Dokumentuaren akzioak
Etxekoen dantzak kanpoan alabantzak
Euskal Herriko hainbat lekutan ospatuko da Dantzaren Nazioarteko Eguna gaur, baina euskal dantzari gehienek kanpora joan behar izaten dute oraindik ere profesional gisa lan egitera.
Euskal Herrian aurrenekoz dantzatu zuen igandean Iratxe Beorlegik (Donostia, 1975). Donostiako Viktoria Eugenia antzokian dantzatzea zuen amets, eta 32 urte izan arte itxaron behar izan du hura gauzatzeko. Mexikoko Dantza konpainiako lehen dantzaria da Beorlegi. Jaso berri du Gipuzkoako Dantzari Profesionalen elkarteak urtero eman ohi duen ibilbide artistikoaren saria. «Oso gustura» dago etxera itzuli eta saria jaso duelako: «Kanpoan hainbeste urtez egon ostean eta hainbeste lan eginda gero saria jasotzeak ilusio handia egiten du».
Miarritzera etorri zen Mexikoko Dantza Konpainia 1996an, eta Beorlegi berak audizioa eskatu zien -Euskadiko Baletean zebilen 14 urte zituenez geroztik-. Ikusi zuten dantzan eta segituan eskatu zioten Mexikora joateko. Gogorra egin zitzaion Mexikorako bidea. 21 urte zituen: «Konpainia handi batera moldatzeaz gain, munduko hiri handienetako batera moldatu behar izan nuen. Shock bat izan zen. Hasieran asko kostatu zitzaidan, baina pixkanaka egiten zoaz». Mexikoko Dantza Konpainian sartu eta bi urte geroago dantzari bakarlari izendatu zuten.
EGITURA FALTA EUSKAL HERRIAN. Amerikako Estatu Batuetan, Mexikon, Erdi-Aldeko Amerikan... Asko bidaiatu ohi du konpainiarekin, eta Euskal Herrira Gabonetan soilik etorri ohi da, «familia bisitatzera». Euskal Herrian konpainia gehiago ez izatea -Biarritz Baleta soilik dago egun- «penagarria» dela, eta euskal dantzari profesionalek kanpora joan beste biderik ez dutela uste du Beorlegik: «Kalitatea soberan dute euskal dantzariek. Dantzari mordoa ari da lanean atzerriko konpainia garrantzitsuetan eta horietako asko bakarlari dira gainera. Konpainia handi bat sortzeko ahalegina egin behar lukete agintariek».
Urtzi Aranburuk (Donostia, 1972) hamabost urtetik gora daramatza Herbehereetan, Netherlands Dance Theater konpainian. Donostiako Thalia eskolan eman zituen lehen dantza urratsak, Mentxu Medelekin, eta 1991an sartu zen Netherlands Dance Theater II-an. Urtebete geroago igaro zen lehen taldera.
Oraintsu utzi du konpainia horretan dantzari bezala zuen lana, baina bertako konpainia gaztearekin dihardu maisu eta errepikatzaile bezala: «Koreografiak erakusten dituen pertsona da errepikatzailea. Koreografoa ez naiz. Dantzariekin estudioan entseatzen eta erakusten dagoen pertsona naiz». Bete beharreko ametsak ondo beterik dauzka: «Munduko leku gehienetan dantzatu naiz eta koreografo onenekin lan egin dut: Jiri Kylian, Hans van Manen, Mats Ek, William Forsythe edo Ohad Naharin besteak beste».
Euskal Herrian gutxiespenik ez du jaso Aranburuk. Euskal dantzariak kanpoan gehiago estimatzen badituzte, kanpoan lana dutelako da, Aranbururen ustez: «Etxean lan egingo bagenu, akaso izango genuke begiramena, baina oraingoz lanik ez dago. Konpainiarik ez dago apenas... Horregatik joan behar du euskal dantzariak kanpora».
Gasteizko Sofia Abaitua eskolan aritu zen 12 urte bete arte Lioba Diez Altuzarra (Gasteiz, 1984). Handik Zaragozako (Espainia) Maria de Avila eskolara. Handik Londresko Royal Ballet Schoolera eta handik Moskuko Kultura eta Artearen Unibertsitatera. Eta azkenik Bartzelonan egin du geldiunea. Amb Art konpainiarekin egiten du lan orain eta Gran Teatre del Liceurekin kolaborazioak egiten ditu. Etxetik irtetea «gogorra» egin zitzaion: «Egunero bi orduko klaseak izatetik, zortzi orduko lan-egunak izatera igaro nintzen».
Euskal dantzarien maila «apartekoa» da Diez Altuzarraren iritzian: «Ez dakit ondo zergatik, izan liteke dantza tradizionalen pisuagatik, baina Euskal herrian dantza eskola ona dago. Bai teknikoki eta baita artistikoki ere euskal dantzariek oso maila altua dute. Eta ez diot hori esateagatik, frogatua dagoen gauza bat da». Egitura aldetik dago arazorik handiena Diez Altuzarraren ustez: «Konpainia handi bat falta da, euskal dantzariekin bakarrik bi konpainia oso era litezke eta».
60 DANTZARITIK GORA ATZERRIAN. www.dantzan.com atariaren eta Iratxe Arantzibia dantza kazetariaren ikerketen arabera, 60 dantzaritik gora dago une honetan atzerriko konpainietan. Asko eta asko ezezagun dira gure artean, nahiz eta munduko konpainia garrantzitsuenetan aritu lanean.
Euskal Herritik kanpora irten behar izatea ez da gauza berria euskal dantzarientzat, ordea. Gerardo Viana Vladimiro (Ortuella, Bizkaia, 1926) izan zen aitzindarietako bat. Gerrako umea, garai bateko Sobietar Batasunera atzerriratua, umezurtzen irakasle, dantzari, koreografoa eta balet irakaslea izan zen.
Euskal Dantzariak Atzerriko Taldeetan
Bakarlariak konpainia onenetan
Ez dira bakarrak, ezta gutxiago ere, baina, kanpoko konpainia garrantzitsuenetan puntaren puntan dabiltzanak bai; konpainia horietan lehen dantzariak edo bakarlariak dira honako hauek.
Alicia Amatriain
Donostian jaio zen, 1981ean. Stuttgarten, John Cranko Schoolen egin zituen dantza ikasketak eta 1998an sartu zen Stuttgart Balletean. 2002tik dantzari printzipala da Stuttgart Balleten.
Amaya Ugartetxe
Bilbon jaio zen Amaya Ugartetxe, 1973an. Rafael Marti eta Angeles Sautiñorekin egin zituen lehen dantza ikasketak. 1987an Bilboko Ballet Gaztean sartu zen, 1989an Euskadiko Balleta bihurtu zen konpainia hori. 1993an Turingo Compagnia di Danza Teatron aritu zen. 1998-1999 bitartean Balleto del Sudekin aritu zen lankidetzan eta 1999an Milango Ballet Konpainia sartu zen. 2000. urtetik Veronan, Arenako Balleteko dantzaria da eta 2003tik konpainia horretako lehen dantzaria da.
Asier Uriagereka
Mungian (Bizkaia) jaio zen 1975ean. Hamar urterekin hasi zen dantzan Mungian bertan, eta berehala Jon Beitiarekin jarraitu zuen. 1993an Prix de Lausanne sarietako bat eskuratu zuen eta Londresko Royal Ballet Schoolen sartu zen. Urtebetera Birminghamgo dantza konpainia batean hasi zen. 1994 eta 1999 bitartean Birmingham Royal Balleten aritu zen. 1999an Geneveko Grand Theatrera joan zen eta 2001ean Ballets de Montecarlo konpainian sartu zen.
Itziar Mendizabal
1982an jaio zen Hondarribian (Gipuzkoa). 14 urterekin Madrilera jo zuen dantza hezkuntzan sakontzera. Victor Ullateren konpainian jardun zuen eta ondoren Zuricheko Operako Balleteko dantzaria izan zen 2003 eta 2006 bitartean. 2006tik Leipzigeko Operako Balleteko dantzari bakarlaria da.
Jean-Philippe Malaty
Miarriztarra da. Ama Uztaritzekoa (Lapurdi) da eta euskal dantzak erakutsi zizkion. Baionako kontserbatorioan sartu zen. Dantza klasikoa gustukoa zuen, eta esparru horretan jarraitu zituen ikasketak. 17 urterekin, Bruselako Begard konpainian onartu zuten. Horren ondotik, Stuttgart-eko baletan aritu zea, eta, azkenik, Aspen Santa Fe Balletaren (AEB) sortzailea izan zen Tom Mossbruckerrekin batera. Biak dira zuzendari.
Iker Murillo
Pasaian (Gipuzkoa) jaio zen 1978. urtean. Dantza tradizionalean hasi zen, baina, 12 urterekin, prestaketa klasikoa hasi zuen, Mentxu Medelekin. Gipuzkoako Foru Aldundiko bekari esker, 16 urterekin Madrilera joan zen, ikasketak Carmen Rocheren Eskolan egiteko. Bi urte geroago, prestaketa Stuttgarten segitzeko aukera eduki zuen, John Crankoren Eskolan. 2001etik Zurich-eko Operako Balleteko dantzaria da. 2004ean izendatu zuten bakarlari.
Igor Yebra
Bilbon jaio zen, 1974an . Victor Ullateren dantza-eskolan aritu zen eta Madrilgo Dantzako Kontserbatorioan graduatu zen ohorezko matrikularekin. 1987tik 1996ra bitartean Madrilgo Erkidegoko Balleteko lehen dantzaria izan zen. 1996an bakarkako ibilbideari ekin zion. Atter Balleton, Kremlingo Balletean, Scottish Balleten edota Australian Balleten dantzatu du besteak beste. 2007an Bordeleko Operako Balleteko dantzari izar izendatu zuten.
Lucia Lakarra
Zumaian jaio zen, 1975an. Donostiako Thalia akademian, Mentxu Medelekin trebatu zen eta ondoren Madrilen, Victor Ullaterekin osatu zuen dantza formazioa. Ullateren konpainia utzi eta Marseillako Balletera joan zen eta 1997tik 2002ra San Frantziskoko Baletean aritu zen eta azken hiru urteotan Municheko Operako Baletean dihardu. Dantzaren munduan lor daitezkeen nazioarteko sari garrantzitsuenak jaso ditu: Nijinski saria 2000 eta 2002 urteetan, eta Benois saria 2003an.
«Konpainia handi batera moldatzeaz gain, munduko hiri handienetako batera moldatu behar izan nuen»
Iratxe Beorlegi
MEXIKOKO DANTZA Konpainiako Dantzaria
«Etxean lan egingo bagenu, izango genuke begiramena; baina oraingoz lanik ez dago»
Urtzi Aranburu
NETHERLANDS DANCE THEATER-Eko dantzaria
«Konpainia handi bat falta da, euskal dantzariekin bakarrik bi konpainia oso era litezke eta»
lioBa Diez Altuzarra
AMB ART Konpainiako dantzaria
Dokumentuaren akzioak