Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Eta maita herria» pastorala GAUR8ren orrialdeetan, larunbat honetan hasita iraila bitartean

Dokumentuaren akzioak

«Eta maita herria» pastorala GAUR8ren orrialdeetan, larunbat honetan hasita iraila bitartean

Gerardo Mungia «Pintxe» iruindarrak idatzitako «Eta maita herria» pastoralaren lehen atala argitaratuko du GAUR8k, pastoral tradizionalaren egitura duen baina gaurkotasun gaiak jorratzen dituen lana. Larunbatero, iraila bitartean, atal bat irakurgai egongo da.
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2021/07/02
Lotura
Naiz
«Andere Serora Hiriburun» pastorala, 2018an Hiriburun jokatua (Bob EDME I FOKU)
«Andere Serora Hiriburun» pastorala, 2018an Hiriburun jokatua (Bob EDME I FOKU)

«Euskal Herriko Mendialdeko etxaldeak, herrixkak, baserriak, gehienetan doi-doian zutik dira mantentzen edota husten ari dira. Gure herrian populazioa zahartzen ari da eta laborantza munduan nehon baino nabariagoa da». Horrela hasten du Gerardo Mungiak bere azken pastorala idaztera bultzatu duen gogoeta. «Zer gero dute izanen artzainek? Hamabortz mila urtez gure mendiak artatzen, iratzeak eta belarrak metatzen, abereak zaintzen, gasna ekoizten aritu dira. […] Meritu alimalea daukate gazte horiek, nekazaritzari eta abeltzaintzari loturik segitzen dutenek».

Gazte horiek etxea utzi ondorengo «bizipozak, bizipenak, abenturak…» kontatzen ditu Mungiak. Patxi eta Idoia, pastoralaren protagonistak, beren herrietatik hirira joan dira lan bila; nolanahi ere, bi-biek beren herri txikekiko loturari eutsi diote. Langileen borrokarekin eta euskararen aldeko mugimenduarekin bat egingo dute eta errepresioa ere bertatik bertara ezagutuko dute, euskal presoen sakabanatzea jasan beharrean.

Dagoeneko entzungai dago pastoral horretako kantore bat, Jexuxmai Lopetegik musikatu duen “Idoiarendako balada”, hain zuzen (testu honi atxikia entzungai dago). Lopetegik berak abesten du eta gitarra jotzen du, eta berarekin batera Arkaitz Minerrek biolinak eta biolak, eta Iñaki Prietok txeloa. Unai Moraza grabazioaren nahasketa eta masterizazioaz arduratu da.

Larunbat honetatik, beraz, “Eta maita herria…” pastoralaren lehenengo atala GAUR8n irakurgai. Lehen atalean, egun arte bizirik Zuberoan baizik iraun ez duen antzinako herri antzerki mota horren gaineko hainbat azalpen ere eskaintzen ditu Mungiak. Ilustrazioak Haira Ariztegik eginak dira eta Mikel Tabernak gainbegiratu du testua.

Dokumentuaren akzioak