Dokumentuaren akzioak
Estreinaldi erraldoia
Aupa Aritz! Folklore jale baten an-dantzak
Beraz, zangoan oraindik iltze bat sartuta dudan arren, aurten egin dut debuta, ostegunean. Beldur handia nuen. Izan ere, entseguetan, ez zegoen jenderik inguruan. Karrikan jendez inguratuta gaude. Eta beldurra ematen du; batez ere piezen bukaerako jirak emateak. Baina eguna bukatzerako, neurria hartu nion erraldoiari eta jendeari.
Erraldoi bakoitzarekin hiru eramaile joaten gara. Eta hasiberrioi beteranoek ziria sartzen digute, eta behar baino gehiagotan jartzen gaituzte dantzatzen. Ongi dago. Horrela ikasten da.
Niri, Asiako erregina eramatea tokatu zait gaur [atzo]. Badira erraldoi batzuk aiseago eramaten direnak, arinagoak direlako edo oreka puntua orekatua dutelako. Hasiberriek horiexek eramaten ditugu. Nolanahi ere, hasi aurretik, ongi berotu behar da. Oso garrantzitsua da. Eramaileetako batek berotu gabe hasi behar izan du, gaur, eta bikia gogortu zaio.
Dantzatu beharreko kalejira zatiak laburrak izaten dira. Izerditu egiten zara, baina berriz ere tokatzen zaizunerako, atseden hartuta zaude. Hori bai, atsedenaldi guztietan, haur piloa hurbiltzen da erraldoietara, haiek barnetik ikustera eta argazkiak egitera. Hori ongi jasaten da. Ez, ordea, aulkitxoen kontua. Zergatik ez dituzte haurrak sorbalda gainean edo eskutik helduta ekarriko? Hala, erraldoia dantzatzen ez duten beste biek aulkitxoak kentzen joan behar dute. Beti jotzen dugu baten bat. Erraldoi barnetik ez baita sobera ongi ikusten. Baina ez dira kolpe handiak izaten.
Atsedenaldietan jatekoa eta edatekoa ateratzen digute. Edan edo ez edan norberaren hautua da. Nik ura edan dut. Badaezpada ere. Eta atzo [herenegun] parranda egin nuen, baina goiz oheratu nintzen, e! Izan ere, erraldoiarekin dantzatzeak eskatzen du atseden hartuta egotea.
Dokumentuaren akzioak