Dokumentuaren akzioak
Etorkizun hurbilari begira
Euskal dantzari bat London Royal Balleten
Gutxitan etortzen da Euskal Herrira Leire Ortueta. Bere ogibideak, dantzak, ez dizkio aukera asko eskaintzen halako joan-etorriak egiteko. Londresen bizi da, eta London Royal Ballet konpainiako dantzaria da. Orain hamaika urte hasi zen han lanean, eta hantxe jarraitzen du oraindik ere Leioar honek (Bizkaia).
Iragan udan, tartetxo bat egin eta Euskal Herrira etorri da senarrarekin eta semearekin. «Semea Euskal Herrian bataiatzera ekarri dugu. Orain arteko oporrik luzeenak izan ditut», dio irribarre eginez.
Aurreko astean, ordea, Londres aldera bueltatu behar izan zuen. Han, ikasturte berria hasiko du London Royal Balleten. Dagoeneko hamaikagarren urtea izango da konpainian lanean diharduela beste pare bat eskolan egin zituen. Aurtengo urtea berezi samarra izango da berarentzat, eta baita konpainia osoarentzat ere. Irailetik aurrera zuzendari berria izango du London Royal Balletek: Ross Stratton, Australian Royal Balleteko zuzendari izana, hain zuzen. Orain artean, azken 15 urteotan, Anthony Dowell izan da konpainiako zuzendaria. «Ikasturte berezia izango da guztiontzat. Zuzendari berrira ohitu beharko dugu. Ea zer ematen digun berak, eta nola erantzuten dugun guk».
Aldaketa nabarmena izango da hori, segur aski. Baryshnicoven Don Quixote lana egitetik, Nureyeven bertsioa egitera igaroko dira. Bestalde, koreografo berrien lanak jorratzen emango dute urtea: «Jende berria dator Royal Balletera, eta ikusi egin beharko da zer datorren eta nola moldatuko garen». Leire Ortuetak ere badaki, etorkizunari begiratzeko orduan, aurtengo urtea erabakigarria izango dela.
Hamaika urte luze
Hamazazpi urte zituela joan zen Londresera Leire Ortueta, 1988. urtean. Europako hainbat ballet eskolatan probak egin zituen. Guztietan lortu zuen postua, baina Londres aukeratu zuen, «izen hobea zuelako edo», dio berak. Eskolatik konpainiara igaro zen hiru urteren buruan. Eta, han ere, astiro-astiro gora egin zuen. 1994. urtean, lehen dantzari izendatu zuten, eta, hiru urte geroago, berriz, bakarlari.
Batik bat estilo ingelesa ikasi duela dio, baina azken urteotan konpainia bera aldatu egin dela kontatu digu: «Royal Balleten sartu nintzenean, derrigorrezkoa zen, aurretik, eskolatik igarotzea. Gaur egun, ordea, ez da horrela. Nazioarteko jende askok parte hartzen du konpainian, eta hori igarri egiten da». Estilo ingelesa monopolioa galtzen ari da.
Semea besoetan
Ama izan da Leire Ortueta. Senarrarekin (Anthony Bourne, London Royal Balleteko dantzari ohia) eta Daniel semea beso artean duela heldu zen Bilbora. Haurdunaldiak hiru hilabetez soilik eduki zuen geldirik. «Haurra eduki artean dantzan egin nuen. Gorputza balleta egitera ohituta daukagu dantzariok, eta dantza egiteak onura egiten digu, kalte beharrean. Jakina, neurtuta betiere». Hiru hilabete geldirik egon ostean, Pilates teknikarekin lanari ekin zion berriro. Koreografia berriekin klasikoekin baino gusturago aritzen dela dio Leire Ortuetak. Hala ere, bere curriculumean lan klasikoak nabarmentzen dira batik bat: Loti ederra, Romeo eta Julieta, Zisneen Lakua, Herman Schmerman, Bayadere besteak beste.
Harrobiak eskola faltan
Euskal Herrira etortzerakoan bere lehen eskola du gogoan Leire Ortuetak. Ion Beitiaren eskolan egin zituen lehen urratsak balletaren munduan. Eta berak bezala, beste askok ere bai. Baina dantzan ikastera gehienak atzerrira joan direla dio: «Harrobia badago, baina eskolak falta dira. Eta, bestalde, ez dago dantza tradiziorik gurean. Ez dago balleta maite duen jende askorik. Ezta ulertzen duenik ere», esan du. Lucia Lakarra, Monica Zamora, Ygor Yebra eta bere eskolan aritutako beste hainbat izen ekarri ditu gogora: «Dena den, badirudi hemen edo Espainian eskola sortuko duten zurrumurrua dabilela. Baina aspaldiko kontua da. Ea atzerrian gaudenok bueltatzen garenean zerbait egiten dugun», gaineratu du barrez.
Jauzi klasikorik gabe
Kasualitatez hasi zen dantzan Leire Ortueta. Neska argala zen, eta gihar gutxikoa. Ama kezkatuta zuen horregatik, eta dantzan egitera bidali zuen, «gihar apur bat egiteko». Bederatzi urte zituen orduan.
Ion Beitiaren eskola hasi zen, Bilbon. Urte gutxi batzuk igaro zirenean, irakasleak dantzan soilik egitea proposatu zion. «Gorputz egokia nuen dantzan egiteko. Ikasketak utzi eta dantza ikasteko aukera proposatu zidaten. Erabaki gogorra izan zen, baina hartu nuen. Gerora, gauzak ez baziren nik nahi bezala irteten, banuen ikastolara bueltatzea», dio.
Bi urte egin zituen Bilbon, eta, laster, atzerrira joan zen eskoletan emanaldiak egitera. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso zuen horretarako, eta London Royal Balleteko eskolan ekin zion lanari. «Fisikoa eta teknika banuen, estiloa lantzea falta zitzaidan».
Eskolan hiru urte egin zituen ikasten, dantza konpainian lehen kontratua lortu orduko. «Arnasa lasai hartu nuen orduan», dio irribarrez.
Dena den, aurretik hainbat eskolatan jardun zuen probak egiten. Azkenean, Londresko eskola aukeratu zuen. «17 urte nituen dantzan egingo nuela erabaki nuenean. Gogorra izan zen, ingelesaren hoztasuna, dantzaren gogortasuna. Baina merezi izan zuen». Aurten, atzera baino gehiago aurrera begiratu beharko du Leire Ortuetak; ikasturte berriari alegia. T
Leire Ortueta (dantzaria) «Zuzendari berria dator konpainiara. Ikusi egin behar zer eskaintzen digun eta nola erantzuten dugun»
Dokumentuaren akzioak