Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Etorkizuna dantza taldearen filosofia beti izan da aldaketak egitea»

Dokumentuaren akzioak

«Etorkizuna dantza taldearen filosofia beti izan da aldaketak egitea»

Egilea
A. Igartua Aristondo
Komunikabidea
Berria
Tokia
Lekeitio
Mota
Albistea
Data
2022/06/30
Lotura
Berria

Kaxarranka dantzatzen lehen emakumea izan da Etorkizuna dantza taldeko Ane Maruri (Lekeitio, Bizkaia, 1996).

Zer moduz dantzan?

Hasieran, oso urduri; behin lehenengo dantza eginda, lasaiago.

Eta aurreko egunetan?

Aurreko astean ez nuen asko pentsatzen horretan; entseatu, eta listo. Baina aurreko egunetan, herriaren animoak igartzen hasi nintzen, komunikabideen deiak jasotzen... Presioa zen.

Kaxarranka dantzatu duen lehen emakumea izan zara. Ardura eragiten du horrek?

Azken batean, bai. Baina nik ez dizkiot buelta asko eman, edo ez dut barneratu. Uste dut egun batzuen ondoren, egoera baretzen denean, poliki-poliki barneratuko dudala, eta Lekeition gertatutakoaz pentsatuko dudala.

Zergatik egokitu zaizu zuri?

Aurtengo Dantzari Egunean dantzatu nuen. Berez, hemen Asierrek [Uskola] egiten du, baina Dantzari Egunetik pare bat astera-edo hanka hautsi zuen, eta esan zigun ea gutako bat prest zegoen ordezkatzeko. Nik egin nuenez, erabaki genuen aurten behintzat nik egingo nuela.

Eta zergatik egin zenuen Dantzari Egunean?

Asierrek pausoak erakutsi zizkigun. Dantzari Egunean kaxarranka egiten da, baina azken urteetan lekeitiarren tokia hutsik egon da, eta dantza taldekook erabaki genuen kaxarranka aterako genuela. Gehienak neskak gara; nik izena eman nuen.

 

 

Nola prestatu zara?

Dantzari Egunerako, dantza taldeko guraso batzuk elkartzea zen gure asmoa, eta lortu genuen zortzi elkartzea ni eusteko. Gero, nahiko entsegu egin nituen; baina San Pedro egunerako, hiru besterik ez.

Aurrerantzean emakume gehiagok dantzatuko dute?

Bai, duda barik. Gure dantza taldearen filosofia beti izan da aldaketak egitea, erreleboak; emakumeen aurreskuan horrela egiten da. Uste dugu edozeinek egin dezakeela dantza kaxa gainean.

Zuk berriro egin nahiko zenuke?

Bai. Lehenengo aldia izanda, nerbioak hor daude. Baina zenbat eta gehiago egin, orduan eta lasaiago zaude, eta gehiago gozatzen da.

6 urtetatik zabiltza dantzan. Gogoan duzu halako egunik?

Bai. Emakumeen aurreskua egin nuenean atzeskulari modura, gaur baino urduriago nengoen. Urtero egiten dut aurreskua, eta oso urduri ipintzen naiz.

Zuretzat, zer da dantza?

Txikitatik bizi izan dudan zeozer: musika entzun eta hankak dantzan ipintzea, taldekideekin egotea, zapaturo 9:00etan entseatzera joatea, eta dantzatzen gozatzea.

Gaur egun, nola dago Etorkizuna dantza taldea?

Dei bat egingo nioke Lekeitioko herriari, dantzan ikusi nahi bagaitu animatu daitezen taldera batzen, pandemia eta gero nahiko jaitsi baita.

Dokumentuaren akzioak