Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Europa Danse akademiako dantzari gaztetxoak Miarritzen izanen dira gaur

Dokumentuaren akzioak

Europa Danse akademiako dantzari gaztetxoak Miarritzen izanen dira gaur

Estilo anitzeko zortzi lan eskainiko dituzte Kasinoan

Egilea
Celine Mounole
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Miarritze
Mota
Bat
Data
2001/09/09

Gau honetan Europa Danse taldeak agerraldia eskainiko du Miarritzeko Kasinoan, bederatzi orenetan. Jean-Albert Cartier Parisko Operako zuzendari ohiak zuen muntatu akademia hori, 1999an, Grassen, Itsas Alpeetako herrian. «Ohartu nintzen hutsune handia zegoela dantzariek ikasten duten eta lan profesionalean sartzen diren uneen artean. Beraz, akademia horren muntatzea erabaki nuen dantzariak lanean has zitezen laguntzeko», azpimarratu du Cartierrek.



Akademiak 30 bat dantzari elkartzen ditu, uztailean eta hilabete batez lan sakona eramaten dute, agorrilaren 15a arte. Hortik aitzina, konpainiak 20 bat agerraldi eskaintzen ditu Europan zehar, urri erditsu arte. «Dantzariak 17 eta 21 urte artekoak dira, eta gehienek beren biziko lehen kontratua izenpetzen dute gurekin. Akademiari esker, beste konpainiek begiztatzen dituzte eta kontratu luzeagoak proposatzen dizkiete», zuzendari artistikoak dioenez.



Akademiako irakasleak hoberenetarikoak dira. Izan ere, Monique Loudieresek, Parisko operako izarrak, masterclass delako klaseak ematen ditu, baina Ricardo Nuñez Kubako baleteko dantzari ohiak, Georges Garciak eta Irene Milovanek ere irakasten dute. Bestalde, koreografoak etortzen dira maiz dantzariekin beren koreografien lantzera. Adibidez, aurten Joey Mac Kneely koreografoak bere New York deitu ikusgarria erakutsi die dantzariei.







Koreografien aniztasuna







Zuzendari artistikoak hautatu koreografiak oso zabalak dira. Balanchine, Mats Ek, John Neumeier, Ohad Naharin, Blance Li ala John Butler koreografoen lanak erabiltzen dituzte ikusgarrien antolatzeko. «Egitaraua, dantzariei irakatsi nahi dizkiegun oinarri anitzen arabera moldatua da. Horregatik ikusgarri zabala dugu».



Gau honetan ikusgarria zortzi unetan iraganen da, zortzi koreografia labur aurkeztuak izanen baitira. «Besteak beste, Montalvo-Hervieu, Nacho Duato eta Jiri Kylian koregrafoen obra neoklasikoak taularatuko ditugu. Lehen ikusgarriñoa, neskek puntten gainean emanen dutena, Ivan Clusine koreografoaren obra klasikoa da, Suite de danses. Azkena, aldiz, komedia musikal baten antzekoa da», azaldu du Jean-Albert Cartierrek.



Goiz honetan, bestalde, Faizal Zeghoudi konpainiak bihar emanen duen ikusgarriaren errepikapen publikoa eginen du baratze publikoan, 11:00 orenetan.



akademia







Ikasteko eta bidaiatzeko aukera paregabea







«Europa Danse taldean sartzea zinezko xantza eta aukera da», Jean Albert Cartierren arabera. Baina akademian hartuak direnak dantzari hoberenak dira, eta kontserbatorio eta eskola hoberenetarik heldu dira. Cartierrek zuzentzen duen epaimahaiak ditu aukeratzen. Aurtengo dantzariak Europako zortzi zokotatik datoz. Bidaiak, hotela, janaria eta errepikapenak ordainduak zaizkie eta 9.000 liberako diru laguntza ukaiten du dantzari bakoitzak. Bestalde, klase pribatu eta kalitatezkoak edukitzen dituzte egunero.

Dokumentuaren akzioak