Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Europako eta Ekialde Hurbileko kulturen doinuan izanen da gaur Maitaldia

Dokumentuaren akzioak

Europako eta Ekialde Hurbileko kulturen doinuan izanen da gaur Maitaldia

Faizal Zeghoudi konpaniak bi obra artistikoki engaiatuak eskainiko ditu

Egilea
Celine Mounole
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2001/09/20

Faizal Zeghoudi dantzari egiptoar-aljeriarra gau honetan arituko da bere konpaniarekin Miarritzeko Koliseoan, bederatzi orenetan . «Miarritzen eskainiko dugun agerraldia bi unetan iraganen da, bi ikusgarri labur emanen baititugu. Obra horiek, L’ému de l’horizon eta Cantate profane deituak, biziki engaiatuak dira, hots nire lan guziak bezala», Faizal Zeghoudik azpimarratu duenez. Gazte batek gizon bilakatzeko aitarengandik iniziazioa nola jasotzen duen kontatzen du lehen lan horrek. «Gaztea hain goiz heldutzat hartzeagatik izan daitezkeen zailtasunak eta minak azpimarratzen du dantza horrek», Zeghoudiren arabera. Bigarrenak, aldiz, gizakiaren askatasunaren eta jatorrizko araztasunaren beharra aldarrikatzen du.



«Nahiz eta jatorriz egiptoar-aljeriarra izan, Frantzian sortu naiz», erran zuen atzo koreografoak, «eta nahi eta nahi ez, Europakoa nahiz Ekialde Hurbilekoa naiz. Nire dantza eta nire koreografiak bi mundu horien topaketaren emaitza dira. Hain zuzen ere, bi kulturen iturrietarik edaten dut, eta nire koreografietan agertzen diren urratsak eta ibilerak bi kulturen nahasketa baizik ez dira».



Faizal Zeghoudik bere konpainia 1995ean sortu zuen, koreografia sari bat lortu eta. Ordu arte, psikologiako ikasketa luzeak eraman zituen, eta telebistako emankizunetan aritu zen dantzari garaikide gisa. «Ezohiko konpainia muntatu nuen. Izan ere, nire dantzariek eta hirurek ez genuen prestakuntza klasiko eta garaikiderik jaso. Guk konpainiaren hastapenetik dantzaren eta mugimenduen kontzepzio berezi bat defenditu dugu. Emeki-emeki gure lekua egin dugu dantzaren munduan, baina ez da erraz izan», Zeghoudik esplikatu duenez.



«Koreografiak musikak hautatu aitzin idazten ditut. Izan ere, lehenik, mugimenduak lantzen ditut eta, gero, sorkuntza lana egiten dut. Salbu behin, beste kasu guzietan musika azkenik eginarazi dut, aurkitu bideen arabera» koreografoak azaldu duenez. «Nire estiloari dagokionez, erran nezake eguneroko dantzaren koreografoa naizela. Dantzarien gorputzek eguneroko ibilerak bereganatzen dituzte eta horrela, itxura isurkorragoak dituzte dantzan», azpimarratu duenaren arabera. Nahiz eta Faizal Zeghoudi konpainia emazte batzuek osatzen duten, koreografoak gizon dantzariekin lan egiten gehienbat du, adierazi duenez. «Nahiago dut gizonekin lan egin, nire dantzen gaiek gizonen oinazea hunkitzen baitute askotan».



Faizal Zeghoudik mezuak pasarazi nahi ditu dantzaren bitartez. Askok diote artista probokatzailea dela, eta horrek du bere fama egiten, ona edo txarra izan dadin. «Artista biziki engaiatua naiz, artista militantea alegia. Mestizaje kulturalaren aldekoa naiz. Ez da kultura bat baizik izan behar Europan. Horretarako dut nire kultura babesten. Guk, artistek, ez badugu deus aldarrikatzen eta salatzen, injustiziaren kide bilakatzen gara», erran zuen bestalde.



Goiz honetan, Miarritzeko baletak ikusgarria eskainiko du 11:00etatik aitzina baratze publikoan.

Dokumentuaren akzioak