Dokumentuaren akzioak
Eskola sortzeko irrikaz
Ikastaro hori laugarren urtez ematen ari da Bilbon, eta Yebra ikasleei bizipenak adierazten saiatzen dela dio: «Aste bakar batean ez du teknika lantzeko edo lan handi bat egiteko denborarik ematen. Horregatik nire esperientzia helarazten eta dantzaria izatea zer den eta zer dakarren azaltzen saiatzen naiz». Horretarako esperientzia mardula du, gainera. Azken urteetan freelance moduan lanean ari da, baina kontratu bana du Bordeleko Operako Baletarekin eta Erromako Operako Baletarekin. Bi konpainietan dantzari gonbidatu gisa du kontratu mugagabea, eta horrez gain bakarlari gisa hamaika galatan hartzen du parte, mundu osoan. Munduko konpainia askok ere zenbait obra aurkezteko bakarlari gisa jarduteko deitzen diote Yebrari. Hala, aurten Gissele, Coppelia, Intxaur Karraskaria, Don Kijote, Diaghileven bi obra eta beste hainbat lan antzeztu ditu Japonian, Errusian, Hungarian, Frantzian, Italian, LituanianÉEuskal Herrian ere izan da Bordeleko baletarekin Coppelia antzezten; Donostiako Kursaalen eta Iruñeko Baluarten eskaini zituen saioak. Yebra harrituta dago Euskal Herrian azken urteetan eraiki diren antzokiekin eta auditorioekin: «Oraindik gogoan dut Victor Ullaterekin birak egiten genituenean zein antzokitan dantzatzen genuen. Orain ikusle zein artistarentzat oso egokiak dira antzokiak». Hala ere, agertoki erraldoi horien aurrean badu beldur bat: «Espero dut Euskal Herri osoan ez gertatzea Bilbon gertatzen den gauza bera. Hau da, izugarrizko azpiegiturak daude, baina ez dute edukirik. Ez nuke nahi arazo hori leku guztietara hedatzea».Hurrengo ikasturtean dantzari bilbotarra berriro ere Euskal Herrian ikusteko aukera izango da Don Kijote-ren bertsio batekin. Hala ere, Yebrak ez du ezkutatzen barnean sartuta duen arantza: «Bilbon, jende aurrean, azkeneko aldiz orain dela lau urte dantzatu nuen, eta haren aurretik ere bost edo sei urte igaro ziren berriz dantzatu nuen arte».
Gazteei aukerak eskaini
Ygor Yebrak beti azaldu du eskola bat sortu eta gazteak trebatzeko nahia. Berriak orain bi urte egindako elkarrizketa batean aurreratu zuen proiektu baten hastapenetan zela. Orduan ez zuen zehaztapen gehiagorik eman. Orain, ordea, ideia aurreratu samarra du: «2006. urteko irailean Bilbon nire eskola irekiko dut. Ez dakit bakarrik egingo dudan edo erakundeen laguntza izango dudan; nik aurrera egingo dut, eta gero norbait animatzen bada, batu dadila egitasmora».
Bilbon eta Bizkaia osoan dantza klasikoak duen egoera «penagarria» dela deritzo: «Euskal Herriko egoera kaskarra da nik kanpoan ikusten dudanarekin alderatuta, baina Araban behintzat Kontserbatorio bat ireki dute eta Gipuzkoan ere mugitzen ari da zerbait. Bizkaikoa, aldiz, hutsaren hurrengoa da». Horregatik, «nik gaztetan izan ez nituen aukerak gazteei eskaintzeagatik», eskola bat sortuko du berak. Gauza bat argi duela dio: «Hemen dantza egiten duen jendeak gogo handia du eta dantza asko gustatzen zaio, zeren ezer ez dagoen lurralde batean dantzan jarraitzea meritu handikoa da».Eskolaren egituraketa osatu gabe du oraindik. Berak zuzendu eta gidatuko du, baina eguneroko lanean beste irakasle batzuk jardungo dira. Izan ere, berak gaur egun duen dantzari jardunari eusteko asmoa du: «Uste dut onena dela niretzat eta eskolarentzat ere. Urrunetik gauzak beti argiago ikusten dira eta, gainera, zuhurrena ez da gauza guztiak egiten dituena, baizik laguntzaile onenak topatzen dituena. Horretan saiatuko naiz, jende onenarekin inguratzen».Ygor Yebraren proiektua haurrentzako eskola batetik abiatuko den arren, argi dago bere egitasmoa potoloagoa dela. Konpainia bat, goi mailako eskola batÉ «Helburua ilargia da,eta niretzat beti hori da helmuga. Kontua da ilargira ezin dela bat-batean iritsi. Lehenengo prestatu, ontzia sortu eta gero ilargira joaten hasi beharko dugu apurka-apurka.
Sentimendu klasikoa
Ygor Yebraren dantza estiloa eta izaera kultura klsikoarekin ertsiki lotuta doaz. Beste kultur eta dantza adierazpideak errespetatzen dituen arren, bera dantzari klasikoa dela oso argi du. Estilo garaikidean eta modernoagoan jarduteko eskaintzak jaso izan ditu, baina berak nahiago du klasikoan jarraitzea. Kultura klasikoak sentitzeko modu bat, artea ikusteko modu bat eta kulturaren aurrean jarrera bat izateko modua erakusten duela uste du. Horregatik guraso guztiei aholkatzen die noizbehinka musika klasiko apur bat jartzeko etxean, obra klasiko batzuk irakurtzekoÉ «Klasikoa historia da eta ni benetan identifikatzen naiz arte joera horrekin».
Dokumentuaren akzioak