Dokumentuaren akzioak
Europa erdia Errenterian dantzan
Basusarriko dantza ikastaroan parte hartu duten 70 atzerritarrek animatu zuten atzo Erromeria Eguna
Adin guztietakoak ziren. Amona eta aitona itxurako batzuk ere bai tarteka; haien artean Storey Rae izeneko Zelanda Berriko emakume bat. Gehienak okzitaniarrak eta beste batzuk piamontesak. Zortzi egun egin dituzte Basusarrin Patxi Perez eta Agnes bere emaztearekin euskal dantzak ikasten eta atzo egun osoan sekulako erakustaldia egin zuten.
Hamaikak eta erdiak aldean lau bat taldetan banaturik kalejira egitera atera zirelarik, talde horrek erakarri zuen gehiena jendearen arreta. Bazegoen tartean mutil gazte bat fandangoak eta arin-arinak estilo apartekoarekin egiten zituena. «Ai ama! ez da sinestekoa ere», esaten zion soinuarekin kalejiran zebilen Edurne Iturbek bere pandero-jotzaileari, Oihane Irastorzari.
Patxi Perezek argitu zigun miraria. «Frantziako Tolosakoa da eta hirugarren aldiz etorri da ikastarora. Nik ezin diot askoz gehiago erakutsi. Baina badira beste batzuk astebete bakarrik egin eta oso ondo ikasi dutenak ere». Kalejira horretan bertan zihoazen Alaitz eta Maiderrekin batean gaueko dantzaldia animatzera etorritako Lau Seriolgo kideak. Bezperan Basusarrin egin zen "Dantza hadi" jaialdi bukaerako ekitaldian jo omen zuten, baina ez zitzaien antzematen. Sasoiko zeuden eta umoreko. Okzitaniako piezak jotzen zituzten eta tarteka fandangoak eta arin-arinak ere bai. Kalejira horretan zihoazen Beltran eta Astiazaran trikitilariak ere. «Urtero egiten ditugun ikastaroak kontatu zidan Patxi Perez dantza maisuak. Ereintza taldetik Ixiar Ziria eta Vanesa Castaño izan dira aurten Hegoaldeko dantzak erakusten. Guk, Agnesek eta biok, larrain-dantza, mutxikoak, Lantzeko Inauteria eta beste hainbat erakutsi dizkiegu». Patxi eta Agnes hamar urte omen dabiltza dantza-maisu dantza taldeetan lanean. Profesionalak dira. Aste honetan bertan, Moulins herrian egingo den 2.000 dantzariko jaialdira joango dira. Nola da liteke astebetean arin-arina ikastea? «Hori euskararekin bezala da. Nik ezagutzen dut japoniar bat euskara garbian hitz egiten duena eta beste batzuk ez dute fitsik ikasten. Dantza maite dutelako ikasten dute hain azkar. Nik ikusi dut Turinen gazte bat euskal dantzak primeran dantzatzen», erantzun dit Patxik. Tartean badira bretoiak, Nizako bat eta bada Zaragozako bat ere, Javier Gracia, trikitia jotzen ikasi nahi duena. «Nik soinu diatonikoa jotzen dut. Aragoi aldean zabaldua dago oso, gutxik jotzen badute ere. Ixorrai folk-rock taldeak jotzen du. Euskal dantzen ikastaroan izan naiz bizpahiru urtetan eta trikitia ikastekotan nabil. Xabier Egurrola izeneko bat Zaragozan bizi dela esan didate», esan zigun zaragozar bitxiak.
Bostehun herri-bazkarian, milaka erromerian
J. A.
ERRENTERIA
Ereintza Dantza Taldeko antolatzaileak pozik zeuden laugarren edizioarekin. «Azken bi urteotan euria izan dugu eta karpa bat jartzeko erabakia hartu genuen. Gaur ez da karpa beharrik izan. Eguraldiak majo lagundu digu eta horrek beste itxura bat ematen dio egunari», zioen Jon Maiak, aurreskulari txapeldun eta Ereintzako dantzariak.
Bostehun lagun bildu ziren arratsaldeko ordu bietan bazkaritara. «Sarrera guztiak saldu dira eta jendea kanpoan utzi behar izan dugu», jarraitu zuen Jonek.
Arratsaldeko lauretatik aurrera, musikariak kiroldegiko mahaien artean beren txokoetan egokitu eta oso giro polita jarri zuten. Ez zuen geroztik giroak behera egingo.
Seiak aldera hasi zen Zumardian erromeria, jendetza ederrarekin. Trikitilariek hasi zuten saioa. Edurne Iturbe, Laja eta Mamen Maltzeta ziren soinuekin, eta beren pandero-jotzaileak, Landakanda izan ezik, ezin izan baitzuen joan. Beltran eta Astiazarandarrek jo zuten ondoren, Alkarkide txarangak gero. Ibon Koteron, Uranzu dultzaineroak, Ereintzako Txistulari Taldea eta txalapartariak izan ziren segidan.
Atsedenaldi baten ondoren hasi zen gaueko dantzaldia. Lou Seriol talde okzitaniarra zen gaueko hamaiketatik aurrera jotzekoa eta Alaitz eta Maiderrek hartu zuten lekukoa goizeko ordu bata aldera.
Festak goiz aldera arte iraungo zuen. Ordurako Basusarritik goizean goiz hain gogotsu etorritako Europako euskal dantzariak lotan izango ziren, Arbonako beren ostatuan.
Dokumentuaren akzioak