Dokumentuaren akzioak
Europarrak ere dantzatzen dira
Europako hainbat herrialdetako 75 lagun Basusarrin izan dira euskal dantzak ikasten
Jaialdi horren funtsa Europatik etortzen diren dantzazale horiei guztiei euskal dantzak erakustea da. Patxi eta Agnes Perez dantza maisuak Europan zehar zenbait bidaia egiten dituzte urtero euskal dantzak erakusteko asmoz, eta ikastaro horietan ikasi dituzten dantzek erakarrita ikasle askok uztailean Basusarrira etortzea erabakitzen dute. Batez ere, Frantziatik, Bretainiatik eta Italiatik etortzen direla ikasleak dio Perezek, baina kataluniarrak, galiziarrak eta abar ere izan dira noizbait. Patxi Perez bera harrituta dago aurten jaso duten ezusteko bisitari batekin: «Zeelanda Berritik etorri zaigu ikasle bat, Europako dantzak ikasi nahi dituela-eta uda osoa bidaiatzen igaro behar duen tipo bat da».
Aurten 75 ikasle inguru izan dira Basusarrin eta Arbonan eskolak jasotzen. «Aste bat egiten dute dantzak ikasten eta Euskal Herria ezagutzen». Egunean sei ordu egiten dituzte entseatzen, goiz eta arratsaldez.
Zentzu honetan, Xirimola elkarteak berrikuntza bat egin du aurten: «Badira ikasleak bigarren urtez etorri direnak dantza gehiago ikasteko asmoz, eta haientzat Hego Euskal Herriko dantzak ikas ditzaten beste urrats bat antolatu dugu. Lan horretan ari dira Itziar Ciria eta Vanesa Castaño Ereintza Dantza Taldeko dantzariak. Biak pozik mintzo dira haien ikasle berriekin: «Interes oso handia erakusten dute, eta ikasi ere oso azkar egiten dute». Dantzarako duten gogoarekin ere harritu samar daudela diote bi irakasleek, «izan ere, sei ordu dantzan... gu gihar minez josita gaude», diote irribarre artean. Bestalde, esperientzia interesgarria gertatu zaiela diote, eta ekimena txalogarria dela.
Erromeria Eguna eta Dantza Hadi elkarlanean
Dantza Hadi eta Erromeria Eguna jaialdiak egutegiko data bertsuetan egiten direnez, bi ekitaldietako arduradunek elkarlanean jardutea erabaki dute aurten. Hala, Europatik etorritako dantzazale guztiak gaur Errenterian izango dira aste batean ikasi dituzten dantza urratsak plazan erakusteko asmoz.
«Aurreko urteetan bisitaldi laburrak egin ditugu Errenteriara», dio Patxi Perezek, «eta guztiak oso-oso kontent itzuli dira etxera; aurten, berriz, egun osorako etortzea erabaki dugu, eta guztiek gustu handiz hartu dute gure proposamena». Perezek dioenez, kanpotarrak normalean harrituta izaten dira festa egiteko modu honekin, «arrotza gertatzen zaie, baina oso gustuko dute».
Lou Seriolen saio berezia gaur gauean
Basusarrin ikasle izan diren horiekin batera Okzitaniako Lou Seriol musika taldea ere etorri da Euskal Herrira. Folk eta rock musika uztartzen ditu talde horrek, eta gaur saio berezia eskainiko dute Erromeria Egunean.
Beren ohiko saioetan hainbat euskal dantza jo ohi dituzte. Batetik, kantu horiek eskainiko dituzte Errenterian, eta aldi berean Okzitaniako doinu herrikoiak ere bai.
Ostera, Lou Seriolekin Okzitaniako zenbait herri dantza ikasteko aukera ere izango da. Izan ere, taldekideen artean maisu bat heldu da, eta hark plaza osoa dantzan jartzeko asmoa du. Euskal Herrian Patxi Perezek eskaintzen dituen saioen antzekoa da Lou Seriolekoek egingo dutena.
Gainera, saioaren une batean Euskal Herriko eta Okzitaniako herri dantzen arteko truke interesgarria gertatuko da. Patxi Perezek aurreratu digunez, «bakarka egiten dudan saioaz gain gauean Lou Seriolekin ere jardungo dut, eta saioaren une batean bi herrialdeetako dantza maisuak elkarrekin irakatsiko ditugu dantzak, benetan interesgarria izango dela uste dut».
Euskaldunok ez ezik, europarrek ere gogoz egingo dute dantza, beraz.
Dokumentuaren akzioak