Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eskutik helduta festa giroan

Dokumentuaren akzioak

Eskutik helduta festa giroan

Urtero bezala, soka-dantza izan zen Santiago eguneko ekitaldirik animatuena. Herritarrak izan ziren protagonista

Egilea
María Cortés
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Zubieta
Mota
Albistea
Data
2006/07/25

Donostiarrak, usurbildarrak eta Lasarte-Oriako biztanleak nahastu ziren atzo Santiago elizaren inguruetan. Familiarekin hurbildu zen Consuelo festara: «Beti etortzen gara eguna pasatzera Zubietara. Urtetan ez dugu Santiago eguna galdu».

Guztientzako ekintzak

Santiago jaietako ekitaldiak goizean goiz hasi ziren. Bederatzietan Donostiako Udaleko Txistulariek diana jo zuten auzokoko bideetan barrena. Meza ostean, 12.30ean, urtero egiten moduan, eguneko ekintza garrantzitsuena heldu zen: soka-dantza, auzoko batzarreko kideek eskainia. Baserritar jantziz ekin zioten emanaldiari. «Ondo pasatzea etorri gara. Lehenik, soka-dantza eskainiko diogu jendeari. Herri askotan ez da dantzatzen, galduta dago, eta hemen, Zubietan, tradizio handia du», azaldu zuten saioan parte hartutako Tomas eta Xabierrek. Hasieran, txistularien laguntzaz, dantza motza delakoa egin zuten, agintarien baimena eskatuko balute bezala. Ondoren, ilarako bi muturretako dantzariak aurrez-aurre jarri zituen desafioak, dantzarako prest. Banakako dantzak izan ziren hurrengoak, eta, gero, ikusleen artean aukeratu zituzten dantzakideei agurra eskaini zieten. «Aitak atera nau dantzara, urtero bezala», zioen Eneritzek, estu samar. Betiko arin-arin eta fandangoak dantzatu ostean, parte hartzaileak eta batzarreko kideak eskutik helduta irten ziren frontoitik, bata bestearen atzetik.

Ondo ezagutzen du Zubietako soka-dantza Iñaki Urkia ekitaldiaren antolatzaileak: «Etenaldi baten ondoren, 1995 urtean berreskuratu genuen. Usurbilen ibiltzen nintzen talde batean eta Udarregi bertsolariari eskainitako omenaldi batean alabak bultzatu ninduen soka-dantza dantzatzera. Horrela hasi ginen, eta harrera oso ona izan zuen. Dantza mota hau nahiko zeremoniatsua da, baina herriko jendea da azkenean benetako protagonista, pilotalekuko errege-erreginak».

Urteen joanak Gipuzkoako herri askotako martxa eta bizimodua aldatu ditu. «Festak asko aldatu dira, orain dela urte batzuk berbenen zain egoten ginen guztiok, baina orain gazte jendeak txoznak eta tabernak ditu gustuko. Hala ere, oraindik denok gozatzen dugu festaz eta elkartzen jarraitzen dugu afari eta bazkari herrikoietan», dio Jaione Zubietako bizilagunak. Iritzi berekoa da Iñaki, nahiz eta «horrenbeste berrikuntzarekin ez dut Zubieta ezagutzen» gehitu, txantxetan-edo.

Guztiek ezaugarri berean egin zuten bat: Zubietako Santiago festak familia girokoak dira oso. «Familiako kide guztiek hartzen dute parte jaietan. Egin zen afarian 100 heldu eta 50 ume bildu ginen eta giro bikaina izan genuen», adierazi zuen bertan jaioa ez izan arren zubietar sentitzen den Reyesek.

Haurrek ere ukitu berezia eman zioten Santiago egunari. Helduek eta gazteek soka-dantzaz eta musikaz gozatzen zuten bitartean, beste zeregin batzuetan zeuden murgildurik. Xabierrek eta Beñatek barraka berezia paratu zuten frontoian: euro baten truke, sei aukera ematen zizkieten gainerako neska-mutikoei tiragomaz freskagarri latak lurrera botatzeko. Saria? Trebeena izatea. «Nahiago hemen egon jolasean, dantzan ibili baino», izan ziren mutiko gehienen hitzak. Neskek jarrera diplomatikoagoa zuten, mutikoen barrakaren parean jarrita zeukaten postuan. Eskumuturrekoak, eraztunak eta zintzilikarioak zituzten salgai Anek eta Iratik: «Lagunen batzuk dantzan dabiltza, baina gaurko eguna saltzeko da aproposa, jende gehiago baitago».

Dokumentuaren akzioak