Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Espazioa mugimenduan

Dokumentuaren akzioak

Espazioa mugimenduan

'Metapolis Proyect 972' izango da Arriaga antzokian gaur, dantzaren eta arkitekturaren arteko fusioa

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2004/04/29

Dantzarien gorputzek espazioarekin batera egiten dute dantzan. «Espazioa gizabanakoa bezain garrantzitsua da. Bien arteko eragina erabatekoa da. Espazioak gizabanakoa baldintzatzen du; haren izateko modua eta bizitzeko era zehazten ditu; era berean, gizabanakoak espazioa nahi bezala antolatzen du, eta hori da, hain zuzen, Flamanden eta Hadiden lanean gertatzen dena: espazioa alegiazko hiria da, eta, edozein hirik bezala, aldaketa ugari jasotzen ditu; dantzariek hiria dantzan jarriko dute, espazioa mugimenduan», azaldu digu Diezek. Jendetzatik urruti, kontrastez josiriko hiria eratu dute Flamandek eta Hadidek Metapolis Proyect 972 lanean; Metapolis izeneko alegiazko espazioa sortu dute, «hiritik haratagoko tokia». Espazio publikoak eta pribatuak talka egiten dute bertan, gizabanakoak eta jendetzak, mugikortasunak eta mugikortasun ezak, gune urbanizatuek eta despopulatuek, ordenak eta anabasak. «Kontrakotasunek mugitzen dute Metapolis», Diezen hitzetan. Dantza lanak «azkar» egiten du aurrera, «mugimenduak ez du etenik».



Bideo irudiak gainean jarriz sortzen dute mugimendua



Dantzarien gorputzen mugimenduak bideo irudiekin tartekatzen dira oholtzan. Tartekatu batzuetan, eta gainean jarri besteetan, «espazioa mugimenduan jartzeko». Hiru zubik eta irudiak islatzen diren urdin koloreko pantailak osatzen dute Hadidek diseinaturiko eszenografia. «Etorkizuneko hiri proiektura gerturatzeko asmoz eginiko diseinua» egin du arkitekto sonatuak, Diezen arabera. «Bere proiektu askoren irudiak proiektatzen dira agertokian jarritako pantailan; irudi horietako batzuk eraldaturik azaltzen dira, nolabaiteko abstrakzioaren bidez mugimendu sentipena iradokitzeko».



XX. mende hasierako abangoardia bik, futurismoak eta kubismoak lagatako ondarearen inguruan eginiko gogoetaren emaitza da Metapolis Proyect 972 ikuskizuna; «Dantzaren eta arkitekturaren arteko fusioa». Hadiden ustez, «arkitektura bizirik dago, arnasa hartzen du, eta, horregatik, grabitate legeetatik askatu beharra dago. Metapolis espazioko eraikinak fisikaren legeen morrontzatik askatzeko ekintza utopikoa da Metapolis Proyect 972 obra». Ikuskizuna bukatzerako, bi mundu ageri dira aurrez aurre: «Dantzariek ordezkatzen duten mundu erreala eta eszenografiak iradokitzen duen mundu birtuala». Birtuala eta utopikoa momentuan eskuraezinak diren aldetik antza ere izan dezakete. Hadidek bi munduok maite ditu.



Birtuala eta utopikoa baino haratago



Baina oholtzatik kanpo, proiektu utopiko eta birtualetik haratago lan egin ohi du Hadidek. Deskonstrubismoaren ordezkari handienetakoa da, eta bere lanaren gehiena paperean egon da urte askoan. Ondorioz, «paperezko arkitektotzat» jo izan dute askok. Hadidek Pritzker arkitektura sari ospetsua jasoko du maiatzaren 31n, San Petersburgon (Errusia), arkitekturaren alorrean Nobel sariaren parekoa. Sari hori jasoko duen lehen emakumea izango da. Cinccinnatiko arte museoa eta Estrasburgoko geltokia egin ondotik, hamaika proiektu ditu Hadidek esku artean; Bilboko Zorrotzaurre gunea kasu.



Flamandek, berriz, arte eszenikoak arkitekturara eta bestelako diziplina plastikoetara ekartzeko zaletasuna du. 1973an Plan K dantza konpainia eratu zuen. Eta urte batzuen ondoren, Charleroi Danses-Plan K izena eman zion. Gaur egun, dantza estilo ugari menderatzen duten dantzariek osatzen dute koreografo belgikarrak gidatzen duen konpainia.















z Dantzaren Nazioarteko Egunerako mezua



Onespen handia duten dantzariek ematen dute urtero mezua. Aurten, Australiako Stephen Pageri eskatu diote lan hori egin dezan. Mezua, hauxe: «Dantza dugu gizakiaren adierazpiderik zaharrena. Gorputzaren eta hizkuntza fisikoaren bitartez, dantza estu loturik dago emozioen eta espirituaren munduari.Aborigenen kultura tradizionalean, dantza da muina, sendagai sakratu halako bat. Dantzak sustraiak ditu, loturak ditu Ama Lurraren espirituarekin. Zeure burua dantzaren esku utzi ezean, ezingo duzu bakean ehizatu. Dantzak gizakiaren izatea osatzen du.Dantza lan bat sortzen dudanean, tradizioaren hazia irentsi eta bereganatzeko eskatzen diet dantzariei, jaiotzatik bertatik ekarririko kodeak barrenean sentitzeko; hartara, gaur egungo mundura ekarri ahal izango dugu tradizioaren mamia.Dantza dugu hizkuntza unibertsala. Gizakiaren izatea eta espirituaren ospakizuna adierazten ditu. Dantza dugu harremanaren bihotz artistikoa. Sendabide sakratu unibertsal bat da».











z Egitaraua



Gaur



Donostia: Dantzaren sariak Miguel Orbeltzuri eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Udaletxean, 11:00etan.Barakaldo: Euskal Koreografoen Erakustaldia. Barakaldo Antzokian, 20:00etan.



Bilbo: Charleroiren Metapolis Project 972. Arriaga antzokian, 20:00etan.Barañain: Klase irekiak eta ikuskizuna. Auditorioan, 20:30ean.











Bihar



Iruñea: Tempomobileren La memoria de las piedras. Gaiarre antzokian, 20:00etan.



Elgoibar: J. M. Dantza Teatroaren Plazer bila. Herriko antzokian, 22:15ean.











Etzi



Barakaldo: Espainiako Konpainia Nazionala. Barakaldo antzokian, 20:30ean. (Etzidamu egitaraua errepikatuko dute).



Errenteria: Herri askotako dantzariak, Dantzari Txikiaren Egunean. 11:30etik aurrera.

Dokumentuaren akzioak