Dokumentuaren akzioak
Eskolaren urtebetetze-festa Konstituzio plazan
75 urte bete dituela-eta, protagonismo handia ari da izaten Koruko Ama Birjinaren Eskola Aste Nagusiaren lehen egunetan. Aspaldiko partez ikusi gabeko mugimendua, dotorezia eta kolorea jarri zioten Kanoikadaren aurreko 'Artillero'-ri, ikusleek biziki estimatu zutena. Tamalez, eguraldiak Txistularien Kontzertu Nagusia bertan behera uztera behartu zuen, eta horren ondorioz ezin izan zen gauzatu aurreikusita zegoen omenaldi modukoa.
Hala ere, kontu handiz prestatu duten urtebetetze-festa igande honetan egingo dute, Konstituzio plazan, 19:30etatik aurrera. Eguraldiak planak zapuzten ez baditu, 200 lagun igoko dira oholtzara. Beraiek diotenez, «orain arte sekula egin ez duena prestatu du Eskolak: dantzari beteranoekin batera antolatutako emanaldia eskainiko du igandean Donostiako Konstituzio enparantzan.200 pertsonak hartuko dute parte ez ohiko ikuskizun horretan:70 neska, 40 mutil, 20 haur, 50 abeslari, dozena bat musikari ... Horrez gain, Danborradako eta Jardinzayen konpartsetako kideak ere ikusiko ditugu. Euskal Herriko txoko ezberdinetako dantza tradizionalak eta Eskolak sortutako koreografiak uztartuko dituzte bi orduko iraupena izango duen emanaldi berezi honetan. Bide batez, belaunaldi ezberdinetako kideak arituko dira dantzan oholtza gainean».
Historia luze eta oparoa
Koruko Ama Birjinaren Schola Cantorum-a, 1976. urtean Koruko Ama Birjinaren Eskola izena hartu zuena, eta gaur Eskola izen arruntarekin ezaguna dena, 1940. urte hasieran sortu zuen Juan Urteaga (Balmaseda, 1914-Donostia, 1990) musikariak. Elkarte honen lehen emanaldia 1940. urteko Aste Santuko ekitaldietan izan zen.
Lehen urteetan, Schola Cantorum-a eliza musikari eskainia zegoen. Arlo horretan, bere arrakastarik handiena Aste Santuko Pasioaren Irudiak izan ziren. 50. hamarkadan hasi zen dantza taldea emanaldiak eskaintzen, abesbatzarik gabe, zenbait herritako jai-batzorde eta udalen eskaerei erantzunez. Hala ere, Dantza Taldeak eta Abesbatzak elkarlanean jardun zuten zenbait opera eta emankizun prestatzen. Horien artean aipatzekoak dira: Amaia, Txanton Piperri, Oleskari Zarra, Anbotoko dama, eta abarretan egindako lana.
Hurrengo urteetan Euskal Herrian emanaldi ugari eskaini zituzten, nahiz eta noizean behin nazioartera irtenaldi batzuk egin. Garai hartan, ikerketa lan sakonaren ondorioz, euskal dantza tradizionala berreskuratzen hasi ziren. Horretarako Euskal Herriko txoko eta bazter guztietan barna ibili ziren, dantza talde nahiz herritarrekin hitz eginez eta inguruko pauso eta erritmoak ikasiz, honela gure herriko kultura mantentzeko.
1983. urtetik aurrera, herri-folklorea beste era batera aurkezteko beharra ikusi zuten, izaera eszeniko bat emanez, erroak galdu gabe betiera. Hori guztia eta euskal gaitan oinarrituriko koreografiak izan dira Eskola gehien nabarmendu duten alderdiak, bai nazioartean eta bai nazioan ere.
Gaur egun Eskolak hiru atal ditu: abesbatza, dantza taldea eta dantza akademia. Abesbatza 50 ahotsek osatzen dute, dantza taldean 14 urtetik gorako 40 neska-mutil dantzari eta 8 musikari dabiltza, eta akademian, berriz, 6-14 urte bitarteko haur eta gaztetxoak trebatzen dira.
Beste zenbait talde
Okerrik ez bada Konstituzio plazako oholtza Eskolak 'inauguratuko' du gaur, baina hurrengo egunetan beste euskal dantza tradizionalaren eta horren eguneratzeen erakusleiho bikaina izango da, beste zenbait talderen eskutik. Emanaldi denak 19:30ean hasten dira.
Astelehenean, 1948 urtean Donostian sortutako Goizaldiren txanda izango da. 32 dantzarirekin azalduko dira jendaurrean Goizaldikoak. Asteartean, berriz, beste klasiko bat: 1968an sortutako Kresala, 50 dantzari bilduko dituena. Talderik berriena, gaztea izan arren bide bikaina egiten ari den Gero Axular dantza taldea, asteazkenean arituko da. Talde handia eramango du, 60 lagunekoa. Euskal dantza tradizionalari emandako azken iluntza ostegunekoa izango da, 1976an sortutako Trebeskaren txanda. Ostiralean, hain zuzen Acordes Navarros Lizarrako jota-taldeak kantatuko du.
Larunbatean, abuztuak 15, bi saio izango dira, biak bereziak. Eguerdiko 12:00etan Arkaitz Añorgako Dantzarien brokel dantzak ikusteko aukera izango da. Desfile ikusgarrian Alde Zaharreko zenbait kale korritu ondoren iritsiko dira Konstituzio plazara, eta han ekingo diote dantza-sorta osatzen duten ziklo desberdinak dantzatzeari, uztaiekin, makilekin... 1926an Añorgan sortutako taldearen emanaldia benetan da ikusgarria.
Arratsaldeko 19:30ean, berriz, Kukai dantza taldeak eta Tanttaka antzerki taldeak 'Hazipenen pozak' ikuskizuna eskainiko dute. Entsegu gela batean egongo balira bezala, talde biek azken urteetan lankidetzan egindako ibilbidea errepasatuko dute.
Arkaitz Añorgako Dantzarien emanaldia iazko Aste Nagusian.
Dokumentuaren akzioak