Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eskulturak zutik, zinema salbu

Dokumentuaren akzioak

Eskulturak zutik, zinema salbu

Egilea
Begoña del Teso
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2024/02/28
Lotura
Berria

Zapuztu bainoago, birrindu nahi izan zuten Berlinale 2024koa hasi aurretik suertatu ziren eskandalubide askok eta askok; ekin baino lehen, iraun bitartean, eta bukatu ondoren.

Hasi aurretik, zuzendaritzak uko egin zion eskuin mutur-muturrekoa den AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdiko ordezkariak bertara, hots, Berlinaleko aretoetara, Berlinaleko zeremonietara, Berlinaleko emanaldi eta festetara gonbidatzeari. Betikoek, betiko onbera-bihotz biguneko-gupidakor horiek, betikoari heldu zioten: alderdi horrek milaka lagun dituela alde, baita Alemaniako Bundestangen presentzia ere. Zuzendaritza taldeak, Carlo Chatrain eta Mariette Rissenbeek buru zirela, irmo eutsi zion erabakiari, Berlinalek gogor, sutsu eta amore eman barik defendatutako duenaren kontra baita partidu hori, Alemaniak bizi izan zituen garai beltz, ilun, goibel haietara bueltatu nahiko balu bezala... Arrazistak dira, juduei dieten gorroto bera diete musulmanei, eta Trump, Abascal, Bolsonaro, Orban eta Mileiren antzekoei, berriz, adorazioa.

Azken momentura arte eutsi zioten erabakiari. Itxierako zeremonian ere baziren agertokian «No Racism, No AfD» zioten afixak. Bitartean, kalean manifestazio jendetsuak, libertatearen aldekoak. Bitartean, AfDri botoa ematen dioten denen mespretxua eta dozenaka liskar. Bitartean, Berlinen grebak eta lan etenak, bertako langile askoren ekonomia jota dago eta. Bitartean, azken zeremonian, sariak banatu zirenekoan, hamaika partaidek exijitu zioten Israelgo Gobernuari su-etena. Are, Palestinatik alde egitea. Partaide kasik orok. Film labur onena aukeratu behar zuen epamahaikide Xabier Erkiziak ere bai. Bide batez, hautu ezin perfektuagoa egin zuten Francisco Lezamaren Un movimiento extraño sarituz. Bertan, museo batean zaintzaile diharduen neska gazte bat hasten da fantasietan, bai hantxe diren artelanekin, bai abilki darabilen pendulu magikoarekin, bai Argentinan oso-oso legezkoak ez izan arren bertako diru nagusia diren dolarrekin. Zuzendariak esanda, bere herrialdeko egoerak endredo eta korapilo anitzeko komedia horietako bat dirudi. Diferentzia bakar batekin: komedia horiek ez dira, normalean, tristeak; Argentinako orainak, berriz, tristea izateaz gain, min eta beldur ematen du.

Ezkor eta minez agertu ziren behin baino gehiagotan datorren urtean Berlinale bideratuko ez duten horiek. Izan ere, Chatrainek eta Rissenbeekek Tricia Tuttle estatubatuarrari pasatuko diote erantzukizuna (baita plazera ere). Jende andana hasi da aldaketa ugari, ezinbestekoak eta sakonak eskatzen, exijitzen. Egia da goibel samarra izan dela 2024koa. Baina egia da Carlok eta Mariettek esandakoa ere: ez dira hauek garai ederrak, errazak, dir-dir egiten duten horietakoak. Beren azken agerpenean aitortu zuten baikorrek mundua hobetzeko gai ginela sinetsi arren ezin izan dugula askorik aldatu. Akordatu ziren Ukrainaz, akordatu ziren Gazaz. Akordatu zien Afrikaz, akordatu ziren Irango emakumeez. Ez, ez ziren Siriaz akordatu. Badakizu, gerra batek, gerra bik, azken-hirugarren hura estaltzen du, dute, beti. Bederen egunkarietako azaletan, telebistako albistegietako irudietan.

Alta, ederki dakigu guk denok Berlinale ez dela sekula izan zinemaldi xuabe, epeltxo, errukibera. Sekula ez dira izan bereak bide loretsuak. Duela 74 urte sortu zen. Munduko lau potentziak okupatuta zeukaten hirian, gero horietako batek harresi batez bitan bananduko zuen hartantxe.

Ederki dakigu guk denok Berlinale ez dela sekula izan zinemaldi xuabe, epeltxo, errukibera. Sekula ez dira izan bereak bide loretsuak

Gerra Hotzaren urte izoztuetan jaio zen Berlinale. Zubi baten antzeko zerbait eratu nahi izan zuten ameslari hainbatek. Irudizko, fotogramazko, zeluloidezko zubia.

Badaki, bai, Berlinalek mila borrokatan parte hartzen, baita maiz garaile ateratzen ere.

Aurtengoa, egia biribila, ez da izan ediziorik ikusgarriena, ez. Baina programazioan barna eta zenbait sarituri kasu eginez gero, ustekabez ustekabe ibiltzeko tenorea izan da.

Jakina, zinemaren sorpresak berak hartua, harrapatua, zauritua gertatu ahal izateko, begiak erne, belarriak tente eta bihotza taupaka izan behar. Altxorrak ez baitira agerian izaten.

Premiazkoa da herri jakinduriak kontuan izatea ere, saldo batek zabortegitzat jo duen Belinale horretan harribitxiak aurkitzeko. Ez al dute hizkuntza anitzetan esaten katua ez denean dantza egiten dutela saguek? Ez al da gauza jakina handiek kale, huts, hanka, ihes egiten dutenean txikiek hartzen dutela merezitako lekua?

Zinemaren munstrorik izan balitz Berlinalen, nolatan urrea jaso Mati Diopek, Senegalgo, Afrika osoko zinemagintzaren aitzindaria zein abangoardiako poeta fina izan zen Djibril Diop Mambetyren iloba paristarrak, odol nahasiak, Cannesen ere sarituak?

Sariketan izen pottolorik ez zegoelako, merezi duen aitortza lortu du Dahomey dokumentalak. Zera kontatzen da bertan: Mendebaldeko kolonizatzaileek ez zizkioten (dizkiote) Afrikari soil-soilik urrea, diamanteak, petrolioa, arrainak, kafea eta koltana lapurtu. Artea ere lapurtu diote. Baita arte horren koloreak eta unibertsoak ere. Baita bertakoek arte horrekiko izan behar zuten atxikimendua ere. Pasarte ikaragarri esanguratsu batean, ekintzaile batek honako hau dio: «Haur nintzela, Walt Disney eta Tom&Jerry ezagutzen nituen, baina inolaz ere ez hemengo, nire herrialdeko eskultura hauek...».

(ID_13640579) GERMANY BERLIN FILM FESTIVAL
Mati Diopek jaso du Berlinaleko sari nagusia, Urrezko Hartza. CLEMENS BILAN / EFE

Oparoa da Dahomey bere forma eta hitzetan. Ez da bakar-bakarrik salaketa zuzen eta zorrotza egiten duten dokumental klasiko eta balent horietako bat. Ez. Antzina-antzinatik datorren ahots batez janzten du bere potreta: Makenzy Orcel Haitiko poetaren hitz mindu eta berriez, alegia. Ikusleak Dahomeyko fon mintzairara ekarriak entzuten ditu horiek, poeta eta zuzendaria patuaz, orainaz, denbora zaharrez berbetan ariko balira bezala.

Bai, dantza egin zuten saguek, askoren irudiko glamourrik (ez izarrena, ez zeluloidearena) izan ez duen Berlinale aurtengoan. Arratoiek dantza, eta... hipopotamoek hitz. Nelson de los Santos Arias dominikarra zuzendaririk onena izendatu zuen Albert Serra kide zuen epaimahaiak. Bere Pepe-n, Pablo Escobarrek erositako hipopotamoaren istorioa kontatzen du. Ez esan bazterketa erabatekoaren metaforarik argiena ez denik: Afrikako izakia, Erdialdeko Amerikako ibai sakon, zabal, luze batean isolaturik...

Oparoa da 'Dahomey' bere forma eta hitzetan. Ez da bakar-bakarrik salaketa zuzen eta zorrotza egiten duten dokumental klasiko eta balent horietako bat

Saguak dantzan, eskulturak zutik, hipopotamoak ibaian, eta zinema salbu. Baita muturreko eskuindarren atzaparretatik ere. Momentuz bada ere. Hain zuzen, Francisco Lezamak Buenos Airesko Zinema Museoari eskaini zion bere saria, inork ez baitaki dirurik eta bitartekorik gabe utziko ote duen Mileik...

Dokumentuaren akzioak