Dokumentuaren akzioak
Eulia ikuzgailuan
Kritika-Dantza
Euli baten burrunba apalak girotu ditu Sol Picoren emanaldiaren aurreko
minutuak. Taula gainean era askotariko gauzak ikusten ziren -sofa bat,
armiarma itxurako bi lanpara handi eta arropa-garbigailu bat bereziki-
eta emanaldia hasi denean lau musikariak eszenako bazter banatan jarri
dira, oso modu grafikoan adieraziz beren rock abstraktu eta ahalmentsuak
dantza ez ezik den-dena blaitu, zipriztindu eta kutsatuko zuela.
Hasierako pasarteak nahasiak eta gogorrak egin zaizkit, hain
ziren indartsuak jantzien zuri-beltzeko diseinua, kontzesiorik gabeko
estetika, inpaktu handiko musika eta dantzaren hizkera kementsua...
Ikusle moduan, ikuskizunetik kanpo geratzeko zorian ibili naiz une
batez, baina laster harrapatu nau Pico eta Rocomararen artean osatu den
dantza bikotearen estilo bikainak. Lehen eszena haietan Picok enfant
terrible baten itxura hartu du -erdi inuzentea erdi maltzurra-
bere txirikorda luzearekin eta takoi puntadunekin, eta Rocamorak
artegagarri jokatu du, haren gorputza panpina bat balitz bezala
maneiatuz eta bien arteko ariketa bortitzekin itzelezko malgutasuna eta
energia erakutsiz.
Airean dantzan
Hortik aurrera, benetan, denetarik gertatu da: bi dantzariek
mugimendu sinkopatuen segida frenetikoak burutu dituzte, Picok sesio
dibertigarri txikiak izan ditu bere gorputzarekin, teknikariaren izaera
mexikarra leku askotatik agertu da eta berarekin ere dantzatu dute,
atzeko pantailan proiektatuko irudien bidez airean dantzatzearen ilusioa
sortu da, bi gizonek errusieraz eta frantsesez abesturiko tango bat
dantzatu dute, eta une jakin batean Pico ikuzgailuan sartu, han
desagertu eta bertatik beste arropa batekin irten da. Hala ere, punturik
gorena guztia oholtza flamenko bihurtu denean gertatu da, eta marko
horretan punten gainean eskaini digun zapateatuak surrealismoaren marka
guztiak gainditu ditu. Ordurako, jakina, Sol Picoren eta bere taldearen
jarraitzaile sutsu bihurtuak ginen guztiak.
Dokumentuaren akzioak