Dokumentuaren akzioak
Esentzien koreografia
Alde teknikotik tatxarik gabeko lana da, misio zail bat burutzen duena: koreografien bidez egitura narratibo bat martxan jartzea. Istorioak kontatzen zaizkigu dantzen bidez, lurra lantzen duten jendeenak, izurriteenak, eguneroko lanarenak, festarenak, amodiozko istorioak. Eta egitura zirkular batekin azaltzen zaizkigu, ziklo naturalekin bat eginez nolabait.
Zinemaldiaren aurretik Caiman aldizkarian egin dioten elkarrizketan, zuzendariak esplikatu du “edozein herriren istorioa” izan daitekeela filmak erakusten duena. “Baina noski, gu euskaldunak gara eta agertzen direnak euskal dantzak dira”.
Eta puntu horretan sortu dizkit dudak pelikula honek. Ea: interesgarria iruditzen zait euskal dantzekin horrelako abstrakzio bat egiten saiatzea, destilatzen ahalegintzea gure koreografia tradizionaletan dauden funtsezko elementu unibertsalak; baina Dantza harago doala uste dut, Euskal Herriaren alegoria dantzatu bat izateraino.
Eta alegoria horrek pentsamendu-egitura batzuei erantzuten die. Identitate esentzial baten bilaketari, adibidez: dantzen “benetako” esanahia zein den esplikatzeko gogo bat sumatzen da, Oteizaren neolitismoaren antzeko zerbait, dantzara eramana.
Denboratik aparte kokatutako garai mitiko batean gertatzen da filma, baina, bistan denez, mito hori eraikitako zerbait da, filmak zer ukitu duen eta zer ez erreparatuta jabetuko garenez: jantzietatik hasi eta dantzako pausoetaraino, ezagunak zaizkigun koreografiak antzaldatuta ikusten ditugu –eta filmeko irudiak hain ikusgarriak izatea, neurri batean, interbentzio horien ondorioa dela esango nuke–; dantzarien genero-rolak berriz, modu zurrunean bereizita ikusi ditugu: gizonak dantza “gogor”-etan, emakumeak “bigun”-etan; filmaren amaiera aldera agertzen zaigun bikote-harremanean erreproduzitzen diren sedukzio-eskemak ez aipatzeagatik.
Sailkatzen zaila den lana ekarri du Telmo Esnalek Sail Ofizialera, koreografiei eman dien erabateko zentraltasunagatik apustu arriskutsutzat jo behar dena. Kultuzko lan bihurtzeko elementuak ditu. Baita gure identitatea eraikitzen duten eskemen inguruko eztabaida baterako ere.
Dokumentuaren akzioak