Dokumentuaren akzioak
Etorkizuna lantzen
Laurehundik gora ikaslek parte hartu dute aste osoan Miarritzeko nazioarteko dantza ikastaroan
17. edizioa denez, gero eta ezagunagoa bilakatzen ari da, bereziki dantza klasikoaren munduan. Erreferentzia bat iduriz, antolatzaileek erranik. Irakasleen aldetik hasteko, izen handiak baizik ez dituzte. Paris, Kuba edo Genevako dantza konpainietatik etorri dira hamar. Hor dago, adibidez, Cyril Atanassoff Parisko Operako izar ezaguna. Orain dela hogei bat urte munduko oholtza ospetsuenetan aritu den dantzaria. Geroztik irakasle bilakatua dela, beti ere Parisko Operan, bere ikastaroak franko preziatuak dira. Iaz etorri zen lehen aldiz ikastaldira irakasle bezala, eta aurten ere berriz hemen dago, «plazer handiarekin», gainera, haren hitzetan. Irakasle eta ikasleen arteko trukaketa zaio bereziki interesatzen gisa horrelako ikastaldietan: « Denen artean esperientziak partekatzea biziki garrantzitsua da dantzari batentzat, bere gaitasunak ahal bezain bat zabaltzeko gisan. Irakasle bakoitzak bere metodoa baitauka. Bakoitzak zerbait gehiago ekar diezaioke ikasleari», nabarmentzen du irakasleak. Beste izen handien artean, Azari Plissetski Lausanako Bejard baleteko irakaslea, bere garaian ere dantzari famatua izan zena edo Noëlle Winkelmann Genevako dantza akademiako zuzendaria. Irakasle horien aitzinean, adin orotako ikasleak dira biltzen. Zortzi urteko haurrak zein helduak, amateurrak edo profesionalak, hamar maila ezberdinetan banatzen dira denak. Guztiak, aldiz, helburu batekin dira etorriak: dantzatu, dantzatu eta dantzatu. Goizetik arrats, 9:00etatik 19:00etara, piano jotzaileek zuzenean erritmoa ematen dietela. Jauzi, lerratze, atxikitze, edozein urrats, bakarrik edo bikotean. Jazza edo dantza garaikidea doi bat lantzeko kurtsoak daude baita, klasikoaren osagai bezala.
Bakantzetan lokartu gorputza iratzartzeko
Kurtso batera joatea aski da ikusteko ikasleek ez luketela nehondik ere beren dantzako soinekoa aldatuko bainatzeko batengatik. Edozein gisaz, udako bakantzak beren gibelean utziak dituzte jada. «Iraileko sartzea aitzin, lan erritmoa berreskuratzeko aukera paregabea dute hitzordu hau, bakantzetan lokartu gorputza iratzar dadin», dio Helene Gillet ikastaldiaren arduradunak.
Ikastaldia ahal bezain eraginkorra izateko, Miarritzeko hiria ez da zuhur izan prestatu dien materialarekin. Ikasleek ez dute deus eskas. Bost sala eta hiru tona material utzi die hiriak. Ostalaritza ikastetxea zein inguruko ezker paretak, guztiak behar bezala egokitu dituzte. Zurezko oholtza zabal bat jarri dute espresuki eta gainean plastikozko tapiza bat pausatu . Iduriz, Cyril Atanassoffek erranik, ikastaldi anitzetan ez da hainbeste luxurik. Lurra gogorra dutela gehienetan, kolpatzeko arriskuak areagotzen dira. Hemen, aldiz, ez omen da horrelakorik.
MIARRITZEKO ESKOLA
Balet eskolatik hainbat profesional ateratzen dira
Abuztuko ikastaldi honetaz gain, Miarritzeko balet eskola urte guztian dabil lanean dantza klasikoaren arloan. 130 bat ikasle ditu, bost urtetik 17 urtera bitartekoak. Horien artean dantzari profesional bilakatzen dira zenbait. Ikasle ohi batek aurtengo Maitaldia zabalduko du Aterballetto konpainiarekin, hain zuzen, irailaren 9an. Baina bide hori hartu aitzin, 13 urtean joan zaizkie beren ikasle onak, Parisko zein Marseillako gazte konpainietara, besteak beste. Donostian gazte konpainia bat sortzekotan dela Biarritz Baleta, hemendik aitzina, horietariko batzuek ez dute gehiago hain urrun joan beharrik izanen. Miarritzeko baletaren eskolako dantzari gazte bat sailkatu berri dute preseski, gazte konpainia horretan sartzeko.
Dokumentuaren akzioak