Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Estetika torturaren aurka

Dokumentuaren akzioak

Estetika torturaren aurka

Kritika, Espainiako dantza konpainia nazionala

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2007/11/06

Haietariko lehena -Gnawa izenekoa- Magrebeko kofradia mistiko musulman batzuetan sortutako musikan oinarritzen da, eta, aitzakia horrekin, zapore etniko handiko pieza eratu du koreografoak. Dantzak irauten dituen hogei minutuetan hiruzpalau musika pasarte koloretsu entzuten ditugu, eta horrek kontraste egiten du Duatoren konpainian betidanik erabili den argi urdin mortuarekin eta emakumeen soineko beltz luze eta dotoreekin. Kontrako muturrean, baina, gizonezkoen praka zuriak eta soin biluziak daude, nolabaiteko afrikartasuna adierazi nahian edo.

Koreografian zehar zenbait pasarte eder ikusi ditugu, hala nola erdian talde eskultoriko bat osatzen dutenekoa, bertatik norbanakoak irten ezinik dabiltzala, edota gizona eta emakume biluziaren irudikapena hurbiltzen dituen erritual magikoarena. Pieza berri honetan teknika aratzagoa eta egikera askoz delikatuagoa erakutsi dute dantzariek, konpainiaren aurreko produktuekin konparatuz gero.

Baina, zalantzarik gabe, Herrumbre izeneko pieza izan da gaueko plater nagusia. Duatok berak esan du lan hau torturaren aurkako aldarrikapena dela, eta nik uste dut dantza oso baliabide interesgarria izan daitekeela gizartearen gaitzak eta gizakiaren minak aztertzeko. Alde horretatik, nire txalorik beroena ekimenerako. Alde estetikotik, ordea, berriz ere ikusi dugu betiko argi urdina -kasu honetan askoz justifikatuagoa, gaiaren gogortasunagatik- eta berriz ere agertu dira konpainiaren uniformea diruditen emakumeen soineko luzeak eta koreografoaren berezigarriak diren betiko keinuak: buruak piloten moduan bueltaka, emakumeak hankak airean astintzen eta une batez paralizatuta gelditzen diren besoak eta hankak.

Piezaren eraketan soinu-bandak hartzen du protagonismoa, tortura eszenetan kolpe bortitzak, soinu industrialak, helikoptero hotsak eta perkusio gogorrak baliatuz, eta haien artean biolontxelo elektrikorako pasarte gozoak tartekatuz. Dantzari dagokionez, interesgarria da ikustea nola lortu den tortura bera irudikatzea dantzaren parametro zorrotzetatik irten gabe, baina zenbait momentutan iruditu zaigu koreografoak torturaren azterketa estetikoa edo intelektual hutsa egin duela, eta gure erraiak gaiari buruz dakigunagatik mugitzen zirela eta ez eszenan bertan sortutako emozioengatik.

Koreografiak: 'Gnawa', 'Herrumbre'.
Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia.
Eguna: Azaroaren 4a.

Dokumentuaren akzioak