Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eskuak txaloz bete dira omenaldian

Dokumentuaren akzioak

Eskuak txaloz bete dira omenaldian

"Aupa Silberio" deiadarrak hartu du kantxa; hilabeteetako prestaketak eta gero, bost hamarkada egin dute atzera Beristainen ikasleek.

Egilea
Larraitz Ibaibarriaga
Komunikabidea
11barri
Tokia
Ondarroa
Mota
Albistea
Data
2008/04/20

 

13:20. Txalo zaparradak hartu du frontoia. Silberio Beristain dantza maisuaren omenaldi ekitaldia hasi da. Aulki guztiak daude beteta. Udaletxe atari inguruan daude zer edo zelan parte hartu behar dutenak, bateko eta besteko luzaketak egin, ahotsak berotu eta txapelak eta buruko zapiak zuzentzen.

Aurkezleen aurrean hamasei aulki daude, besteengandik berezita. Dantza maisuaren senideek eta lagunek bete dituzte, ezpata dantzari izandakoen "esker ona" gertutik jaso ahal izateko.

13:30. Herriko bertsolariek Latxanbre aurkeztu dute, azken bertsoan. Agurra egin du, publikoaren gozamenerako.

Jesus San Miguel abadea -berak eman du meza Antiguan- eta Karmele Urresti ere omendu dituzte gero, "urte gaitz haietan egindako beharragatik". Txaloak amaigabeak dira.

Zahar eta gazte, tente-tente

[...] Kresalarena da agertokia. Ikurrin dantza izan da azkenengo eskaintza. Saio polita egin dute gaztetxoek zein helduek.

14:00. Abarketak soinean, Beristainen "ezpata dantzariak" datoz frontoiaren erdira. Malko bat baino gehiago isuri da. Dantzan dauden bitartean, oroimenak datoz, bor-bor. Maisua harro egoteko lako saioa egin dute. Zorionak!

"Poz handia daukat, jendea Silberiogaz akordatu delako"

Karmen Barrena, Silberio Beristainen emaztea

Senideek hartu zituzten frontoiko lehenengo ilarako aulkiak; "esker oneko", emazteak ez zuen galdu detaile txikienik ere.

"Poz handia" sentitu zuen atzo, Karmen Barrena (Ondarroa, 1918) dantza maisuaren andreak. Hunkituta zegoen omenaldi ekitaldia amaitu zenean, ikasle ohiek emandako lore txorta eskuan.

 

Ondo merezitako omenaldia egin zaio gaur zure senarrari...

Barrua itzala daukat oraindik, baina ondo nago. Poz handia daukat, jendea Silberiogaz akordatu delako eta egin dioten gauza guztiak egin dizkiotelako. Merezi zuen. Asko pasatu zuen.

Behar handia egin zuen gizona modura gogoratzen dute.

Bai. Urte askotan dantzaria izan zen, eta bere ilusioa zen umeekin taldea ateratzea. Ezin zuen gauza handirik egin, ez zeukan dirurik, lekurik ere ez, ezer ere ez. Azkenean lortu zuen.

Eta umeak handiak egin dira...

Horixe egin dira ba. Ez nuen esperoten halako ekitaldirik.

Ikasle ohiek, baina, Silberiori zor handia ziotela zitortu dute.

Borondatezko gauza zuen dantza erakustea. Gerran asko sufritutakoa zen, eta nahi zuen hemengoxe kultura aurrera atera. Kostata, atera zuen, eta eskertu egin diote.

Dokumentuaren akzioak