Dokumentuaren akzioak
Europako 'break' dantzarik onena Bilbon
Bartzelona, Londres, Granada, Lyon, Paris eta Cahvannesko zazpi talde Euskalduna jauregian lehiatuko dira etzi
2002an antolatu zuten lehen aldiz aretoko break dantza lehiaketa Elorrion, eta iaz errepikatu egin zuten. Aurreko bi ekitaldietan 400 ikusle sartu eta beste 300 kanpoan gelditu beharren gertatu zirelako erabaki dute aurten Euskalduna jauregian egitea, 2.000 lagunentzako tokia baitago bertan. Euskal Herriko talderik ez da ariko etzi Euskaldunako oholtza gainean. Etorriko diren zazpiak, «Europan punta-puntakoak» direnak izango dira: Bartzelonako Addictos eta Boogie Bastards taldeak, Parisko Frantastik armada, Lyongo Pockemon, Chavannesko Deep Trip, Londresko One Motion eta Granadako Totales taldea lehiatuko dira.
'Break dance'-aren talde izaera nabarmenduz
Break dance-a normalean pertsona bakarrak egiten duen dantza da baina jaialdiaren antolatzaileek «dantza horren talde izaera» nabarmendu nahi dute, eta horregatik lau edota sei lagunek osatutako taldeek soilik hartu ahal izango dute parte bertan.
Taularatzea eta koreografia norgehiagoka artistikoa baino gehiago baloratuko dute epaimahaikoek. Horregatik, beren koreografiak osatzeko, agertokiko bitarteko tekniko guztiak taldeen eskura izango dira; argiztapenaz, soinuaz eta efektu bereziez baliatzeko aukera izango dute. «Gaur egungo estetika baten alde egiten dugu apustu, bideo jokoaren eta bideo-kliparen mundura hurbilduz».Talde koreografia, ariketaren zailtasuna, koreografiaren sormena eta baliabide eszenikoen erabilera epaitzeko lanetan hiru aditu ariko dira etzi: Laura Etxeberria Bilboko Fundicion aretoko zuzendaria, Carlos Gil antzerki kritikaria eta Storm break dantzari alemaniar prestigiotsua. Break on stage 04 lehiaketa gazteei zuzendua dago bereziki, «ikus-entzunezkoak eta hip-hopa jarraitzen dituztenentzat» izango da. «Ikuskizunak hip-hop mugimendua ekimen sortzaile, kultura eta dibertigarri gisa ulertzen duten pertsonei iritsi gura du», antolatzaileen hitzetan.
Sortzez, 60ko hamarkadan sortu zen break dantza, kalean, hip-hop kultur adierazpenaren inguruko dantza modalitate moduan.
Dokumentuaren akzioak