Dokumentuaren akzioak
Etxean dantzatuko dira oraingoan
Atzerrian lan egiten duten puntako zenbait dantzarik 'Euskaldunak eta dantza' gala emango dute gaur
Salzburgoko Balleteko lehen dantzaria izandakoa da Aresti. Bilbotarra da sortzez. Nahiz eta Euskal Herrian gutxi batzuetan baizik ez den dantzatu. Arestik zuzenduko du Euskaldunak eta dantza gala. Eta aurkezpena errebindikaziorako baliatu du: «Askok atzerrira joan behar izan genuen hemen, gure etxean, ezer ere ez genuelako; beste batzuek, ordea, etxean geratzeko hautua egin dute, jakinik baliabiderik ez dutela, egunero hutsetik abiatu behar dutela, beren kabuz. Eskertzekoa da profesional horiek erakutsi duten adorea».
Jon Maia da kosta ahala kosta Euskal Herrian sortzea eta lan egitea erabaki duen dantzarietako bat. Beatriz Perez eta Roberto Hernandezek ere beren herrian geratzearen aldeko apustua egin dute. Pozik daude Eusko Jaurlaritzak Dantza Etxeak sortuko dituela iragarri duelako. Baina kritiko azaldu da Maia: «Zentroak egitea ongi dago, baina ezertarako ez dute balioko gero baliabidez hornitzen ez badituzte». Gero konpainiarik sortzen ez badute. Alicia Amatriainek oso garbi du: «Badaude dantzariak, badago publikoa; konpainia serioa eta profesionala da hemen falta dena».
Jon Ugarriza, Jon Vallejo, Asier Uriagereka eta Alicia Amatriain dantzatuko dira Euskaldunak eta dantza galan, nor bere konpainiako bikotekidearekin. Aiara Iturriotz, Beatriz Perez, Roberto Hernandez eta Kukai taldea ere ariko dira Euskaldunan. Estilo askotako piezak erakutsiko dituzte, denen artean. Klasikoak zein garaikideak.
Kukai taldea
Jon Maiak gidatzen duen Kukai taldeak zabalduko du Bilboko Euskaldunako gala. 2001ean sortu zenetik gaurdaino taldeak eginiko lanaren atzera begirakoa eskainiko dute konpainiako zazpi dantzariek. Osatu dituzten hiru obren zatiak emango dituzte, horrenbestez. Honako hauek: Sakonki maite dut -Otehitzari biraka obratik hartutakoa-, Hnuy Illa -Joseba Sarrionandiaren poesian oinarrituta sortutako pieza- eta Deiadarra -konpainiak sortutako lehen lana-.
Alicia Amatriain
Alemaniako Stuttgarteko Balleteko dantzari nagusia da Alicia Amatriain (Donostia, 1980). Eta Bilboko Euskaldunan Giuseppe Picone italiarrarekin dantzatuko da. Gustuko dituzten obra bi interpretatuko dituzte elkarrekin: Balanchineren Apolo eta Coralli-Perroten Giselle. Amatriainek azaldu duenez, «obra lasaia da Apolo, garbia. Ez du kanpoko elementurik ametitzen, denak izan behar du zuzen eta egoki». Horregatik gustatzen zaio horrenbeste.
Asier Uriagereka
Montecarloko Balleteko dantzari nagusia da Asier Uriagereka (Mungia, 1975). Mailloten La Belle eta Sidi Larbi Chercaouiren In Memorian piezak aurkeztuko ditu Bilbon, Bernice Coppietersekin batera.
Jon Ugarriza
Bilboko Ballet Elkarteak antolatutako ekitaldirako beren-beregi sortutako obra eskainiko du Jon Ugarriza bilbotarrak: Amets. Paula de Castrorekin batera musikari gertutik segitzen dion pieza erakutsiko du Ugarrizak. Euskaldunan dantzatuko den lehen aldia izango da. Eta Amets obraz batera, Eleonora Gorik sortutako Alter Tango pieza interpretatuko du.
Jon Vallejo
Alemaniatik Bilbora etorrita, obra bi eskainiko ditu Jon Vallejok (Donostia, 1985). Goyo Monteroren Come again lana bakarka interpretatuko du. Eta Sain-Leonen Coppelia, berriz, Katherina Markowskaia ukrainarrarekin. Vallejo zein Markowskaia Dresdeneko Operako Balleteko dantzariak dira. Dantzari bakarlaria da Vallejo, eta dantzari nagusia Markowskaia.
Aiara Iturriotz
Gasteizko Jose Uruñuela dantza kontserbatorioko ikaslea da Aiara Iturriotz (Gasteiz, 1992). Dantzari Gazteen Bilboko Lehiaketako sari nagusia erdietsi zuen iaz. Coralli-Parroten Giselle dantzatuko du Euskaldunak eta dantza galan.
Beatriz Perez-Roberto Hernandez
Espainiako aretoko dantzako txapeldunak dira, eta munduko txapeldunordeak. Bilbotarrak dira biak, baina aurreneko aldiz ariko dira Euskaldunan. Tangoa, flamenkoa, errunba eta pasodoblea uztartzen dituzten hiru pieza dantzatuko dituzte.
«Badaude dantzariak, badago publikoak; onpainia serioa eta profesionala da hemen falta dena»
Alicia Amatriain
dantzaria
«Dantza zentroak egitea ongi dago, baina ezertarako ez dute balioko baliabidez hornitzen ez badituzte»
Jon Maia
dantzaria
Dokumentuaren akzioak