Dokumentuaren akzioak
Eskoletan hasten da dantzarekiko sentsibilitatea
Bizkaiko Dantzaren Etxea ekimenak jadanik abiarazitako programen artean bi bereizten dira: Eskolak Dantzara eta Eskolara Dantza. Proiektu biak hezkuntzari estu lotuta daude, eskoletako haurrekin garatzeko sortuak baitira. Horien bitartez ikastetxeak dinamizatu nahi dira, haurren artean dantzaren ezaguera zabaltzen den bitartean. Bizkaiko zenbait eskolek martxan jarri dituzten programa hauen berri eman zuen atzo ospatutako aurkezpenean Beatriz Vazquezek, Dantzabiz-eko eduki eta jardueren koordinatzaileak.
"Sektorearen hainbat eragilerekin batu ondoren bi proposamen planteatu genituen", azaldu zuen Vazquezek. Hori izan zen hazia. Eskolak Dantzara programaren asmoa da haurrak dantza ikustera joatea, baina lehenik eta behin ikasgelan bertan piezak ezagutzeko eta testuinguratzeko lana eginda. Programan parte hartzeko hainbat elkarte eta konpainia aurkeztu zirela zehaztu zuen Dantzabiz-eko koordinatzaileak. Azkenean, proiektuari hobekien egokitzen zena aukeratu zuten: Artaziak. Gaur arte, zazpi izan dira programa ezagutzeko aukera izan duten Bizkaiko ikastetxeak.
Sentsibilizazioan eta publiko berrien hedatzean dagoen hutsuneari erantzuna emanez, zerbitzu horretatik, Bizkaiko antzoki sarean eta erakusketa-aretoetan programaturiko dantza ekitaldi ezberdinetan umeen presentzia sustatzen duen proiektua da. Proiektua haurrak dantza-ekoizpen lekuetara gerturatzean datza, dantzaren lengoaia ezberdinak ulertzen lagunduko duten zenbait tresna didatiko emanez. "Euskal dantzak zein dantza garaikidea lantzen dugu haurrekin", adierazi zuten Artaziak taldeko ordezkariek.
Beste programa, Dantza Eskolara, martxan jartzeko prozesua berdina izan zen. Hainbat konpainiak aurkeztu zuten bere burua eta Jauzika Kultur Elkartea izan zen aukeratua. Proiektu honen helburu nagusia konpainia, dantza sor-tzaile eta eskola ibilera osoko adin ezberdineko ikasleriaren artean zubi bat eraikitzean datza. "Xede nagusia konpainia bat zer den adieraztea izan da, haurrek jakin dezaten dantza eginez ere bizi daitekeela eta aukera profesional bat dela, horretarako, beste gauza batzuen artean, ikuskizun bat gauzatu zuten, eduki didaktiko guztiekin", azaldu zuen Vazquezek.
Jauzika dantzarekiko zaletasuna eta dantzaren praktikatzea susta-tzeko asmoarekin sortu zen eta baita dantzak berak, hezkuntza eta integrazio baliabide gisa gizarte-ezagutza irabazi dezan. Proiektua gauzatzeko Barakaldoko Juan Ramón Jiménez LHI-n egin dute lan.
Ariztondo, atzo, gainontzeko bertaratutakoekin. (argazkia: j. m. martinez)
Dokumentuaren akzioak