Dokumentuaren akzioak
Eszenaren ertz garaikidea
Diziplinen arteko mugetan joan etorrian dabiltzan proposamenak programatzen ditu maiz jaialdiak, Alicia Otxandategi jaialdiko zuzendariak onartu duenez, eta, horregatik, «ezinbestekoa» da festibala horretan dabiltzanentzat. Orokorrean izan delako urte zaila sortzaileentzat, eta, bereziki zaila jaialdian parte hartu ohi dutenen moduko konpainientzat. «Sortzaileek behar dute BAD, eta premiazkoa zaie honek aurrera egitea», azaldu du. Jaialdian parte hartzeak konpainiei beste jaialdi batzuetara heltzeko ateak ere irekitzen dizkiela gehitu du zuzendariak. «Gure artistek kanpoan lan egin ahal izatea oso pozgarria da».
Olatz de Andres koreografoak bere emanaldia ohiko formatuetatik urruntzea erabaki du, adibidez. Hacer tiempo (Denbora pasa) izeneko pieza erdiz baita erakusketa eta erdiz dantza ikuskizuna. Lau orduko iraupena izango du emanaldiak, eta sartu-irtenean aritzeko aukera izango du bisitariak. Erabateko estreinaldia du piezak, eta urriaren igandean egingo dute, Deustuko erriberako IED Kunsthal aretoan.
Miguel Angel Berna dantzari espainiarrak Oturia: intima peregrinatio ordu erdi inguruko dantza emanaldia estreinatuko du urriaren 20an Campos antzokian. Isaak Erdoiza eta Nazario Diazek soinu esperimentazioaren eta dantzaren artean dabilen Fuego verde emango dute 22an lehenengo aldiz, Fundicion aretoan. Colectivo V.A.L.A. euskal konpainiak sortutako You are welcome instalazioa izango da jaialdiko beste erabateko estreinaldietako bat, eta 22an eta 24an egongo da ikusgai Bilborocken, eta Koldo Arostegik ere 23an eskainiko du lehenengoz El ritmo que nos precede Campos antzokian.
Gaztetasuna eta kalitatea
Euskal Herrikoak dira jaialdian izango diren konpainien erdiak, eta «adierazgarria» da kopuru hori jaialdiko zuzendariaren hitzetan. «Gure eszena garaikideak indartsu dirau nazio eta nazioarteko programazioetan, eta azken urteetan gero eta leku handiagoa hartu dute nazioarteko jaialdietan: euskal eszenaren eta artisten kalitatearen adierazle da hori». Gaineratu duenez, nabarmentzekoak dira jaialdiko talde horien «gaztetasuna» eta «kalitatea».
Euskarazko hiru emanaldi ere izango dira. Horman Poster konpainiak igandean eskainiko du Harrobia aretoan Antigone edo ezetzaren beharra, eta hurrengo egunean toki berean taularatuko du Jon Ander Urresti aktoreak Tribiz, baserri galdua izeneko antzerki dokumentala. Nerea Martinez dantzari eta koreografoak ostiralean eskainiko du Abrazo izeneko lana areto berean, eta lehenengo aldiz egingo dute saioa euskarazko testuarekin.
Hain zuzen ere, pieza horren zati bat eskaini zuten Natalia Garciak eta Martinezek berak jaialdiaren aurkezpen ekitaldian. Gorputz osoa lokatz moduko batekin estalita, aulki eta mahai baten inguruan aritu ziren bi dantzariak dantzan, bozgorailuetatik xuxurla eta giza marmar bat entzuten zen bitartean. «Buztinetik gatoz, buztina gara eta buztinera itzuliko gara».
Espainiako, Kataluniako, Galiziako, Frantziako eta Erresuma Batuko konpainien proposamenak ere izango dira ikusgai, eta Igor Calonge euskal koreografoak Cielo Raso konpainiaren Piedra lanarekin amaituko da programazioa, hilaren 24an.
Fundicionen, Bilborocken, Harrobian, Campos antzokian eta Berreginen Museoan izango dira saioak.
Emanaldiez gain, tailerrak ere antolatu dituzte, eta egun erdiko jardunaldia egingo dute urriaren 16an. Dantza, arte dramatikoa, hezkuntza eta ikerketa izango dituzte mintzagai, eta Internet bidez ere jarraitu ahalko dira hitzaldiak.
Aurten, 23. aldia izango du jaialdiak eta, «mende laurdenera gerturatuz doala», ibilbide horretan guztian lortu duen erreferentzialtasuna izan du gogoan Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak. «Kultura garaikidearen maitaleentzako topagunea da BAD beti, eta zita garrantzitsua arte eszenikoetako proposamen berri eta berritzaileenak ezagutzeko». Jaialdia ikuskizun berriak abian jartzeko erakusleiho ona dela ere gaineratu du.
Sarrera doakoa izango da emanaldi gutxi batzuetarako, baina horietan ere aurrez egin beharko dira erreserbak. Hamar euroko sarrera izango dute gainontzeko emanaldi guztiek, eta bonuak ere eskainiko ditu jaialdiak: 20 eurokoa hiru saio ikusi ahal izateko, eta 30 eurokoa bost saiotarako.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:
www.badbilbao.eus
Dokumentuaren akzioak