Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Etorkizuneko dantza klasikoa gaurko estiloen nahasketa bat izango da»

Dokumentuaren akzioak

«Etorkizuneko dantza klasikoa gaurko estiloen nahasketa bat izango da»

Toni Jodar-Dantzaria

Egilea
Edu Lartzanguren
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2009/10/28

Dantzaria, koreografoa eta dantza irakaslea da Toni Jodar (Bartzelona, 1955). Ibilbide luzea du: 900 emanaldi baino gehiago. Azken boladan, Gelabert-Azzopardi dantza garaikide konpainiaren zuzendari-laguntzailea da, eta Carles Santos konpainiako koreografoa. Dantza garaikidea zer den azaltzeko, hitzaldi-performance-a egingo du datozen egunotan, Bizkaian.

Gaur, Zornotzan izango da, 20:00etan, Zornotza aretoan. Bihar, ordu berean, Elorrioko Arriola antzokian.

 

Nola bururatu zitzaizun dantza garaikidea jendeari azaltzeko ikuskizuna egitea?

Dantzari gisa 25 urtez aritu naiz, Kataluniako hainbat konpainiatan. Denbora horretan konturatu naiz jendeak beldurra diola dantza garaikide delakoari. Jendea arte plastikoetara hurbiltzeko saioak bazirela ikusi nuen, eta arrakasta handiz egiten zituztela. Horregatik, neure buruari proposatu nion lan hori egitea, dantzariaren ikuspuntutik, jendea hurbiltzeko. Nire esperientziaz baliatu nintzen horretarako. Hitz-ekintza deitzen diot nik emaitzari, dantza zertan den azaltzeko hitz egiteaz gain, gorputzarekin erakusten ditut dantza garaikide eta modernoaren ezaugarriak.

 

Dantza aurrez aurreko artea da,guztiz zuzena,eta, halere, azaldu egin behar da? Zer egiten ari gara gaizki?

Jende askok ez du ulertzen: zer egiten dute neska-mutil horiek lurrean? Zergatik egiten dituzte gauza xelebre horiek? Hau dantza bada, zergatik hasten dira hitz egiten bat-batean? Arte plastikoekin ere gertatzen zen hori, baina heziketa lana egin eta normala da orain. Nik dantzaren ezaugarriak azaltzen ditudanean, jendeak eskertu egiten du, horrek gero lagundu

egiten dielako koreografiak ulertzen.

 

Dantza klasikotik garaikiderainoko ibilbidea azaltzen duzu. Ez al da tarte luzeegia ordubeterako?

Dantza klasikoa azaldu egin behar da perspektiba emateko, dantza garaikidea testuinguruan jartzeko azken hau ez baitzen hutsetik sortu.

 

Garaikidean,batez ere Ameriketako Estatu Batuetako dantza moldez jarduten duzu.Zergatik?

Horiekin izan dut harreman handien, eta, beraz, nire bizipenen parte garrantzitsua dira. Europan ere sustraitu egin ziren horiek, eta eragin nagusia izan ziren, dantza-antzerkia agertu arte. Europako Rudolf Labanen dantza librea ezagutzen zen, baina dantza espresionista eta antzekoak apur bat itzalean geratu ziren, bi mundu gerrengatik.

 

Horiekin batera ez duzu inongo arazorik hip hop dantza sartzeko. Ikusleak zeureganatzeko modu erraz bat da?

Hip hopa ere gaurko dantzaren kulturaren parte da, eta dantza garaikidearen koreografoek hortik edaten dute hainbatetan. Hip hoparen urratsak erabiltzen dituzte dantzari askok. Halere, ez dut uste hip hopa etorkizuneko dantza klasiko gisa ikusiko denik, baina hiri dantzako tendentzia gisa ikusiko da, jazz dantzari lotuta, betiere. Etorkizuneko dantza klasikoa gaurko estiloen nahasketa bat izango da.

 

Bal al duzu dantza estilo bakoitzarentzat saio zehatzagoak egiteko?

Bai. Prestatzen ari naiz neoklasizismoaren inguruko hitz-ekintza. Horrez gain, hiru dantzen inguruko beste bat egin nahi nuke, hip hopa barne. Teoria lantzen ari naiz dagoeneko. Gidoia dudanean dantzaren historialari bati erakutsiko diot, esaten dudana zuzena dela ziurtatzeko. Ondoren, antzerkigile batekin arituko naiz, gidoari egitura emateko jendaurrean azaltzeko.

 

 

Dokumentuaren akzioak