Dokumentuaren akzioak
Eskuz eta Begiz Donibane Lohizunen
Iparraldean, euskal prentsa idatziaren ekoizpena, tamalez, biziki murritza da: Herria eta Iparraldeko Hitza astekariak, Kazeta.eus agerkari numeriko edo digitala, eta Maiatz eta Hatsaren Poesia literatur aldizkariak, seihilabetekaria lehena, eta urtekaria bigarrena. Horietaz gain, badira tokian tokiko hedapen ttikiko aldizkari zenbait.
Donibane Lohizuneko Begiraleak euskal kultur elkarteak baditu bere antolamenduan zenbait atal: dantza, euskara, kantua, mendizaletasuna…., eta euskal literatura. Azken sail edo atal horrek “Eskuz eta Begiz” izena du, eta aipatu elkartean ibili diren zenbait lagunen liburuak, zaharrak edo berriak, plazaratzen ditu. Adibidez: Telesforo Monzonen “Urrundik, bake-oroi” liburuaren edizio berria, 2015. urtean; Iratzederren “Pindar eta Lano” olerki bilduma ospetsuaren edizio berria, 2016an; Janbattitt Dirassarren “Herria irakurtuz”, 2018an eta Pello Coudroy-ren “Euskal errezetak” 2019an.
Horretaz gain, izen bereko, hau da, “Eskuz eta Begiz” izeneko literatur eta kultur aldizkaria plazaratu zuen 2017tik 2021era. Aldizkari hau dugu, segidan, plazaratuko dudan artikulu laburraren gai ardatza. Lau zenbaki plazaratu zituztenez gero, banan banan azter ditzagun:
Lehen zenbakia.- 2017ko ekainean plazaratu zuten, den-dena euskaraz, argazkiak kolorez eta hogeita lau orrialdez osatua. Xabier Soubelet elkarteko lehendakari eta margolari ezagunak azala egin zion, eta idazle guztiak Begiraleak elkartekoak ziren: Pruden Sudupe, Janbattit Dirassar, Añamari Koxkarat, Joseba Aurkenerena…
Aipa ditzagun Pruden Sudupek balearen arrantzaz egin “Itsasoko perilak” artikulua, izen bereko bertso sorta aztertuz. Bertso sorta hau 1798an dataturik dago, eta arrantzaleen bizimoduaz eta itsasoko arriskuez mintzatzen zaigu, gainera, biziki baliosa zaigu garai hartako lapurtera aztertzeko. Pruden Sudupek, horretarako, orduko hitzak oraingo hitzen bitartez azaltzera ematen dizkigu.
Añamari Koxkarat andereak, berriz, J. Roger Ihitsaguek aspaldian eskuz idatzirik eman zion Lapurdiko kostaldeko arrainen hizteginoa aurkezten digu, oraingo grafian, alfabetikoki antolaturik eta bi lerrotan ezarririk, lehenean euskarazko izenak azalduz eta bigarrenean frantsesezkoak. Lan ederra, zinez.
Joseba Aurkenerenak “Betti Beteluren biografia laburra” aurkezten digu, Begiraleak elkartean luzaz dantza-errejenta izandako Betelu jaunaren nondik norakoak azalduz. Betti Betteluk mutxikoak berpiztu zituen Lapurdiko itsas-hegiko herrietan, eta berea da, Lapurdiko fandangotik abiaturik, sortu zuen “Beteluren zortziko” ikusgarri eta zoragarria, gaur aipatu elkartearen ikurretako bat dena.
Badira gero, olerki eta bertso ugari, Xabier Soubeletek, Joseba Aurkenerenak eta Janbattitt Dirassarrek eginak. Bukatzeko, Xabier Soubeletek Begiraleak elkartea, Donibane Lohizune eta Lapurdi abiapuntutzat harturik, egin gurutzegrama (edo hitz gurutzatuak).
Honela dio Janbattitt Dirassarrek bost koblaz osaturiko “Uda gaua” izeneko olerkian:
Uda betean, beroak bero, Urtsu mendiko aldean
gelditu nintzan, gogoa harro, baserri pollit batean,
bai eta jarri, hatsa hartzeko, borda baten sahetsean,
Beranta bildu ohartu gabe haitzño baten itzalpean,
beti han nintzan, liluratua, gaua etorri zenean.
Udako gauak, Euskal Herrian, zinez gau paregabeak!
Gau alegera eta sanoak, eztitasunez beteak,
ilunak ilun zernahi argi, goxoan lo artaldeak,
mendi gainetik itsasoraino lorietan gau-beleak.
Hor ametsetan egonen nintzan urteak eta urteak!
Bigarren zenbakia.- 2018ko azaroan plazaratu zuten, hau ere den-dena euskaraz, kolorez eta berrogeita lau orrialdez osatua. Maia Muruaga, Xabier Soubelet, Pruden Sudupe, Pierre Latasa Goia eta Joseba Aurkenerena dira artikulu, bertso eta olerkien egileak. Azala Xabier Soubelet margolariak egina da.
Maia Muruaga urruñar kazetariak elkarrizketa luze, eder eta mamitsua egiten dio Janbattitt Dirassarri.
Pruden Sudupek “Partiada tristea Ternuara” izeneko bertso sorta aztertzen du. Sorta eder hau 1798koa da eta biziki baliosa dugu garai hartako Donibane Lohizuneko eta Ziburuko arrantzaleen usaiak eta bizimodua ulertu ahal izateko. Horretaz gain, Pruden Sudupek bigarren bertso sorta bat aurkezten eta aztertzen digu, 1765eko “Euskara bastartaren kontra” izenekoa. Bertso hauen egileak bere garaian Lapurdiko kostaldeko euskaldunek erabiltzen zuten euskara “bastart” edo “ziliboka” kritikatzen du, eta halaber, donibandarren harrokeriaz trufatzen da, haren ustetan, espantuka ari baitziren.
Joseba Aurkenerenak Xanpun bertsolariaren nondik norakoak ekartzen dizkigu gogora, aipatu bertsolaria eta Anttoni Basurko emaztea Begiraleak elkartekoak baitziren. Bigarren artikulu batean, Aurkenerenak Begiralek elkarteko dantzariek 2016ko maiatzean, Kataluniako Vilanova i la Geltrú izeneko herrira egin zuten bidaia du hizpide. Independentziaren erreferendumaren bezpera zen eta horren berri ematen digu artikuluan.
Pierre Latasa Goiak 2018ko uztailean, Ezpeletan izan zen Gauargi festibala aipatzen digu, bertara, Begiraleak elkarteko gaztetxoak joan baitziren parte hartzera.
Bukaera aldean olerkiak, bertsoak eta gurutzegrama. Olerkariak Xabier Subelet “Xubiltz” eta Joseba Aurkenerena ditugu. Soubeletek “Hire etorkin” olerki laburrean honela erraiten digu etorkinen egoera lazgarria kontuan harturik:
Erotzat nau, ni aldiz errotzat,
Lur galduaren errotik erotu hiretzat.
Errotik natorkin,
erro gabeko etorkin.
Erotu nahi hirekin.
Hego haize, ero haize, uztargin.
Agur urdin! Agur uhin!
Kaixo herrimin eta bihotz min.
Nire erroari eskumin.
Hirugarren aldizkaria.- 2019ko azaroan plazaratu zuten, berrogeita zortzi orrialdez osaturik, dena euskaraz eta kolorezko argazki ugariz apaindurik. Azala Xabier Soubeletek egina da eta ohiko idazleen izenpedurak agertzen zaizkigu aldizkariaren luze-zabalean.
Bada elkarrizketa luze bat elkarteko partaide, dantzari eta sukaldari izandako Pello Coudroy “Urritzaga” jaunari egina. Segidan, Pruden Sudupek egin “Andereen apainduraz” izeneko artikulua, izen bereko bertso zaharra mintzagai izanik. 1798koa da eta Lapurdiko kostaldean emazteek erabiltzen zituzten janzkera dotoreak eta orrazkera bitxiak kritikatzen ditu. Irakurtzeko modukoa, zinez. Pruden Sudupek “Irrikarkailen xokoa” izeneko atalean, hogei bat txisteren berri ematen digu, denak lapurteraz kontatuak.
Joseba Aurkenerenak, artikulu batez, garai bateko kaskaroten berri ematen digu, eta gizartean eta folklorean utzi dizkiguten aztarnak gogora ekartzen dizkigu. Eta bigarren artikulu batean, Donibane Lohizunen, urtero, ihaute kari, ospatzen den Hartzaren Egunaren nondik norakoak azaltzen dizkigu.
Eta bukatzeko, olerkiak, bertsoak eta gurutzegrama. Aurkenerena eta Soubelet ditugu egileak. Joseba Aurkenerenak “Euskara” izeneko olerkiaren azken koblan honela dio:
Euskararen katea ez da oraino hautsi,
guregan dirau bizirik, eta biziko da, luzaz gainera,
erdal bideetatik barna dabiltzan anai-arrebak
euskararen baitara berriro erakarriz,
euskararen pindarraz heien bihotzak berriz piztuz.
Laugarren aldizkaria.- 2021eko azaroan plazaratu zuten, kobidak beharturiko hutsunearen ondotik; hirurogeita bi orrialdez osaturik, dena euskaraz eta kolorezko argazki ugariz apaindurik. Azala, aurrekoetan bezala, Xabier Soubeleten margolana dugu.
Badira bi artikulu luze, Xabier Soubeletek adiskide eta elkartekide izandako Joseba de Durañona zendu berriari eskainiak. Andrea Navagero bidaiari veneziarrak 1528an Lapurdiko kostaldean egiten zuten balearen arrantzaz mintzo den artikulua dugu gero segidan.
Joseba Aurkenerenak hiru artikulu idatzi ditu, lehena kaskaroten rol aldaketari buruzkoa, bigarrena Begiraleak elkartearen emazte sortzaileetako bat izan zen Maddalena Jauregiberriri buruzkoa eta hirugarrena euskal itsasgizon, pirata eta kortsarioen zerrenda laburra aurkezten diguna.
Pierre Latasa Goiak artikulu mamitsu bat idatzi du Begiraleak dantza taldeaz gogoeta eginez. Gero gerokoak, olerkiak, bertsoak eta gurutzegrama. Olerkarien artean Xabier Soubelet, Joseba Aurkenerena eta Josu Jimenez Maia iruinsemea ditugu. Azken honek honela erraten digu “Eskuz eta Begiz jotako haikuak” izeneko haiku sortan:
Enarak hegan itsas-eguzki bila ekaitzetik at.
Hondar hezean hegazti itzal baten urradura beltz.
Uhin-arrabots; distira berunkaran eguzki-gaina.
Ahatetxoak Senpereko aintziran: eta pottokak.
Dunbarri bien aurrean eguzkitan ahur bete ur.
Zokoari so erlaitz gainean hotza; eki epela.
Hauxe dugu 2017tik 2021era Donibane Lohizunen, Begiraleak elkarteak plazaratu “Eskuz eta Begiz” aldizkariaren bizitza laburrean bertan abenturatu ziren olerkari, idazle eta margolariek kontatu zigutena. Aldizkari ilauna baina ederra, denboran labur bizi izan zena, baina Lapurdiko itsas-hegian arrasto polita utzi duena. Agian, agian, egun batez, belaunaldi berriek jarraipena emanen diote aldizkari eder honi!
Dokumentuaren akzioak