Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Europako dantzari gazteentzat oholtza

Dokumentuaren akzioak

Europako dantzari gazteentzat oholtza

Europako balet gazteen lehen topaketak antolatu dituzte Donibane Garazin, Donostian eta Miarritzen

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Erreportajea
Data
2008/03/28

Dantzari profesionalak bilakatzeko bidean diren 60 bat gazte topatuko dira Trans Danz jaialdian, apirilaren 7 eta 13 bitartean, Euskal Herriko hiru herritan: Miarritzen, Donostian, eta Donibane Garazin. Europako dantzari gazteei beren lehen jaialdia eskaini nahi izan diete Biarritz Culture, Dantzaz eta Scene de Pays Baxe Nafarroa erakundeek.

Aste batez, lau konpainiek trukatuko dituzte jakintzak, kulturak, antolatuak dauden tailer eta klaseen bidez, bai eta ikusgarrien bidez ere. Genevatik (Suitza), Cannestik (Frantzia), Toskanatik (Italia) eta Miarritzetik (Lapurdi) datoz lau balet gazte konpainia. «Egia da guretik abiatu garela jaialditxo hori antolatzeko», azaldu du Filgi Claveriek, Dantzaz erakundeko zuzendariak. «Miarritzen, balet gaztea daukagu, eta horrek zabaldu dizkigu ateak. Gero, beste konpainiei, beste dantzari gazteei, aukera berezia eskaini nahi izan diegu».

Lau irakasle gonbidatu dituzte antolatzaileek, tailerrak eta klaseak animatzeko: Urtzi Aranburu, Dominique Dreyfus, Hilde Koch eta Josu Zabala. Miarritzeko Kasinoan eginen dira lehen tailer publikoak, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, berriz, apirilaren 10ean, ostegunez.

Dantza ikusgarriak, berriz, apirilaren 12 eta 13an daude, Miarritzeko Kasinoan. Miarritze, poliki- poliki aitzina doana, Euskal Herriko dantzaren hiriburua ametsari buruz. Eraikuntza horren maila berria altxatu du Trans Danzekin.

 

Adriana Pous Balet Biarritz Gaztearen arduraduna

«Perfekzioa eskatzen diegu, eta hori dantzari gazteentzat ez da erraza»

X.A.

Miarritze

Dantzari ibilbide aberatsa du Adriana Pousek. Urugaiarra munduan zehar ibili da, dantza konpainia anitzetan. Gaur egun, Balet Biarritz Gaztearen arduraduna da, Thierry Malandain koregrafoarekin batera, bai eta Dantzaz, Miarritzeko dantza garapeneko erakundeko burua ere.

Nolako dantza eskolak daude, gaur egun?

Bi eratakoak daude. Fama handiko eskolak, kontserbatorio ezagunak dira lehenak. Besteak, dantza konpainia profesional bati lotuak dira, Miarritzen bezala, eta balet gazteak deitzen dira. Anitzetan, harrobia, eta, beraz, dantzari iturria da konpainiarentzat. Baina gaztea beste talde batera joaten ahal da, profesional gisa, lana aurkitzen baldin badu.

Eta balet konpainia gazteek, ikusgarriak eskaintzeko aukerak badituzte?

Anitz dauzkate. Baina, kontserbatorioetan, adibidez, urte batez prestatzen da ikusgarria. Eta ikusgarri hori behin baizik ez dute emanen. Horretan da profesionalekin ezberdintasuna. Dantzari profesionalek, ikusgarri bat prestatzen dute, gero munduan zehar emanaldiak eskaintzeko. Urteak irauten ahal duen ikusgarriak dira. Baina aberastasun hori dastatzeko aukerarik ez dute dantzari gazteek.

Orduan, Miarritzen, Donostian eta Donibane Garazin antolatua den jaialdia aukera paregabea da haientzat, ezta?

Oparia da. Horrelako esperientzia bizitzeko aukera bakarra. Goiko mailara igotzeko aukera. Dantzaria oholtza gainean baizik ez da handitzen. Eta Euskal Herrian Miarritzek eskaintzen duen dinamika hori baliatu behar dugu. Miarritzen da konpainia profesional bakarra. Hego Euskal Herrian, ez dago horrelako bizitasunik. Poliki- poliki pizten hasten dira gauzak, koregrafoen bidez eta. Baina ez da konpainiarik. Eta dantzari gazte hoberenak, Madrilgo kontserbatoriak irensten ditu, gehienetan. Baina pixkanaka ari dira Europara eta Iparraldera begiratzen.

Zu dantzan ikasten ibili zinen garaitik, zer aldatu da irakaskuntzan?

Dantza estilo anitz daude orain, eta dantzari gazteak menperatu behar dituenak, batez ere estilo garaikideak. Eta ikaragarri fite asimilatu behar dituzte. Guk klasikoa ikasten genuen lehenik, eta garaikideak berantago. Gaur, denetan bezala da: irudiak du garrantzia, eta ikusgarria izan behar du. Horregatik, fite ikasi behar dituzte gauzak. Gero, gaurko dantza irakasleek ikasketak jarraitzen dituzte, eta pedagogiari gehiago zabalduak dira. Lehengo irakasleek krudelak izaten bazekiten.

Dantzari profesionala izan nahi duen gazteak, ibilbide zailetik pasatu behar du?

Dantza ikaragarri zorrotza da. Zinez bihotzean izan behar da dantza profesionala izateko. Ikaragarriko indarrak egin behar dira, azkenean minutu batzuk lortzeko oholtza gainean. Hori biziki zaila da. Eta perfekzioa galdetzen diegu dantzariei, eta hori, gaztearentzat, ez da erraza. Dantzatzeko plazerra ez baita aski.

Zer da dantzari gaztearen xarma?

Freskotasun hura. Energia hura. Gero, bakoitzak lortu behar duena, oholtza gainean argia harrapatzea da. Beste dantzariek baino gauza bat gehiago izatea.

Baina taldeak zer garrantzia du, beraz?

Ikaragarria! Hori da paradoxa. Taldea beharrezkoa da bakoitzarentzat. Taldeko bizia ere ikasi behar dute, gero, biretan eta, beharrezkoa izanen baitzaie. Bizia partekatzea ikasi behar dute. Gero, taldearen konzientzia izan behar du bakoitzak, aitzina jarraitu nahi badu. Eta irakasleak jakin behar du bakoitzaren urguilua menperatzen. Harrokeri hura, ahal horiek, ikusgarria hobetzeko baliatu behar ditu. Ikusgarri batek gorputza eta izpiritua behar ditu, ederra izateko.

Dokumentuaren akzioak