Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eskola taldea, Zakopaneko Folklore jaialdiko garailea

Dokumentuaren akzioak

Eskola taldea, Zakopaneko Folklore jaialdiko garailea

Poloniako herrian 15 dantza talde bildu ziren bost egunetan zehar

Egilea
Nagore Olkoz
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
1999/08/27

Neguan, turista asko biltzen dituen eski estazio hau udan oso leku garrantzitsua bilakatzen da, bertan atzerritar asko biltzen delako. Gainera, Arte Ederretako eskola nagusi bat daukate eta maila artistiko handia aurkezten dute bertakoek, batik bat eskultura modernoaren alorrean. Donostiako Eskola dantza taldea hantxe aritu da eta parte hartze arrakastasua izan duela baiezta dezakegu. Guztira, dantzari eta musikarien artean 42 persona bildu dira Zakopaneko Folklore jaialdian, Juan Luis Unzurrunzaga zuzendariordea eta teknikari bat ere hurbildu ziren bertara. Josetxo Fuentes zuzendariak ez zeukan bertara gerturatzeko aukerarik, baina ikuskizuna bi arduradunen artean prestatu zuten.

Emanaldi ikusgarria

Zakopaneko Jaialdian karpa bat jartzen dute eta bertan, hainbat herrialdetatik iritsitako taldeak biltzen dira. "Taldearekin hartu-emanetan jarri eta gero, eta beraien parte hartzea onartu ondoren, dossier bat bidali genien burutu beharreko dantza guztiak azalduz, eta batez ere XVII. eta XVIII. mendeko Euskal Herriko janzkera tradizionalen aragazkiak erakutsiz", aipatu zuen Josetxo Fuentesek. Eskolak ordu erdiko ikuskizuna eskaini zuen eta, Fuentesek adierazi zuenez, "denbora gutxi denez, zerbait ikusgarria egin nahi izan genuen".

Honela, besteak beste, Zuberoako Maskarada, Zinta dantza, Ezpatadantza, Uztai dantza, Agurra eta musikariek txalaparta eta albokarekin sarreratxo bat jo eta gero, Txotxongilo, Kaxarranka eta Fandangoa dantzatu zituzten. Era honetan, ia Euskal Herri osotik dantza ibilaldi bat egin nahi izan zuten Polonian. Honakoa ez da Eskola taldea atzerrian dagoen lehen aldia; baina Fuentesen ustez, Poloniakoa "jaialdi berezia da, mendi gainean egiten dute eta herriak bihotzez bizi izaten du. Hiru dantza talde daude Zakopanen eta horrelako ekitaldiak antolatzeko ohitura handia daukate. Jendea oso sartuta dago jaialdian eta bost egun horietan karpa jendez gainezka egoten da".

Gaur burutuko dute sari banaketan, aipatu beharra dago Zakopaneko herriak bertako folklorean ohiko tresna den aizkoratxo bat eta egurrean taila egindako diploma bat eskainiko diola gaur Eskolari sari bezala.

Dokumentuaren akzioak