Dokumentuaren akzioak
Espainiako bigarren Dantza Konpainia Nazionala Iruñean
Duatoren eta Fabreren piezak aurkeztuko ditu gaur eta bihar
ESPAINIAKO 2. Dantza Konpainia Nazionala duela urtebete sortu zen, dantza kontserbatorioen eta konpainia profesionalen arteko zubi izateko asmoarekin.
17 eta 21 urte bitarteko hamabi dantzarik osatzen dute, sei emakumezkok eta sei gizonezkok. Gaur eta bihar Iruñeko Gaiarre antzokian izanen dira dantzariok, konpainiako zuzendari Nacho Duatok eta haren laguntzaile Tony Fabrek osatu programa aurkezten.
Programa horrek hiru koreografia biltzen ditu: Na floresta eta Jardi Tancat, Duatorenak, eta Holberg Suite, Fabrerena. «Gai zehatzik gabeko koreografiak dira; euren helburu nagusia da dantzariei euren ahalmena eta indarra erakusteko aukera eskaintzea», azaldu zuen Fabrek.
Iruñean egon ondoren, Logroñon eta gero Gasteizen aurkeztuko dute programa bera 2. Dantza Konpainia Nazionaleko kideek. «Dantzari gazteek eszenario baten gainean egotea zer den ikas dezaten balio du konpainiak; esperientzia lortzen dute. Konpainian bi urte ematen dituzte eta, gero, edozein konpainia profesionaletan aritzeko prest dira», azpimarratu zuen Tony Fabrek atzoko agerraldian.
Hamabi gazte daude konpainian. Dantzariak aukeratzeko orduan «lan egiteko duten gogoa eta ilusioa funtsezkoak» direla nabarmendu zuen Fabrek: «Sekulako teknika izatea baino garrantzitsuagoa da benetan dantzari izateko duten gogoa».
Konpainiak harrobia lantzeko ere balio duela gaineratu zuen, eta taldean diren dantzarietako batzuk Dantza Konpainia Nazionalera iritsiko direla erran zuen.
Esperientzia baliagarria «Gogor egin behar dugu lan, baina merezi du. Egunero ikasten dugu eta Nacho Duato bezalako dantzari batekin lan egiteko aukera edukitzea zoragarria da», erran zuen Rayco Canok, konpainiako dantzarietako batek, atzo.
Mundu profesionalean murgiltzeko Duatorena bezalako konpainia bat «oso garrantzitsua» dela nabarmendu zuen.
«Horrelako proiektuei esker dantzari gazteek aukera gehiago dute modu profesionalean dantzatzen hasi ahal izateko; bestela, oso zaila da, eta askok kanpora joan behar dute», gaineratu zuen Fabrek.
Dokumentuaren akzioak