Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eskuak gora!

Dokumentuaren akzioak

Eskuak gora!

'Jotamentala' euskaraz eta gaztelaniaz egindako filma da eta 50 minututan jotaren inguruko ibilbide zorrotza egiten du

Egilea
Marta Goikoetxea
Komunikabidea
El Correo
Mota
Albistea
Data
2016/02/12
Lotura
El Correo

Bilboko Bizkaia Aretoa Auditorioa izango da gaur, otsailaren 12an, zine estreinaldi bereziaren eszenatokia, AIKO Taldeak eta Biodeografikek ekoiztu duten 'Jotamentala' dokumentalarena, hain zuzen ere. Euskaraz eta gaztelaniaz egindako filma da, eta 50 minututan jotaren inguruko ibilbide zorrotza egiten du, dantza tradizional horren jatorritik hasi, bilakaeratik eta aldaeretatik igaro, eta gaur egungo egoeran eta aurreikusten zaion etorkizunean amaitzeko. Estreinaldia jasoko duen ekitaldia 19:30ean izango da, EHUkultura kultur programazioaren barruan. Sarrerak dagoeneko agortuta daude Bilboko saiorako baina ondoren, otsailaren 19an, Errenterian eskainiko da, eta ostean Gasteizen eta Iruñean.

Dantzak erakusteko eta ikasteko modu desberdinaren bitartez, Euskal Herriko dantza tradizionalak berreskuratzeko lanean duen esperientzia luzean oinarrituta, AIKO Taldeak dantza herrikoi ezagunenetakoa eta klasikoenetakoa, jota, irudien bitartez omentzea erabaki du. Baina Sabin Bikandi, Larraitz Artetxe, Patxi Laborda edo Josu Garate bezalako AIKO taldeko kideez gain, 'Jotamentala' dokumentalak aditu askoren testigantza ere eskainiko du, Cesc Gelabert edo Jon Maya bezalako dantzari eta koreografoena eta Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen edo Jose Inazio Ansorena bezalako folklorearen ikerlariena, besteak beste.

Iparraldeko, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat lekutan egin den filmak artxiboko irudiak eta argazkiak ere baditu, 1955ean Orson Wellesek BBC katerako egin zuen 'The Land of the Basques' dokumentalaren sekuentzia bat barne.

Filmaren jatorria, AIKO Taldeak jotaren aurrean duen «debozioan» eta bere ibilbidean «milaka pertsonari transmititzea» lortu izatean dago. Banaka eta bikoteka egiten den dantza, aldi berean iradokitzeko, jolasteko eta gorteatzeko aukera ematen duena. «Hori dela eta, Elizak bekatuzkoa zela esan zuen, eta folklorearen imajinario nazionalistak landa ingurunekotzat hartu zuen arren, batez ere hirikoa izan den eta den dantza da, eta horregatik da hain ezaguna. Etengabe eguneratzeko eta berriztatzeko aukera ematen duenez, erabateko indarra eta gaurkotasuna duen kultur adierazpena bilakatu da», adierazi dute AIKO taldekideek.

Interneteko plataforma sortu

'Jotamentala', AIKO Taldeak Interneten jotari buruzko plataforma martxan jartzeko duen egitasmo handiaren barruan sartzen da. Plataforma horretan audio eta bideo grabazioak, partiturak, idazkiak, gogoetak, proposamen didaktikoak, ariketak, pausoak eta, orokorrean, dantza herrikoi horren inguruan ekarpena egin dezakeen edozein elementu sartu ahal izango da. Horrela, dokumentala jotaren jatorriei, oinarriei, esanahiari eta bilakaera historikoari buruzko sarrera da.

Dokumentala, egoitza Durangon duen Bideografik Ekoizpenak etxeak ekoiztu du. AIKO Taldeak lehendik ere egin du lan ekoizpen etxe horrekin, 'Dantza Plazara' (2013) film labur dokumentalean, hain zuzen ere. Gidoia Carlos Iglesiasena da, zuzendaritza Eukeni Arriortuarena eta errealizazioa Xabier Zabalarena.

'Jontamentala'-n agertzen den eszena bat.
'Jontamentala'-n agertzen den eszena bat.

Dokumentuaren akzioak