Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Esperientzian berriak

Dokumentuaren akzioak

Esperientzian berriak

Espainiako Dantza Konpainia Nazionala

Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Albistea
Data
2002/12/14

Nacho Duatok zuzentzen duen Dantza Konpainia Nazionalak ez dio Bilbon duen hitzorduari huts egin eta, beste urteetan bezala, aurton ere eutsi dio dantza modernoari ematen dioten maila ona. Kasu horretan ez da etorri gure plazara estreina absoluturik egiteko baina biribildu zuten egitaraua Espainia aldian orain dela gutxi fresko-fresko antzeztu berria datorkigu eta hori ere eskertzekoa da. Oraingo dantzari taldeak heziketa bikaina azaldu zigun, hala taldeko diziplinan zein bakarkako abilezietan. Batzuetan eszenografiarik gabe argiztatze hutsarekin dantzatu zuten, beste batzuetan baliabide minimoekin baina dantzarien mugimenduak eta musikak benetan zoragarriak izan ziren.



Zortzi emakumeren ametsen mundua



Zortzi emakumeren ametsetako mundua islatzen da zuzendariak berak sinatzen duen Sueños de éter koreografian —gure ustez abstraktu samarrean— non Landowskiren musikak eder laguntzen baitu emakumeen amesgaizto eta sufrikarioak. Asko gustatu zitzaigun Jirí Kylianek asmatu zuen No more play koreografia Anton Weber musika bikainarekin: dantzariek pultsuz egindako irudi ederrekin grabitatearen legeak kolokan jarri zituzten eta pausu eta dantza librearekin hautsi nahi zuten joko ezkutuak zituen arautegia. Solo For Two izeneko koreografia Mats Ek-ek asmatu zuen eta Arvo Pärt-en musika new age sasi errepikatzailearekin lagundu zuen: bertan, behin eta betiko bikotearen harremanak azaltzen dira dantza modu adierazgarrian gehiago estetikoan baino. Castratti edo zikiratuen tragediarekin bukatu zuen dantzaldia Duatoren koreografia eta Vivaldiren musika barrokoa eta Jekins-en erantsiarekin. Itxuraz landuena zen talde lana iruditu zaigu , arropa dotorea eramanez, gizonezkoek bakarrik dantzatzen zuten ekitaldiaren hasieran emakumezkoek egiten zutena: zikiratze fisikoaren salaketa oihua gizonen historian edo zikiratze psikikoa emakumetan. Gure ustez baletaren gurpila eder dantzatua.

Dokumentuaren akzioak