dio ama-hizkuntzari, eta euskal etxean euskara-irakasle ere ibili zen.
Festak jarraipena izan zuen Martin Azpirozen landetxean, 1913an hara joandako Ramon Azpiroz oriotarraren bilobarenean. Han elkartu ginen hogeitik gora euskaldun eta euskal-argentinar, hango haragiak el asado eran jaten, Xabier eta Joseba trikitilariekin kantuan eta dantzan… Han ziren Macachin hiriko euskal-argentinarrak, Argentinan euskaldunen kontzentraziorik handienetakoa duen hirikoak, Tandilekoekin batera Euskal Herrian bizi garenoi erregutuz esateko Benitori Argentinan ateak zabalik dituela eta joateko, zain izango dituela, joateko… Zenbat eta zenbat holako topaketa, astebeteko ospakizunetan!
Argentinatik Euskal Herrira
Azken urteotan aldatu egin da emigrazioaren norabidea: orain argentinar asko datozkigu Euskal Herrira, haien nazioko egoera politikoak eta ekonomikoak bultzatuta. Askok euskal jatorria dute, hemendik hara joandako arbasoen ondorengoak dira. Zarautzera eta Oriora ere etorri dira hainbat, Donostiara pila bat...
Horren adibide, aurtengo udan euskal-argentinarren topaketa berezia gertatu da: 26 urteko Manuela Azpiroz Argentinako Bahia Blanca hiritik Orioko hondartzako Mola-Mola tabernan lan egitera etorri da. Manuela Oriotik hara joandako Ramon Azpirozen birbiloba da, haren seme Hectorren seme Fernandoren alaba. Tabernaren oraingo nagusiak ere, Ainoa, Iker eta Xanti Irazusta anai-arrebak, euskal-argentinarrak dira. Hauek ere, Manuela bezala, Bahia Blancatik etorri ziren Oriora. Denak arbaso euskaldunen ondorengoak eta beren artean txikitako lagunak. Mola-Molaren aurretik, hondartzako errio aldeko taberna izan zuten irazustatarrek, Gure Aitona zuen izena, aitona gogoan.
2022ko martxoan ere antzekoa izan zen. Orduan, Manuelaren aita Fernando Azpiroz zenak antolatuta, Bahia Blancako Sociedad Sportivako errugbilari gazteak etorri ziren, tartean haren seme Patxi zela, eta zenbait errugbi partida jokatu zuten, eta Orioko hondartzan izan ziren ospatzen, eta barbaro pasatu zuten.
Gorabeherak gorabehera, Euskal Herriaren zortzigarren herrialdeak bizirik dirau. Sendo!