Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskadi Irratia

Dokumentuaren akzioak

Euskadi Irratia

AZKENA Iritzia

Egilea
Jose Inazio Ansorena
Komunikabidea
Argia
Mota
Kronika
Data
1999/12/19

Joandakoan, automobilean nindoala, azaroko 23.ean, hamazazpi urte bete zituela aipatu zuten eta aspaldiko istorio hori etorri zitzaidan gogora.
ORAIN dela hamazazpi urteko Santa Zezilia (1982-11-22) eguna zen, beraz. Donostiako Kontserbatorioko irakasleak -ni ere tartekoa nintzen garai hartan- gure patroiaren egunari dagokion bazkari legea betetzen ari ginen. Leku xaxtar samarrean, bide batez esango dut. Oraindik amaitu gabe gaudela, zerbitzarietako bat etorri zait, telefono dei bat dudala esatera. Hantxe joan naiz:



-Bai?

-Joxe Iñazio? Hi, Joxe Mari Otermin nauk.

-Zer da, Joxe Mari?

-Hi, badakik, Euskadi Irratia antolatzen ari gaituk eta Ramon Labaienek esan ziguk ongi legokeela garai bateko Euskadi Irrati klandestinoaren sintonia berbera erabiltzea, Historiaren ildoarekin bat egiteko.

-Ondo iruditzen zaidak. Eta?

-Horixe ba. Ea hi arduratuko haizen moldaketak eta grabazioak egiteko.

-Konforme. Noizko behar dituzue?

-Hor zagok ba koxka. Bihar goizean hasi behar diagu emititzen. Eta entzun behar den aurreneko doinua horixe duk.

-Joxe Mari, Santa Zezilia ospatzen ari gaituk.

-Dena prestatu diat: estudioa hartuta zagok eta hantxe zaudek hire zain Kaki Arkarazo eta Txomin Artola kitarrekin.

-(Etsita) Eta zein da Euskadi Irratiko sintonia zahar horren doinua?

-Bai, zera duk... Bizkaiko «Dantzari Dantzako» doinu ezagun hori...

-Zein?



Hainbat direnez, hasi naiz batzuk kantatzen eta azkenean Binangoarena kantatzean, ameto eman dio. Paperezko musuzapi batean idatzi ditut notak:



-Horixe duk.

-Ederki ba. Egingo dizkiat bertsio batzuk biharko.
HANTXE abiatu da Ansorena txikia estudio aldera, bere txistuak eta silboteak hartuta. Estudiora iritsi eta, esan bezala, Kaki eta Txomin biak nire zain, baita Angel González Katarain teknikaria ere. Nola edo hala, muturrak hausten, lortu dugu hogeita piku bertsio desberdin grabatzea. Batzuk kitarrez, besteak txistuz, pianoz beste batzuk, sinteez ere bai... Jator portatu ziren esandako hirurak. Hurrengo goizean, Euskadi Irratiaren aurreneko emisiorako prest zeuden sintoniak.
Hemendik aurrerakoa ez nuen neronek bizi, kontatu egin zidaten. Emititzen hasteko unea iritsi da eta Ramon Labaien gonbidatu dute noski. Jarri diote sintonia eta berak, harrituta:



-Baina hau ez da Euskadi Irratiko betiko sintonia.

-Zein da ba?

-Beste hau.
Eta ziztukatu egin omen zuen:
Hau ere, Durangaldeko «Dantzari Dantzako» doinuetako bat da. «Ikurrindunaren Zortzikoa» deitzen dena. Horixe behar zuen eta horixe izan zen urteetan Euskadi Irratiko sintonia, klandestinitate garaietan. Santa Zezilia egun batez, nik bazkalondo txarra neukalako, telefonoak tranpa egin zigulako edo Joxe Mari Oterminek belarri txarra izan zuelako, aldatu genuen arte. Eta zorioneko egun hartatik hemezazpi urte pasa dira. Bejondaiola!

Dokumentuaren akzioak