Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Europako neoklasikoa ardatz

Dokumentuaren akzioak

Europako neoklasikoa ardatz

Miarritzeko Maitaldia aitzineko urtekoak bezain aberatsa egiten saiatu dira, eta irailaren 11tik 20ra izanen da

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2009/06/27

Beste ezaugarri berezia Europako konpainien presentzia da. Europa iparraldekoa bereziki: Suedia, Herbehereak eta Alemania. Irailaren 11tik 20ra, egun bakoitza dantzari lotu bost bat ekitaldik josiko dute. Neoklasikoaz aparte izanen dela besterik azpimarratu dute antolatzaileek. Usaian bezain askotarikoa osatu nahi izan dute. Krisia ahal bezain guti sentitzeko ahaleginak egin dituzte. Diru eskasa saihesteko, Biarritz Balletak dantzaren munduan dituen harremanak baliatu dituzte, baita Malandainek berak duen fama ere. Maitaldia jaialdia bera jaialdi esanguratsua bihurtua izanak lana erraztu omen du, Jakes Abeberri jaialdiaren antolakuntzaz arduratzen den Biarritz Culture elkarteko lehendakariaren iritziz. Adibidez, jaialdiaren lehen egunean Midi geltokian ariko den Alemaniako Wiesbadengo konpainia. Balletaren landerra Akitania eskualdearekin senidetua izateak lagundu ditu. Das Auge Der Welt ekarriko du Lapurdira.

Jaialdira etorriko diren beste izen handien artean, beti Midi geltokian, Herbehereetako Nederlands Dans Theater konpainia dago. Aspaldian ekarri nahian aritu dira, baina orain arte ezin. Poz handi batekin aurkeztu du, beraz, konpainia Malandainek: «Arraroa eta izugarriko edertasunaren» jabe baita. «Haren bikaintasuna nehork ez du gainditua». Shoot the moon, Vanishing Twin eta 2nd person sorkuntzekin etorriko da.

Beste emanaldi berezia irailaren 11n izango da: Luc Pettonen konpainiak Le Guetteur aurkeztuko baitu, txoriekin batera. Bizi diren txoriekin 2004an abiatu La confidence des iseaux proiektuaren barne da dantza emanaldia. Txori eta dantzarien arteko solasa «magiaz» betea dela segurtatu du Malandainek. Txoriek lekuari egokitzeko gisan, hiru egun lehenago etorriko dira, marken hartzera. Obra honen bidez, hegaldiaren mundura sartzera gonbidatzen du koreografoak, txoriak aske utziz txori eta dantzarien arteko solasa irudikatzen duen mundura sartzera.

Beste izen handi bat ematekotan, menturaz, Suediako Operako errege-balleta izan daiteke, biziki gutitan ateratzen baita Suediatik. Mats Ek koreografoa bera Miarritzera etortzeko asmoarekin dago. Radis Noir eta Tableau perdu lanak ekartzekoak dituzte Miarritzera.

Gaztela eta Leondik (Espainia) Irailaren 15ean etorriko den balleta ere nabarmendu du Malandainek: Corella balleta. «Espainiako konpainia klasiko bakarra baita». Konpainiako buru Angel Corella American Ballet Teatreko izarra da.

Donostiako Musika Hamabostaldian ere parte hartzekoa dakonpainia, agorrilaren 20an eta 21ean. Orduan, La Bayadère interpretatuko du; Miarritzera, berriz, Bruch violon concerto n&fraq14;1, Don Quicote grand pas de deux, Clear, We got it good eta In the upper room ekarriko ditu.

Izanen da besterik. Konpainien artean, Euskal Herritik, Kukai, Maritzuli eta Ertza, besteak beste. Izanen dira baita haurrentzako emanaldiak, hip hop dantza oinarri duten sorkuntzak eta butoh dantza ere. Kanpoko errepikez gainera, usaian bezala, ikastaldiak, erakusketak eta dokumental proiekzioak ere barne izanen dira aurtengo ekitaldian.

Dokumentuaren akzioak