Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euriaren doinuan dantzan

Dokumentuaren akzioak

Euriaren doinuan dantzan

Erromeria Eguna

Egilea
Ainhoa Oiartzabal
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Errenteria
Mota
Kronika
Data
2001/07/15

Erromeria Egunean, dantzaz gainera, beste ohitura bat ari da gailentzen: euria egitea. Hala ere, ezin izan zuen ito Errenterian bildutako ehunka dantzari eta musikarien dantzarako gogoa. Ereintza dantza taldeak hirugarren urtez jarraian antolatutako Erromeria Egunera bertaratuak ziren. ´Goizetik gauera ariko gara dantzanª, zioten Oriotik etorritako 25 ´dantzari afizionatukª. Hain zuzen, I. Erromeria Egunerako dantza ikastaroa egin zuten duela hiru urte. Gipuzkoako beste zenbait herritako dantza taldeez gainera, euren kabuz etorritako lagun asko elkartu ziren Errenterian, gehienak noizbait dantza talderen batean edo dantza txapelketetan ariturikoak.



Goizeko 11:00etan abiatu zen eguna, trikitilariek, dultzaineroek, txistulariek eta bestelako musikariek gidatu zuten kalejirarekin. Pasaiako Alkarkide txarangakoak gustura zebiltzan zeregin horretan: ´Gure kontura, nahiko anarkikoak baikaraª. Kalejiraren ondotik, beren lekutik mugitu ziren jantziak txukuntzen gelditu ziren eguerdian Zumardiko plazan. Jarraian, Txorimaloak trikitilari taldearen doinuak dantzatzera igo ziren, besteak beste, Hernaniko Sarriegitarrak, Patxi Perez bere emaztearekin, eta Portugal eta Galiziako dantzari eta musikariek osaturiko Corderoda dantza taldea. ´Talde horrek parte hartzea ezusteko atsegina izan da. Frantziara bidean zihoazela gelditu dira hemenª, azaldu zigun atzoko eguna koordinatzen lanpeturik zebilen Jon Maia dantzariak. Espero zuten jendea etorri zelako eta herritar ugari bildu zelako pozik zegoen Ereintza taldeko dantzaria.



Jantzi dotoreak euripean



Iaz bezala, eguerdian hasi zuen euria. Dantzariek eta zaleek Zumardin paraturiko karparen azpian hartu zuten aterpe, baina berehala busti zen hango zorua. ´Larruzko abarkak dituenak tentuz ibili beharko du!ª, zioten dantzari oriotarrek. Oinetako eta soineko ederrak zeuzkaten jantzirik Pat, Koro, Maribi eta Milak, baita Errenteriako Iraultza dantza taldeko Ramon Garciaren gomendioei jarraiki soinekoak egin zituzten Ixiar, Nerea eta Amaiak ere. ´Lehendabiziko Erromeria Egunerako egin genuen dantza ikastaro bat. Ikasitakoa plazaratu eta antzinako ohiturekin jarraitzeagatik gaude hemenª, adierazi ziguten, kiroldegian 450 lagun elkartu zituen bazkaria joan aurretik.



Ekitaldi nagusia arratsaldean izan zen: erromeria. Patxi Perez eta Ruusinholek eskainitako saioa izan zen originalena: besteak beste, Okzitaniako dantzak irakasten jardun zuten. ´Jendeak mugitu nahi du, baina ez daki deus ereª. Horregatik aritu zen Perez dantza pausoak irakasten.



Juan Mari Beltran eta Astizaran anaiek dultzainarekin eta trikitixarekin eskaini zuten emanaldiak garai batean bai Euskal Herrian bai Europan egiten zen musika ekarri zuen Errenteriako plazara. Fandangoak, pasodobleak, jotakÖ doinu askotan mugitu zituzten oinak eta gerriak dantzariek.



Beste herrietakoek errepikatzea nahi ´Ereindako hazia fruituak ematen ari da, jendeak dantzarekiko interesa agertu baituª, azaldu zigun Ereintzako lehendakari Pello Ibargurenek. Egunaren balorazio ona egin zuen: ´Batik bat, eskualdetik etorri da jendea, baina ezin da gehiago eskatuª. Antzeko ekintzak beste herrietan antolatzea ideia egokia da, haren ustez. Dantza egiteko ohitura galdua pizten Euskal Dantzarien Biltzarrak eginiko ahalegina eta herriko ikastaroak goraipatu zituen.

Dokumentuaren akzioak