Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Euskal abestien abanikoa zabaldu da"

Dokumentuaren akzioak

"Euskal abestien abanikoa zabaldu da"

Egilea
Erkuden Ruiz Barroso
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Altsasu
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/05/24
Lotura
Guaixe
Irantzu Gonzalez Azpiroz dantzaria eta dantza irakasleak Musikaz blai euskal abestien zerrenda osatu du.

Irantzu Gonzalez Azpiroz dantzari eta dantza irakasleak Elaide Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuen 'Musikaz blai' egitasmoaren barruan, bere euskal abestien zerrenda osatu du.

Maiatzaren 30ean publikatuko da dantzariaren euskal abestirik gogokoen zerrenda elaide.eus eta guaixe.eus webgunetan, baita Beleixe irratian entzuteko aukera izanen da ere.

1. Nola jaso zenuen Musikaz blai egitasmoan parte hartzeko gonbidapena?
Momentu horretan Londresen nengoen, Royal Opera Housen The Royal Balleten trebakuntza batean. Izaskun Errazkin Beltza Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuko teknikariak deitu ninduen eta tartetxo txiki batez hitz egiten egon ginen, klaseen arteko atsedenaldian nengoelako. Proposamena luzatu zidan eta informazio guztia eposta bidez bidali zidan. 

2. Aurretik proiektua ezagutzen zenuen? 
Aurretik zerbait entzuna nuen, banekien zerbait egiten ari zirela, baina ez nuen oso presente. 

3. Eta zer iruditzen zaizu ideia? 
Oso ongi iruditzen zait, proiektu interesagarria da. Euskarazko musika eta abestiak bultzatzen ditugu. Bakoitzak gure gustuak erakusten ditugu eta besteei helaraztean talde eta abesti berriak ezagutzeko aukera dugu.

4. Musika zaletasuna duzu? 
Musika entzutea asko gustatzen zait, baina nire lanagatik hainbeste ordu pasatzen ditudanez musika entzuten, etxera iristen naizenean isiltasuna gustatzen zait. Baina, bai, musika gustatzen zait. Dantzagatik egun osoa pasatzen dugu musikarekin, abesti berriak bilatzen ditugu... 

5. Zein estilo gustatzen zaizu gehien? 
Egia esan, denetarik entzuten dut. Ez dut estilo jakin bat eta bakarra entzuten. 

6. Lanerako eta pertsonalak desberdintzen dituzu?
Klaseetarako musika mota bat erabiltzen dut eta gero etxean beste musika estilo bat entzuten dut. Baina denetarik entzuten dute ere.

7. Nolakoa da prestatu duzun zerrenda?
Zerrendan dantza eskolan entzuten diren abestiak daude, talde guztietan erabiltzen dituguna; Igonek, Leirek, nik eta irakasle guztiek erabiltzen ditugun kantak. Beraz, abesti aniztasun handia dago. Go!azenetik haur txikienei izugarri guztatzen zaiena, Bulego taldea, gazteen gustukoagoa dena... Denetarik. Batzuk dantzagarriagoak dira eta dantzatzeko erabiltzen ditugu, eta beste batzuk lasaiagoak dira eta luzatzeko erabiltzen ditugu, klasearen hasieran eta amaieran. Esaterako, Rozalenen Xalbadorren heriotzean abestiaren bertsioa helduen klasean askotan jartzen dut, eta disfrutatzen dute.

8. Zerrenda osatzea kostatu zaizu? 
Ez. Eskolan euskarazko musika erabiltzen saiatzen gara, bai klaseetan bai emanaldietan. Aukeratutako abestiak momentu honetan ezagunenak edo gehien entzuten ari direnak dira. Baina askoz gehiago ditugu ere. 

9. Nola ikusten duzu euskal musikaren mundua? 
Askoz aukera gehiago daude. Abanikoa izugarri zabaldu da. Duela zenbait urte euskarazko abestiren bat erabiltzen saiatzen ginenean ez genuen hainbeste aukerarik. Gaur egun, abesti asko erabil dezakegu gure dantza motarekin koreografiatu daitezkeenak. 

10. Dantza alde batera utzita, Irantzu Gonzalezi zerrendatik zein da gehien gustatzen zaizun abestia?
Rozalenen Xalbadorren heriotzean abestiarekin geldituko naiz. Abestia pertsonalki asko gustatzen zait, oso polita da, eta Rozalenen bertsioa... Horrekin geldituko nintzateke, baino gehiago daude.

11. Zein, adibidez?
Aukeratzea zaila da, baina beste bat esateagatik, Izaroren Paris abestia. Izaro ezagutzeko zortea izan nuen, eta abesti horri kariño handia diot.

Dokumentuaren akzioak