Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Europako folklorearen jaialdia Kuartangora itzuliko da asteburuan

Dokumentuaren akzioak

Europako folklorearen jaialdia Kuartangora itzuliko da asteburuan

Komunikabidea
Alea
Tokia
Kuartango
Mota
Albistea
Data
2024/10/14
Lotura
Alea
Folkirrikako aurreko edizio bat. Argazkia: FOLKIRRIKA

Folk musika eta dantza sustatzeko sortutako Folkirrika jaialdiaren hirugarren edizioa antolatu dute, urriaren 18tik 20ra, Zuhatzu-Kuartangoko bainuetxean.

Hiru egunetan zehar musika, dantza eta ikastaroen inguruan disfrutatzeko espazioak eskainiko ditu III. Folkirrika jaialdiak, Kuartangon. Lehenengo bi edizioen arrakastaren ondoren, hirugarren edizioa, iaz bezala, Zuhatzu Kuartangoko bainuetxean egingo dute, urriaren 18tik 20ra.

Europako herri ezberdinetako tradizioan oinarritutako dantza eta musikaren arteko topaketa da Folkirrika. Adin guztietako jendeari zuzendutako dantza eta zuzeneko musika saioak, eta taldeka zein bikoteka dantzatzen ikasteko ikastaroak ere izango dira. Zuzeneko musikak ere garrantzia handia hartuko du Folkirrikan.

Dantzatzen eta musika jotzen ondo pasatzeko jaialdiak egitarau zabala prestatu du. Hala, Balfolk dantzaren hastapen ikastaro batekin martxan jarriko dute jaialdia, urriaren 18an, ostiralean, 19:00etan. Ondoren, 21:00etan, kontzertuak hasiko dira. Ipar Euskal Herritik Itsasuko soinulariak arituko dira oholtza gainean publikoa dantzarazten, baita L’air inconnu hirukote frantziarra ere.

Ikastaroak eta hitzaldiak, larunbatean

Larunbatean, urriaren 19an, yoga saioarekin argituko dute eguna parte hartzaileek, 10:00etan. Eskulanak izango dira txikientzako, 11:00etan; eta ordu berean, egitarauaren lehen solasaldia hasiko da: Komunikazioa eta espresioa bikote dantzetan bost dimentsioez titulupean. Halaber, goizean zehar, Bourre dantzaren egiturak eta Frantziako beste dantza batzuk ere aztertuko dituzte. Gainera, goizean zehar, jauzien tailerra, Bretainako dantzak, eta fandango eta arin-arin hastapena izeneko lantegiak eskainiko dira. 

Arratsalde partean, hiru hitzaldi izango dira. 15:45ean, Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko: Dantzatzen duen herria gara?; 17:30ean, Nola gozatu dantzaz zailtasunen gainetik? Dantzari frustratu bat ez bilakatzeko teknika; eta 19:00etan, Albokaren Tra (d)izioa(k), hitzaldi musikatua. Balfolk hastapena eta familia dantzaldia ere izango dira; eta gaueko kontzertuan Galizako Obal taldea eta Suitzako Grand Balthazar izango dira protagonistak.

Igandean, azken egunean, goiz partean, hogeita hamar bat urte euskal dantza folklorikoaren irakaskuntzan daramatzan Izaskun Iturri Agirrek saioa eskainiko du, 11:30ean. Itxiera dantzaldia 13:30ean hasiko da, eta Baladans Kantabriako taldeak zuzenduko du.

Dokumentuaren akzioak