Dokumentuaren akzioak
Espazio aske bat
Garaziko Libertimendua
Igande goiz eguzkitsu eta goxoa zen, aurtengo Zaldun Ihaute eguna, joan den otsailaren 26a, Baxenabarreko hiri nagusian. Kabalkadak, merkatu estaliko plaza hartzen du urratsean eta ikuslea hurbiltzen da nagiki. Laster, osatu da zirkulua, jokorako espazio iduriz naturala. Sartu da lehen zirtzila eta zart! lehen begi kolpean hor da antzerki irudia. Berehala, irria eta ikuslearen irudimena dantzan jartzen duena. Ilezko jaka luze bat, palmak zangoetan eta sudurraren egiteko galtzerdi bat zintzilik. Pirinioetako Desmana, sator sudur luzea sartu zaigu eta gaian gara. “Euskal mendiaz” Eskualdeko Natur Parke bat egin nahi dute, turismoa garatzeko. Sator sudur luze umeak bere lehen urratsak egiten ditu alhapideetan eta hara non, erdiz erdi heldu zaizkion urrats handiz lasterka bi trailer edo mendi lasterkari, animaliatxoa lehertzear baitute. Irudi gutxitan, dena errana da. Galtzerdi bat, palmak eta zirtzilaren gorpuzte jokoa, herri arte-drama horren magia piztua da, horren gose zen ikuslearen gozamenerako. Odin Teatreteko zuzendari Eugenio Barbak bere antzezlan baten aurkezpenean Jerzy Grotowski eta Ludwik Flaszenekin urteak lehenago eraman lanaz hala zioen: “Ikuslearekin eskuzabalak ziren ikuskizunak ziren, formetan aberatsak, ideiaz joriak, erotismo batekin, ahots eta gorputzen edertasun handiarekin: antzerki pobre bat”. Antzerki pobrea edo pobre antzerkia, funtsean, deus gutirekin baina barne metafora landua duen jokalariaren hats eta indarrean apustu egiten duen artedrama, Antton Lukuk hobetsi hitza berriz hartuz.
Tokiko ala zabalago, gai orotarik bazuten aurtengo Garaziko zirtzilen sei joko zatiek. Elizako sexu abusuak; Mauleko abere hiltegia; mediku batzuek emazteen bularreko minbiziaren aurkako egunentzat muntatu komunikazio kanpaina guztiz patriarkala; eskola publikoko bizpahiru buraso jakobinok euskarazko murgiltze ereduaren aurka azpiz muntatu jukutria; jokoan ari diren zirtzilek berek osatu Garaziko gaztetxeko gazteak, eguna ostatuko terrazan iragaten, den mendreneko xede bat agertu orduko hasi gabe nekatuak direnak: autoderisioa.
“Bakearen artixotak” ere ekarri zituzten joko eremu erdira. Orburuaren frantsesezko hitza, artisau hitzarekin jokoan aritzeko paradaz baliaturik. Txetx, estrategia guztia pentsatua zuena, operazio guztiaren manatzaile lanetan; Bea-k “deus ez daki! deus ez daki!”. “Berhoko”, barnealdeko laborari herrikoi, sindikatu, fededuna, egin lanaren ordainez Euskal Elkargo berrian EHLGrentzat leku eske. Autoderisioa, hor ere.
Arte-drama horren indarra horretan da, ere: guhaurren buruaz irri egiteko ematen digun paradan. Urteak ekarri gertakarien aitzinean denek azpi-entzun dutena baina erran gabe utzi, hor, jokoan gorpuztuz, irrirako eta antzerkirako langai paregabea da.
Garaziko Libertimendua zirtzil eskola bezala ikus daiteke. Aurtengo zirtzil taldeak bazuen krepautetik behar zena, espazioaren kudeatzeko gaitasuna, jokorako hats handia, antzerki irudi parrasta, ikusleari kausitzeko gorputz eta ahots indarra. Hitz batez: mitxa.
Ausarta zen eta freskagarria. Denek, adostasunik handienean ildo beretik joan behar dugula iduri lukeen garai hauetan, ahots kitzikatzaile baten atzematea neke da. Libertimendua hats hartzeko leku horietarik bat da izpiritu kritikoa kilikatzea laketa zaionarentzat. Bere buruaz irri egiteko gai izan nahi duen jendarte baten aldarria. Parte hartzailea, formatzailea da gainera: umeak egin baititu Garazikoak. Amikuzen lehen, Baigorrin, Baionan... Makeako kabalkadak ere bazukeen eskola horretarik zerbaixka edanik.
Beti sortzeko mamia dakarren ore herrikoia da libertimendua. Ez, ez da euskal super-produkzio bat; bai, inperfekzioz osatua da; bai, “antzerki pobrea” da. Baina, freskoa da! Libertimendu jarraitzaile bilakatu denak ez ote du hor kausitzen belusezko jarlekuz egin kultura kutxetan hautematen ez duen freskotasuna?
Dokumentuaren akzioak