Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ETBk 'Dantzatzen den herria' saioa estreinatuko du gaur gauean

Dokumentuaren akzioak

ETBk 'Dantzatzen den herria' saioa estreinatuko du gaur gauean

Herri bateko historiaren gertakizun bati heldu, herritarrak elkartu, eta 'lipdub' bat egingo dute

Egilea
Urtzi Urkizu
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2020/01/08
Lotura
Berria

Itziar Alduntzin kazetaria eta Gotzon Poza koreografoa dira ETBko saio berriaren aurkezleak.

Euskal Herriko zenbait herritako biztanleak elkartu, eta haiekin lipdub bat egitea: hori da ETB1eko Dantzatzen den herria saio berriaren oinarria. Gaur estreinatuko dute, 22:10ean —EITBren webgunean ere ikusi ahalko da—. Dantza tradizionalak, modernoak eta urbanoak tartekatuko dituztela iragarri dute, eta asmoa izango dela herria dantza baten inguruan biltzea.

Atal bakoitzean, saioak herri bakoitzari gorazarre egingo dio, baita bere historiari eta izaerari ere. Hori guztia bertan bizi diren herritarren eskutik.

Saio berria Itziar Alduntzin kazetariak aurkeztuko du —azkeneko urteetan irratian aritu da, eta gaur egun Onda Vasca Gipuzkoan ari da—. Harekin batera, Gotzon Poza koreografoa arituko da gidari lanetan. Programako lantaldea herri bakoitzera eramango duen gertakizun historiko baten inguruko kontuak bilduko ditu Alduntzinek. Aldi berean, herriko kaleetan barrena lipdub-ean parte hartuko duten dantzarien bila ibiliko da. Pozak, herritarrak konbentzitu ez ezik, dantzan ere erakutsiko die, saio amaierako emanaldia borobila izan dadin. Gainera, herri bakoitzeko elkarteen eta eragileen parte hartzearekin osatuko dute lipdub-a: dantza taldeak, musikariak, kirolariak, merkatariak eta abar. Denetariko elkarte horiekin guztiekin batera, koreografia «alai» eta «koloretsu» handi bat osatuko dute.

Hasteko, Getarian

Gipuzkoako kostaldean hasiko du ibilbidea Dantzatzen den herria saioak: Getarian. 500 urte bete dira Juan Sebastian Elkanoren espedizioa abiatu zenetik, eta urtemuga horren aitzakian egingo dute programa. Edonola ere, asmoa ez da izango Elkanori buruz hitz egitea, baizik eta Elkanoren sorterria dantzan jartzea. Elkano txakolindegiko familia, Aitor Jimenez dantzaria, saregileak, Haatik dantza konpainia, Txoko erretegiko langileak, Atzegi elkarteko gazte taldea, Getariako arraunlariak, Salbatore Deuna abesbatza eta San Anton itsas haztegiko lagunak azalduko dira dantzan. Bertakoentzat berezia den Kaiatikan abestia eta Kupela taldearen Txakolina kanta erabiliko dituzte lipdub-ean.

Atal bakoitzean herri bat bisitatuko dute Alduntzinek eta Pozak. Gaur Getarian ibili ostean, datozen asteetan, Gernika-Lumora (Bizkaia), Tolosara (Gipuzkoa), Leitzara (Nafarroa), Bermeora (Bizkaia) eta Pasai Donibanera (Gipuzkoa) joango dira. Beste herri gehiagotara ere iritsiko dira.

Bizkaiko Baleuko ekoiztetxeak eta ETBk elkarrekin ekoitziko dute programa berria. Orain Baleuko beste saio batzuk ere ari da ekoizten Euskal Telebistarako: Ur handitan eta 360º. Azkeneko hilabeteetan, Ahotsak abesbatzen lehiaketako bi denboraldi ere ekoitzi ditu.

Programa berriko aurkezlea ETB1eko Sorginen laratza saioan aritu zen 2000ko hamarkadako hasieran. Gaztean eta Euskadi Irratian egin zuen lan gero.

Dokumentuaren akzioak