Dokumentuaren akzioak
Eskualdeko sei dantzari 'Maurizia' ikuskizunean
Axier Iriarte Ione arrebarekin hasi zen Oinkari dantza taldean eta handik biek elkarrekin egin zuten salto Aukeran konpainiara. Bertan jarraitzen du Ionek, herriko Uxue Urruzola, Itziar Uzkudun eta Oier Laborde, Amasako Ioritz Galarraga eta Tolosako Garaz
Eskualdeko sei dantzariek beste bost neska-mutilekin batera Aukeranen ikuskizun berria, Maurizia, estreinatu zuten aurreko igandean, Bilbon, Loraldia jaialdiaren barruan.
Edu Muruamendiaraz dantza konpainiako zuzendariak azaldu du non duen sorburua ikuskizun berriak: «Maurizia Aldeiturriaga, euskal kulturaren erreferente bat da, emakume eta panderojolea. Txikitan txapelketatan ibiltzen nintzen plazetan eta Bizkaia aldera joaten ginenean panderoa jotzen ikusten genuen. Orduan ez genekien zein zen, baina indarra eta kemena ikusten zitzaizkion. Beraz, irudi hori berreskuratu eta emakume guztientzako omenaldia izan nahi du ikuskizunak». Beste emakume batek, Karmele Jaiok osatu du emanaldirako prestatutako testua.
Ane Anzak eta Edu Muruamendiarazek prestatu dituzte koreografiak eta Ainhoa Aierbe aktoreak egin ditu eszena zuzendari gisa. Elementu gutxi erabili dituzte taula gainean eta Aukeranen erreferente diren argiak eta jantziak hartzen dute protagonismoa, panderoarekin batera. Oier Laborde dantzari billabonatarrak azaldu duenez, «Garazik, Uxuek eta Ioritzek bazekiten lehenago panderoa jotzen, oinarri ona zeukaten. Ionek, Itziarrek eta nik, ordea, ikasi egin behar izan dugu». Amaierako koreografian dantza egin eta panderoa jo, batera egiten dute 11 dantzariek. «Estreinaldiaren egunean publiko guztia zutitu eta txaloka hasi zen amaierako zatian. Oso hunkigarria izan zen guretzako».
Zazpi hilabete luze eman dituzte ikuskizuna prestatzen. Entsegu ordu asko egin behar izan dituzte. Labordek aipatu duenez, «astean bi egunetan ordu pare bateko entsegua izaten dugu. Baina prestaketa lanetan genbiltzan bitartean beste lan batzuk egin ditugu eta kanpoan egon gara, Madrilen edo Berlinen, esate baterako». Dantzari semi-profesionalak dira eta ahalegin handia egin behar izaten dute dantzariek ikuskizunak aurrera ateratzeko. Muruamendiaraz harro dago dantzariek egin duten lanarekin, «ausartak izan dira, erronka jarri diote beren buruari eta oso ondo atera da dena. Ederki portatu dira».
Hemendik aurrera, Maurizia ikuskizuna Euskal Herriko antzokietan eskaintzeko prest daude eta aurreratu dutenez, urriaren 21ean eskainiko dute Tolosan. Bien bitartean, Sevillan (Espainia) eta Washingtongen (AEB) ere baditu hitzorduak Aukeran dantza taldeak.
Dokumentuaren akzioak