Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Espero gabeko omenaldi ederra

Dokumentuaren akzioak

Espero gabeko omenaldi ederra

Larunbat honetan San Telmo museoan euskararen egunaren harira omenaldi modukoa zegoela-eta, aitonak ni bertan izatea nahi zuela esan zidanean amak, batere gogorik gabe baina egoerak behartuta esan nion baietz, aterako nuela tarte bat eta hurbilduko nintzela nola edo hala.
Egilea
Lander Arretxea
Komunikabidea
zuzeu.eus
Mota
Albistea
Data
2014/12/02
Lotura
zuzeu.eus

Etorri zen larunbata, eta lo aurpegiarekin heldu nintzen bertara, zer topatuko nuen jakin gabe. Ordurako, jendetza izugarria zegoen bilduta behinola eliza izandako San Telmoko aretoan. Bete-beteta zegoen, baina familian altu xamarrak baditugu eta ahalegin askorik gabe aurkitu nuen nire tokia. Derrigorrezko agurren ondoren, eseri, eta batere interesik gabe, baina protokoloa jarraituz, eszenatokira begira jarri nintzen.

Beltran aita semeen antzerkia hasi zen lehenengo, Alaia Martin eta Rosi Lazkanoren bertsoak ondoren. Beranduago, omenaldiaren zergatia ulertzeko balio izan zidan Ahotsak ekimenaren baitan euren testigantzak eman dituzten 138 donostiarren bide hautapen bat. Bertso gehiagok, esker hitzek, eta dantzariek borobildu zuten emanaldia gero, eta Juan Karlos Izagirre bera aurreskua dantzatzen ikusteko parada ere izan genuen.

Ez zen, ez, sekula ikusi dudan emanaldirik bikainena izan, baina aiton-amonen irrifarrak salatzen zuen moduan, ez nintzen ni errima eta txalaparta hots horien jopuntua. Haiekin bai, bete-betean asmatu zuen. Eta zer demontre, asperduratik harridurara igarota burura etorri zitzaidan asko diogula oro har eskertzeko Ahotsak ekimenari, eta emotiboegi jarri gabe, baita aiton-amonei ere.

Donostian eta Euskal Herri osoan bildutako ehunka testigantzek euskalki mapa aberatsa osatzeko ez ezik, euren ohituren berri izateko parada ere ematen baitigute. Maila pertsonalagoan, aiton-amonen kontu zaharrak bideoan bilduta geratuko direla jakiteak halako lasaitasun bat ematen digu guri, eta haiei aldiz, sekulako ilusioa egiten die. Horregatik izan zen ederra emanaldia ere, guk eskertzen asmatzen ez duguna, guk eskertzen asmatzen ez dugun moduan helarazi zietelako frankismoaren errepresioa jasan behar izan zuten arren, euskarari eutsi dioten 138 donostiar horiei.

1

Dokumentuaren akzioak