Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Etenaren norainokoa

Dokumentuaren akzioak

Etenaren norainokoa

SERIEA 1936ko kultur etena (eta V). Etenaren arrastoa.

Astelehenean beteko dira 80 urte errepublikaren aurkako tropak Bilbon sartu zirenetik, baina oraindik ere, gaur egun, bizia da gertakari haren arrastoa kulturgintzan eta kulturgileen artean.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2017/06/17
Lotura
Berria
Sintoma bat da. Okasio berezietarako soilik gordetako trajeekin igo dira Kukai dantza taldeko dantzariak Valentziako Palau de les Arts antzokiko oholtzara (Herrialde Katalanak); hiru MAX sari jaso dituzte Oskara dantza ikuskizunari esker. 2017ko ekainaren 6a da, eta ospakizun baten erdian gaudela iradokitzen du guztiak: piztuta daude fokuak, ozen entzuten dira txaloak, eta nabarmenak dira poz aurpegiak. Mikrofonoa hartzerakoan, ordea, alaitasun horrekin kontraste eginez, erreferentzia zuzena egin dio Jon Maia dantzari eta koreografoak 1936ko gerrari: «Gernika bonbardatu zutenetik 80 urte bete dira aurten, baina ordukoan ez zen soilik Gernika bonbardatu: herrialde oso bat masakratu zen. [...] Sari honekin omendu nahi ditugu egoera hartan burua altxatu eta gure kultura eta gure hizkuntza gaur egunera arte transmititzen jakin zuten herritar guztiak». Azkar zabaldu da bideoa Interneten. Milaka partekatze izan ditu sare sozialetan. Eta argia da ondorioa: bizia da oraindik ere 1936ko gerrak kulturgintzan eragindako zauria, baina noraino heltzen da gerra hark eragin zuen etena?

«Gerra Zibilak baino gehiago, Gerra Zibila amaitu zen bezala amaitzeak markatu du ondoren etorri den kulturgintza: diktadurak. Eta gure geneen barruan doa diktadura hori». Oso fresko du gaia Kirmen Uribe idazleak. Hain zuzen ere, 1936ko gerrak eta haren osteko diktadurak eragindako etena du ardatz Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriak. Zehazki, 1936ko gerra galdu ostean, erbestean erresistentzian jarraitu zuten Karmele Urresti eta Txomin Letamendi ondarroarren historia kontatzen du liburuak, 1927tik hasi eta 2011ra arte. Artxibo lan handiarekin.

Zuzena da genealogia lerroa, Uriberen hitzetan. Gerra. Etsipena. Eta etsipen horretatik, kimuak gero. «Gerra galdu zutenen ametsa erori egin zen, eta batzuek eutsi egin zioten euskarari eta euskal kulturari. Baina gutxi batzuk izan ziren, ez denak. Gutxi batzuk izan ziren euskarari garrantzia eman ziotenak, eta nahi izan zutenak euskara esparru guztietara zabaldu, baina uste dut etsipenerako joera handia ere egon zela, are gehiago ikusirik nazioartean ez zeudela baldintzarik egokienak Euskal Herriarentzat. Etsipen horretatik sortzen da hurrengo belaunaldia, eta hurrengo belaunaldiak ekiten dio euskara erdigunean jartzeko ahaleginari».

Leherketa batek hil zuen kolpistekin zaurituak artatzen zebilen Nikolas Lekuona. Hor eten zen hamarkada batzuez Euskal Herrian abangoardia artistiko baterako bidea. Hormaren aurrera eraman, eta fusilatu egin zituzten kolpistek Estepan Urkiaga Lauaxeta eta Jose Ariztimuño Aitzol. Eta urte sorta baterako eten zen euskarazko literatura eta euskalgintza sustatzeko lerro emankorrenetariko bat. Bonba batek hil zuen Bartzelonan Argia aldizkarian marrazkiak Nor-nai ezizenez marrazten zituen Ignacia Zabalo Ballarin, eta hor eten zen euskal grafismo modernoaren ibilbide interesgarrienetariko bat. Erabatekoa izango zen etena sortzaile anarkista, sozialista, errepublikano eta komunista askorentzat.

1950eko hamarkadan hasiko ziren gerra aurreko harreman sareak berreraikitzen.

Ihes betean jaiotakoak

Asko dira adibideak. Esaterako, jaiotzatik bertatik markatu du 1936ko gerrak Axen Egañaren bizitza: ihes betean jaio zen. Erbestean zuen familiarekin bat egiteko hartu zuen haren amak Donostiatik Donibane Lohizunerako bidea 1937ko udaberrian, bederatzi hilabeteko zegoela, eta horregatik erditu zen alabaz Bilbon, pasabidea lortuko zain zegoela. «Hantxe jaio nintzen», gogoratu du Egañak. Bi urte zituenean, senarra ikusteko muga zeharkatzen ari zenean hil zioten ama, eta aitona-amonekin hazi zen horregatik. Gero, aita bigarrenez ezkondu, eta euskararik ez zekiela heldu zen Pasai Donibanera, 14 urte zituenean; geroztik, bete-betean aritu zen 60ko hamarkadako euskal pizkundean. Epizentroan. Ez Dok Amairukoen inguruan ibili zen, Euskal Dantzarien Biltzarra sustatu zuen, eta Jarrai antzerki taldean ere aritu zen.

Etenik ez du aipatzen berak, baina bistan da joste lan handia egin behar izan zutela Egañak eta haren belaunaldi kideek. «Dena euskaraz egiten genuen antzerki taldean, eta dena pixka bat abangoardiakoa. Jarrai. Taldearen izenak ere esaten du zerbait, ezta?».

Irrika eta trabak. Bizi gogoratzen ditu biak Egañak, eta haren oroitzapenen artean bada bi mutur horiek uztartzen dituen irudi bat ere: Dantzarien Eguna, Zarautzen, 1971n.

Trabak lehenik: «Guardia zibilez inguratuta aritu ginen; edozer gauza gertatu zitekeen han. Beldurrez geunden».

Irrika ondoren: «Zoragarria izan zen hura! Jendea pozez zoratzen egon zen, denak dantzan, benetan zoragarri, eta hortik aurrera, ba, jarraitu genuen. Batzuetan, ematen ziguten baimena, eta, beste batzuetan, ez ziguten ematen».

Loratzerik gabeko zinema

Zirrikitu gutxiko diagnostikoa egin du Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendari eta zinemaren historiako doktoreak: «1936ko gerrak eten egin zuen euskal zinema sortzeko aukera».

2006an aurkeztu zuen bere doktore tesia: Cine y Guerra Civil en el País Vasco, 1936-2006 (Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian, 1936-2006). Euskal Herrian 1936ko gerrari buruz egindako pelikulak aztertu zituen hor, eta azterketa horren ondorio da egin duen diagnosia. «Frankismo garaian basamortu bat izan zen hau. Haien ikuspegitik egindako pelikulak egiten ziren, baina besteak ez. 1938an, ez dakit zenbat pelikula aurkezten ditu Eusko Jaurlaritzak: Guernika, Elai-Alai, Euzko Deia eta abar, eta, gero, basamortu itzela dator».

Zerrendan egin du errepasoa zinema adituak: «30eko hamarkadan, Euskal Herrian pelikula asko ez, baina batzuk egin genituen. Mauro Azkonak egin zuen El mayorazgo de Basterretxe, Gil del Espinarrek Edurne, modista bilbaina, Teodoro Ernandorenaren Euzkadi 1933an, eta gero, batez ere, propagandako pelikulak egin ziren, eta haien artean garrantzitsuena da Nemesio Sobrevilak egindako Guernika, hain zuzen ere, 1937an. Oso garrantzitsua izan zen, gainera. Eta orduz geroztik, ia-ia ezer ez».

Gerra izan zen kausa. Erbestea. Prekaritatea. Errepresioa.

Izan ziren salbuespenak, baina gerra amaitu eta hamarkada batzuk pasatuta soilik. Gotzon Elortza hasi zen dokumentalak egiten, 60ko hamarkadan. Dokumental luze bat filmatu zuen Ipar Euskal Herrian Andre Madre jeneralak 1956an, euskaraz. Eta beste gauza txiki batzuk ere izan ziren, baina denak zirkuitu komertzialetik urrun. Industriarik sortu gabe. Esperientziarik metatu gabe. Ia ezer ere ez, beraz, 1968an Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek Ama-Lur filmatu zuten arte. Madrilen eta Bartzelonan disidentziarako zirrikitua eskaini zien zinema industriak euskal jatorriko sortzaileei, baina nabarmen estuagoa zen giroa Euskal Herrian.

Frankisten propaganda film gutxi batzuk, eta akabo.

Ezerezeranzko atzeraldia

Ez du etenik aipatzen Ana Toledok ere. «Ezarritako isilaldia» aipatzen du berak. Doktorea da euskal filologian, eta baita euskaltzain oso eta Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa Batzordeko burua ere. «Gerra garaian bertan egin ziren argitalpenak, baina, gerra ostean, 1949 arte itxaron behar da Euskal Herri penintsularrean, Hego Euskal Herrian, lehen euskarazko argitalpena kaleratzeko. 40ko hamarkadako urteak ez ziren errazak izan, kulturarentzat eta, horren barnean, euskararen iraupenarentzat. Gosetea, kartzelatu ugari, erbesteratu anitz, zentsura, erregimenak onartzen ez zuen adierazpen politikoa debekatua… Hitz batean, ezarritako isilaldi bat».

Erbestean eta Euskal Herrian erdi ezkutuan idazten segitu zuen belaunaldiak lortu zuen literatur etena ez erabateko bilakatzea, baina Toledok argi du gerrak eta haren osteko diktadurak erabateko atzeraldia ezarri zutela. «Gerraurreko euskal kulturgintzari haziz joatea eragotzi zion. Haziz, zabalduz, aberastuz joatea eragozteaz gainera, birrindu egin zuen. Aurrera egin ordez, atzera, ezerezera eraman arte».

Belaunaldien artean bada eten moduko bat, ordea, Toledoren hitzetan. Eten soziologikoa, nahi bada, baina etena.

Dioenez, 50eko hamarkadatik aurrera talka egin zuten maiz gerraurreko belaunaldiaren eta gerraostekoaren mundu ikuskerek. «Diktadurak reserva espiritual de Occidente gisa definitu zuen Espainia. Mendebalde osoan alderdi espirituala ondoen zaintzen zuena izanik, Pirinioez harako adierazpen oro gaiztoa, okerra zen. Testuinguru hartan, euskal belaunaldi berria Pirinioez harat begiratzen hasi zen. Eta, gainera, hedatuz doa industrializazioa, eta horrek ere badakar hiriko kultura indartzea eta ikuskera sekularragoa, klerikaltasunetik urrutiratuz joatea, ideologia desberdinei leku egitea…». Eta horrek ere izan zuen eraginik transmisioan.

Horregatik, garrantzitsua eta erabakigarria izanik ere, Toledok ez du uste 1936ko gerraren ostean ezarritako diktadura denik belaunaldi talkaren kausa bakarra.

Isildutakoen beldurra

Baikortasunari leihoa zabaldu dio Uribek elkarrizketa amaieran. Dioenez, igartzen ditu oraindik 1936ko gerraren arrastoak egungo kulturgintzan. Baina sumatzen ditu hori gainditzeko indarrak ere. «Oraindik Madrilen oniritzia bilatzen aritzen gara neurri handi batean. Ez dugu hemendik sortzen libreki. Pixka bat, oraindik, txiki ikusten dugu geure burua. Beldurrez ari gara, iraungo dugun edo ez... Beldur horiek nahiko ohikoak dira isilduta edo baztertuta egon diren giza taldeetan. Izan daitezke emakumeak, afro-amerikarrak... Mundu osoan ikusten dira beldur horiek eta jokatzeko modu horiek. Sinetsarazten dizute gutxiago zarela eta zure hizkuntzak ez duela ezertarako balio, eta gauza horiek. Gu konturatu ere egin gabe, barruan ditugu beldur horiek. Baina ari gara sortzen azkenaldian, bai literaturan, bai zineman, ari gara sortzen hemendik. Ari gara kentzen gainetik konplexu eta beldur horiek. Beste gauza bat da nola ikusten gaituzten kanpotik».

Dokumentuaren akzioak