Dokumentuaren akzioak
Espainiari loturiko koreografiak, Balleto dell'Esperaren eskutik
Paolo Mohovichek zuzenduta, Maitaldian ariko da gaur Italiako taldea
Ikusgarriaren lehen zatia Federico Garcia Lorcak berriz landuriko Andaluziako kantu herrikoietan oinarritzen da. Bigarrenak, Mohovichen hitzetan, «atzerritar batek Espainiaz duen ikuspegi arina» erakusten du, hots, koreografoak hamar urte Zaragozan pasatu eta «atxiki dituen oroitzapenak». Zaldia, zezena, eguzkia, eta Espainiaren beste halako sinboloen bidez istorio ttipi sorta bat taularatuko dute dantzariek. Guztia oso «bisuala» dela segurtatu du koreografoak. «Kolore anitz nahasiko dira. Lana biziki plastikoa da». Edozein publikorentzat ulerterreza izateko ahalegin bereziei lotu zaie italiarra.
Usaian klasikoa eta abstratuaren inguruan lan egiten badu, oraingoan antzerkiari, hots, «espresioari» hurbiltzea hautatu du. Halere, klasikoa ez du arrunt alboratua. Ikusgarrian, dantzariek besoak era garaikidean mugituko baldin badituzte ere, puntetan ibiliko dira. Oro har, estiloak nahastea beharrezkoa dela deritzo Mohovichek. «Estiloen artean ateak irekitzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Antzerki edo arte martzialekin ere, zergatik ez. Bakoitzaren alde baikorrak hartu behar dira, baina beti oinarri bera atxiki», hots, klasikoa bere kasuan. Formazio klasikoa du, hain justu koregrafoak. «Eta hori ez dut ahantzi behar».
Klasikoaren mundua «hotza» eta «denboratik kanpokoa» izan litekeela onartzen badu ere koregrafoak, Beltxargaren aintzira museo batean sar daitekeen lan bat dela baldin badio ere, harek maite du klasikoa, bereziki «gorputzaren diziplina» gisa. «Indarra gorputzaren muturreraino eramaten du, oinetako eta eskuetako eriak arte. Gorputz guztia erabiltzen duzu. Garaikidean, bularrean eta begitartean biltzen da indar osoa. Niretzat gorputzarekin aho eta begiekin bezainbat adieraz daiteke».
«Mugitzeko gogoarengatik» hasi zen justuki dantzatzen koregrafoa. Gogo horrekin abiatu eta, gaurko egunean, sari zenbait eskuen artean ukan ditu engoitik. Horietarik bat, Salerno Danza Italiako Kultura Ministerioak emana.
Dantza, Italian azkena
Baina sariei, oro har, ez die halako garrantzirik ematen, ezagupenaren lortzeko beharrezkoak direla aitortzen badu ere. Bereziki Italiarrei. «Dantza oso osagarri txarrean dago Italian». Azken hiru lau urteetan egoera hobetze bat sentitu bada ere, «azken diziplina artistiko gisa hartu dute. Ez da azpiegiturarik. Kalitatezko dantza ez da behar bezainbat sostengatua», haren ustez.
«Politikoek ahal bezainbait bozkazale potentzial pozteko, guztiei diru laguntzak ematen dizkiete, kalitate profesionalik ez dituztenei ere bai. Ez dute nehor errateko nork dirua merezi duen eta nork ez». Guztiei beren xantza eman behar zaiela ados da, «baina gaitasunik ez dutenek hobe dute beste zerbait egitea, artearen kalitateak irabaziko luke».
Gaitasun eskas horren parean, inoiz baino motibatuago dago Monovich gauza berriak asmatzeko, «arriskuak hartzeko»; antzinako koreografiak arrakasta lortu arren, bere burua busti eta «zerbait berria proposatzeko».
Dantza ez lokartzea eguneroko borroka du. Bereziki ikusiz zer giro dagoen dantza. Izan ere, gaurko egunean, gaztetan zituen ilusioekin segitzen duenetz galdetu eta, gauza zenbaitzuk gustu kiretsa utzi diotela ahoan damutzen da.
Dantza mundua aski «inuxenta» bat atzeman du. «Dantza gaztetako diziplina bat da. Ikasketak goizik uzten dituzte dantzariek. Hori dela eta, ez dira aberasten, ez dute kulturarik. Jeloskortasuna ere, frango bada. Mundu hetsia da. Batzuetan dantzari izigarri bat ikusten duzularik, uste duzu pertsona araberakoa izanen dela, izigarria. Baina mintzatzen hasi eta, zozoa agertzen da. Arratsean afalduko duenaz hitz egiten daki soilik».
Dokumentuaren akzioak