Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Esplizitutik abstrakziora

Dokumentuaren akzioak

Esplizitutik abstrakziora

‘Mutis’

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2003/02/18

Barakaldo antzokian estreinatu berri da Matxalen Bilbao koreografo eta dantzariaren azken lana, Mutis izenekoa. Azken urteotan gora doazen figura berri batzuk elkartu dira lanaren inguruko hainbat arlotan (zuzendaritza, argiztapena, musika eta dantza bera), eta horrek berebiziko interesa gehitu dio estreinaldiari.



Esku-programan azaltzen den moduan, «proiektuak espazioa ikertzen du, eta esploratu nahi ditu ikusgarri eta ikusezinaren arteko mugak». Nik uste dut asmo horrek sakon markatu duela koreografoaren estilo-aldaketa, orain arte guztiz esplizitu izatetik abstrakzio eremuan gogoz murgiltzera igaro dena.



Abstrakzioaren bide berri horretatik, mugimendua guztiz pausatua da, presarik gabekoa, denbora eta espazioaren esplorazioari dagokion bezala, eta zenbait pasartetan denbora igarotze geldoan geratzen da, besterik gabe. Gehienbat bakarlari gisa edo elkarrengandik urrunduta aritzen dira hiru dantzariak irudimenezko labirintoak deskribatuz, eta zenbait momentutan nabaria da soinu elektronikoek mugimendu eta norabide aldaketetan izandako eragina.



Hiru dantzariak oinutsik doaz, Borja Ramosen soinu-bandak eta Paul Basañezen irudiek sortutako giro erdi onirikoan murgilduta. Batzuetan, dantzarien keinuak dislokatuak dira, maniki edota panpina batenak balira bezala, eta eskortzoak erruz erabiltzen dira, batez ere Saioa Ibañezengan hain bereizgarriak diren desplazamendu horizontaletan. Era berean, nabariak dira bikotean zein banaka sortutako segida eskultorikoak.



Dena dela, nik esango nuke zuzendaritza taldeak ezin izan dituela erabat kontrolatu elementuen aberastasuna eta haien arteko elkarreraginak. Esaterako, soinu-banda mamitsuak baldintzatu egiten du emaitza. Izan ere, pasarte batzuk neurririk gabe luzatzen dira soinu-bandaren aginduz-edo eta, luzapenarekin badirudi ekarpen gutxiko efektuak edo aurkikuntza txikiak behin eta berriro errepikatzen direla.



Beraz, nik esango nuke saiakera zintzo eta interesgarri baten aurrean gaudela, batez ere kontuan izanda koreografoaren aro berri bat irekitzen duela. Aldi berean, baina, nik uste dut gehiago sakondu beharko zela hiru dantzarien estiloak bateratzean eta, bestetik, beharrezko ikusten dut lanaren edukia apur bat orraztea, betiere abstrakzioaren eta araztasunaren izenean.

Dokumentuaren akzioak