Dokumentuaren akzioak
Eszena arteetako beste bost proiektu babestuko ditu Donostia 2016k
Mugalariak proiektuaren lehen edizioko bost egitasmoak martxora bitartean garatuko dira
Pantxika Telleria koreografoak zuzentzen duen Elirale konpainia Erik Satieren obran oinarrituriko Satie-ka proiektua lantzen ari da. Donostiako Lugaritz eta Hego Lapurdi Mankomunitateko kultura zerbitzua dira Eliraleren sorkuntza prozesuari laguntza ematen ari diren ekipamenduak. Eliralek hainbat eguneko egonaldiak egin ditu Azkaineko zahar etxean, Hendaiako Marinaren ospitalean eta Donostiako Elizaran eguneko zentroan, eta horrek obra in situ prestatzea eta erakustea ahalbidetu dio konpainiari.
Donostiako Dantzaz konpainia Txoriak ikuskizuneko aretorako bertsioaren sorkuntzan buru-belarri dabil, Donostiako Maria Reina ikastetxearekin eta Larzabalgo Manex Erdozaintzi kolegioarekin. Lan prozesu horien emaitzak urtarrilaren 17an partekatuko dituzte bi ikastetxeetako ikasleek, 2016 Fundazioaren gunean.
Itziar Elias bere aitona-amonen bizipenetan oinarritutako antzezlan batean ari da lanean. Espainiako gerran girotuta, gerrak ekarritako gizarte banaketari gailenduko zitzaion maitasun istorio bat kontatzen du. Azpeitiko San Agustin kulturgunearen eta Luhusoko Hameka sormen fabrikaren artean banatuko da sorkuntza prozesua.
Artedrama konpainia Etxekoak egitasmoa ontzen ari da, Zumaiako Aita Mari antzokiaren eta Luhusoko Hamekaren artean, eta Rouge Elea Zuek izeneko egitasmo multimedia lantzen ari da (musika, antzerkia, irudiak...), Leioako Auditorioarekin eta Donibane Garaziko Herri Antzokiarekin elkarlanean.
Mugalariak proiektuaren bigarren edizioak berritasun bat dakar: lehenengo edizioan aurkeztu eta hautatu ez ziren proiektuak Sarean dauden lurraldeko antzokien eskura jarriko dira, egonaldiak sustatzeko. Kasu horietan proiektuek ez dute 8.000 euro arteko sorkuntzarako laguntza ekonomikorik jasoko, baina 1.600 euro ordainduko zaie jarduera horietan parte hartzeagatik, eta aholkularitza ere jasoko dute. Sarea-ko hainbat ekipamenduk adierazi dute interesa; Sopelako eta Errenteriakoek, adibidez.
Mugalariak proiektuko lehen edizioko obra hautatuetan lanean ari diren kideak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak