Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Etxekoekin herriko dantza dantzatzea berezia da»

Dokumentuaren akzioak

«Etxekoekin herriko dantza dantzatzea berezia da»

Egilea
Ttipi-Ttapa
Komunikabidea
Erran Bortziriak
Tokia
Arantza
Mota
Albistea
Data
2025/08/12
Lotura
Erran Bortziriak
«Etxekoekin herriko dantza dantzatzea berezia da»
Rosa Maiz Goñi aranztarra eskuinean makurtuta, bere gurasoekin, ahizparekin, seme-alabekin eta ilobekin.

Rosa MAIZ GOÑI I Arantza

Herriko bestak maite ditu Rosa Maiz Goñi aranztarrak eta hori agerian gelditu da bestei buruz solasean hasi orduko. Ikusle edo parte hartzaile, ekitaldi batean eta bertzean hutsik egitea gustatzen ez zaion horietakoa da. Eta aurtengoen atarian, haiei begira jarri da TTIPI-TTAPArekin. 

Ttikitatik gustatu izan zaizkio bestak, hala aitortu du, haurra zeneko «oroitzapen onak» dituela erranez: «Beti oroitzen naiz bestak akabatzen zirenean, tristura ikaragarria sentitzen nuela eta ezin sinetsiz egoten nintzela». Herrian «ordu pila bat» pasatzeak egiten zituen berezi: «Ez dakit zerbait berezia egiten nuen, baina herrira aunitz ateratzen ginen, normalean baino gehiago, eta hori aunitz gustatzen zitzaidan. Herri iskinean jende aunitz izaten zen eta denekin egoteko aukera izaten genuen».

Haur denborako oroitzapenak bihotzean, gaztea zenean ere ez zituen alde batera utzi bestak: «Eguneko eta arratseko besta probesten nuen. Gaztea zarenean arratseko besta nahi izaten duzu, baina nik egunez ere ez nuen deus galdu nahi izaten. Loari kentzen nion denbora, eta parte hartzen ez bazen ikusle, ekitaldi gehienetara joan nahi izaten nuen». 

Gaur egun, ordea, «diferente» bizi ditu: «Ez dakit bestak aldatu diren edo ez, baina niri aldatu zaizkit», adierazi du. Bere irudiko, «adinarekin besta egiteko modua aldatzen da» eta bere kasuan, «arratseko besta aunitz murriztu» dela kontatu du, nahiz eta «egun pare batean» ez duen hutsik egiten: «auzoko besta egunean eta lagunekin afaria egiten dudanean. Gainerakoan egunez gehiago probesten ditut». Gehiago ere erran du: «Arratseko bestarako etxean badut erreleboa». 

Auzoetako desafioa eta herriko dantza

Bestetako egitarauari erreparatuta, berriz, «ekitaldi aunitz eta herritar guzien gustukoak» izaten direla dio. Horien artean, ordea, badira batzuk bertzeak baino kuttunagoak dituenak: «auzoetako desafioaren eguna eta abuztuaren 15a». Biak ditu gustuko: «Abuztuaren 15a, Arantzako dantza eta familiako bazkaria dela medio, bestetan nahitaezko eguna dela iruditzen zait; ohiturarekin lotzen dut. Eta auzoetako desafioa ez da aspaldixkokoa, baina adin guzietako jendea biltzen gara, frontoia herritarrez betetzen da eta hagitz polita da». 

Auzoetako desafioaren egunean, Azkilarrea auzoaren bereizgarri, kamiseta beltza soinean, taldean parte hartzen edo taldea animatzen izaten da, alde batean ez bada bertzean. Baita aurten ere. 

Eta Arantzako Dantza Luzea dantzatu behar duenean ere hantxe. Haurra zela, «Lucia Iparragirre, Amaia Telletxea eta Nerea Alzurirekin» ikasi zuen, eta geroztik guttitan huts egin du: «Lau urtez ez dut egin izanen, bi urte seme-alaba bakoitzeko». Baina bertzela hortxe, abuztuaren 15eko eguerdian, traje zuri-gorria jauntzita, dantzatzeko prest. Han izanen da aurten ere, aranztar aunitzentzat bezala, «berezia» delakoz beretzat ere: «Ez dakit ikusten dutenek nola bizi duten, baina barrenean zaudenean, hagitz berezia da. Musika aditze hutsak barrena mugiarazten du». 

Sentimendu «kontrajarria»

Herriko dantzaren bueltan «sentimendu kontrajarri» bat izaten duela ere onartu du: «Alde batetik, utzi beharko nukeela iruditzen zait, urtero dantzari gaztetxo kuadrillaxka hasten delakoz, eta ni bezalakoek uzten ez dutenez, frontoian ezin sartuz ibiltzen garelakoz. Baina bertze aldetik, familiakoekin dantzatzeak poztasun handia ematen dit, sentsazio berezia». Eta horixe du, hain zuzen, «segitzeko aitzakia». Alabarekin, semearekin, ilobarekin, ahizparekin… Etxekoen taldetxoa biltzen da, eta «ohartu naiz ia-ia bestetako ekintzarik politenetariko bat dela niretzat». Edozein moduz,  «muga paratu» omen dio bere buruari: «Aurten eta heldu den urtean aterako naiz azken aldiz, heldu den urtean aterako baita iloba ttikia, Intza. Nik uste orduan emanen diodala despedida». 

Haur eta gaztetxoen krosa antolatzen

Bestetako haur eta gaztetxoen krosean ere ez da urruti izaten. Hasieratik antolatzaile ibili da, beti ilusioz eta lanerako gogoz, egiten duena ongi eginez, eta berak dioenez, «gustu handiz»: «Lana izan arren, dezente ateratzen dela eta jendeak parte hartzen duela ikusteak lanean segitzeko gogoa ematen dizu». 

Lasterketaren harira, gogoan du lehenbiziko edizioan izan zutela «saltsarik handiena»: «Bestetan haurrentzako ekitaldiak eskas zirela ikusita, guraso elkartea programa osatzen hasi zen, eta Gurutze eta biok haur eta gaztetxoen krosa sartzea pentsatu genuen. Antolakuntza aldetik hura izan zen zailena: nola egin erabaki, distantziak neurtu, kategoriak eta ibilbidea zehaztu… Baina harrera ona izan zuen eta geroztik, antolatzen segitu dugu». Esplikatu duenez, «urtetik urtera gaizki atera dena hobetuz, gero eta aisago egin dugu. Gainera, azken urteotan taldetxo bat osatu dugu antolatzeko eta hola errazagoa da». Ekitaldiak izaten duen erantzunarekin ere kontent da: «Jende aunitzek parte hartzen du. Joan den urtean, adibidez, 61 izan ziren eta lasterkari gehiagoko urteak ere izan dira. Ekintza polita da, mantendu beharrekoa». 

Hamar urtez krosa antolatzen ibili ondotik, aurtengoa izanen du azkena. «Pena» ematen diola onartu du, «horrek erran nahi baitu Arantzako eskolan ez dela nire seme-alabarik izanen». Gaineratu duenez, «Arantzako eskolako langile izanda, seme-alabak eskolatik joateak pena pixka bat ematen dit, baina normala da. Handitzen ari dira eta aitzinera segitu behar dute».

Gerokoak geroko utzita, aurtengo bestetan nontsu ibiliko den bederen garbi utzi du Maizek. Eta bidenabar, herritarrei «bestetan herri iskinera hurbiltzeko» deia ere egin die: «Elkarrekin tarte polit batzuk pasatzeko probestuko dugu». 

Dokumentuaren akzioak