Dokumentuaren akzioak
Estiloak nahastuz
Inspirazio askotariko dantza nahasi eta euskal dantza tradizionalaren kodeak hautsi ditu Anaigazteak konpainiaren lan berriak
Emanaldi horren arrakasta ikusiz, Bodarin emanaldia sortzeko asmoa izan
zuen, 2007an. «Proiektua, Jean-Michel Guilcher idazlearen esaldi
batekin hasi zen. Bere erranetan, euskal artea biziki aberatsa omen da.
Baina, horrez gain, beste kulturei , mailegatzeko gaitasun ikaragarria
dauka euskal kulturak. Haren zahartasun handia eta kontserbazio
ahalmena ukatu gabe, bi elementu horiek eskuratzeko edo beretzeko
izugarrizko ahalmen batez bikoizten direla onartu behar dugu», dio
Larraldek.
Bodarin emanaldian, euskal dantza beste bi dantzekin nahasi ditu:
flamenkoarekin eta modern-jazz dantzekin, alegia. Zergatik estilo
horiek eta ez beste batzuk «Nik, batez ere, musikarekin lan egiten dut.
Nire lehen taula, lapurtar inauteriarekin hasi nahi nuen. Inauteri,
sorginkeri, akelarre... giro hori eta modern-jazz dantzak ongi
ezkontzen direla atzematen dut. Ez dakit zergatik. Beharbada nire
nerabezaroko Mickael Jacksonen Thriller bideoklipa inkontzientean
sartua daukat...». Bigarren nahasketa flamenkoarekin egin du. Donibane
Lohizunen beti indartsua izan da flamenko kultura: «Nik beti hori ikusi
dut, baina ezagutu gabe. Maina Corronado da mugimendu horren guztiaren
eramailea. Maixu handi horrekin lan egin dugu Bodarin eraikitzeko»,
adierazi du koreografo lapurtarrak.
Iban Thicoipe 23 urteko dantzari gaztea da. Bost urte daramatza
Anaigazteak taldean. Emanaldi horren prestatzeko zailtasun handiena
teknika eta «zango eta besoen arteko koordinazioa» izan dela aitortu
dio matrakari. «Baina, kasu: ez gira flamenko dantzariak. Ez dugu
prententzio hori. Flamenkoa dantzatzen dugun euskal dantzariak gira»,
zehaztu du. «Pentsatzen dut nahasketak baduela indarra: gazteak
aspertzen dira betiko dantzak egiten. Motibatzeko, energia positiboa
atxikitzeko, sortu behar da! Baina sorkuntza hitza sobera arinki
erabiltzen da. Sorkuntza ordez, moldaketa, nahasketa egiten dugula
erran nahiko nuke».
Azken urteetan, Ipar Euskal Herrian, dantzariek eta publikoak beste
zerbait ikusi eta egin nahi duela sentitzen da. Eta alde guztietatik
sortzen ari diren emanaldiek tendentzia horren indarra azpimarratu
besterik ez dute egiten. Batzuek euskal dantza hip hop edo afrikar
dantzarekin nahasten dute. Besteek punk musiken gainean dantzatzen
dute. Antzokietako sorkuntza baldin bada ere, Bodarin dinamika positibo
horretan sartzen da: euskal dantza denena dela pentsatzea eta kodeak
existitzen baldin badira hobeto hausteko direla konbentzitua izatea.
"Hemengo dantzariek konplexuak galdu dituzte"
1 Nork osatzen du Anaigazteak konpainia
Anaigazteak konpainiak Ipar Euskal Herriko hogeibat dantzari eta
musikari heldu biltzen ditu. Arbona, Basusarri, Ezpeleta, Gabadi,
Luhuso, Urruña eta Donibane Lohizune herrietako gazteria federatzen du.
Dantzari horiek beren jatorrien atxikitzeko arduratsu dira, baina,
denbora berean, euskal dantzaren ondarea aberastu nahi baitute, bertze
aukerak arakatzen dituzte euskal dantzarentzat, beste kulturekin
nahasiz. Honela, 2001ean, Ibilaldi bat lanarekin eta 2004an Bidean
zehar sorkuntzarekin, konpainiak dantzaren eta kantuaren arteko lotura
edo harremana goraipatu zuen, Parisko Anaiki gizon abesbatzaren
laguntzarekin.
2 Ez al da sobera zaila profesionala ez den jendearekin lan egitea
Egia da Euskal Herrian dantzari profesional gutxi dagoela. Egia da ere
gazteek aktibitate asko konbinatzen dituztela. Baina nik ez dut
horrenbeste zailtasun izan gazte horiekin lan egiten. Erran behar da
ere aspaldi egiten dugula lan elkarrekin eta elkar ezagutzen hasiak
garela. Nahikeria bat bada beren aldetik ere. Eta energia ere bai.
3 Artistikoki, prestakuntzaz euskal dantza tradizionaleko jendeari beste zerbait irakastea ez al da desafio handia
Bai. Biziki desafio handia da! Dantzari tradizionalok erregistro
bakarra ezagutzen dugu: gurea. Eta nahiz eta euskal dantzari ona izan,
ez da ebidentea flamenko dantzari ona izango garenik. Euskal dantzan
zangoak bakarrik erabiltzen ditugu. Flamenkoa dantzatzeko, gorputz osoa
erabili behar da, bereziki besoak, burua, begirada, bizkarra. Hori
guztia landu behar izan dugu. Ez da erraza izan. Baina dantzariei
perspektiba berriak ireki dizkiegu lan hori eginez.
4 Urte asko daramatzazu euskal dantzaren munduan. Zertan da dantza, zure ustez, gaur egun
Orduak eta orduak beharrezkoak lirateke ikuspegi batean marrazteko.
Lehenik eta behin, errango nuke, orokorrean, hitz ordu nagusiez gain
inauteri, maskarada... herriko dantza talde gehienak krisian direla.
Oso zaila da dantza talde baten kudeatzea, eta are zailago dantzari
helduak atxikitzea. Baina paradoxa bat bada ere: indar galtze horrekin
batera, Ipar Euskal Herrian sorkuntzen biderkatze bat gertatzen ari da.
2003an dantza sorkuntza txapelketa egin zenetik, dantzariek konplexuak
galdu dituzte. Dantza berenganatu dute, eta sortzera ausartzen dira.
Denetarik atzematen da gaur egungo sorkuntzan, baina errango nuke
prozesu interesgarria dela.
5 Sortzea eta tradizioak bizirik atxikitzea bateragarriak al dira
Nik askotan entzun dut euskal dantza ezin zela besteekin nahasi.
Zergatik musikan estiloak eta jatorriak nahastea ongi ikusia da eta
euskal dantzan ez!... Aitzinatzeko, gauzak sortu behar dira. Hartu
Axuri beltza dantzaren adibidea: gaur egun, Euskal Herriko dantza talde
gehienek dantzatzen dute herriko plazan, XVIII. mendeko dantza bat
balitz bezala. Baina Juan Antonia Urbeltz maisuak sortu zuen, 1965ean!
Oso dantza berria da. Nik uste dut gaurko sorkuntza biharko tradizioa
dela.
7 Zein dira zuen proiektuak
Oraingoz, erre dugun energia berreskuratzea eta lana ahal bezainbat
aurkeztea. Ondotik, ikusiko dugu beste sorkuntza baten egiteko indarra
eta laguntza heldu den alde batetik edo bestetik...
Dokumentuaren akzioak