Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Esaten duzun hori, funtsa, egia izatea da inportanteena»

Dokumentuaren akzioak

«Esaten duzun hori, funtsa, egia izatea da inportanteena»

Faustino Aranzabal. Kresala dantza taldeko zuzendari artistikoa

Jorge Oteiza zenaren pentsamenduan eta obran oinarritu dira Kresala dantza taldeko kideak 'Oteizaren kaxa beltza' lana ontzeko. Gernikan estreinatuko dute ikuskizuna, bihar iluntzean.
Egilea
Ainhoa Sarasola
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/06/12
Lotura
Berria

Jorge Oteizaren pentsamenduak eta obrak «txundituta» utzi zuten aspaldi Faustino Aranzabal, Kresala dantza taldeko zuzendari artistikoa (Donostia, 1968). Urtetara, lilura horren eraginpean ziurrenik, hainbat pieza sortu zituen, eta, piezaz pieza, forma hartuz joan zen Oteizaren kaxa beltza obra. Bihar estreinatuko du taldeak ikuskizuna, Gernikako Lizeo antzokian, 20:30ean.

Oteizaren obra hartu duzu oinarri ikuskizunerako. Zergatik?

1988an, artean taldea zuzentzen ez nuela, Oteizari buruzko erakusketa handi bat ikusteko aukera izan nuen Madrilen, Propósito experimental. TVE2 katean Paloma Chamorroren La realidad inventada saioan elkarrizketa luzea egin zioten Oteizari; ez zen emititu, baina erakusketan ikusi nuen. Erabat txundituta geratu nintzen, eta hori hor geratu zen.

Beraz, orduan sortu zen ideia?

Ez dakit gauzak nola ateratzen diren. Duela urte pare bat, Keinuka eta Argia piezak sortzen hasi nintzenean, ikusten nuen bazutela Oteizaren diskurtsoarekin harremana. Eta, hariari tiraka, forma osoa etorri zen. Beti hor egon da, ideien karpetan, baina duela pare bat urte «hau da garaia» pentsatu nuen. Izugarri interesgarriak iruditzen zaizkit Oteizaren obra eta pentsamendua. Bi ardatz horiek hartuta osatu genuen obra.

Kaxa beltzak aipatzen ditu obraren tituluak. Zer da zehazki Oteizaz erakutsi nahi duzuena?

Izenburua niri hiru esanahitatik datorkit: antzokietatik ezagutzen dugun kaxa beltza eszenikotik; Oteizak kaxa beltz gisa izendatu zituen bere kaxa metafisikoetatik; eta, azkenik, ezagutzen dugun kaxa beltzetik, jakina ez den informazioa deskodetzeko balio duen tresna horretatik. Izenburu iradokitzailea iruditu zitzaidan.

Nola lortzen da haren filosofia dantzaren bidez islatzea?

Askotan, deformazioz, emaitzara jotzen dugu. Baina niri asko markatu zidan ulertzeak nola Oteizak obrari objektu gisa eman beharrean, kultur tresna gisa ematen zion garrantzia, gizartean kultur sentsibilizazioa lortzeko. Obrek, historian, bi ardatz hartu izan dituzte: denbora eta espazioa; une batean eginak dira, eta espazio bat erabiliz. Baina Oteizak moztu egiten du hori; denbora alboratu, eta espazioarekin geratzen da, eta, hala, denboratik at geratzen da. Azkenean, gu dantzarekin hori egiten saiatzen gara; orain eta hemen egiten dugu, baina asmoa da, parabola baten bidez, denboratik at geratzea; hala, beti izango da gaurkoa, beti egongo da modernitatean. Bestalde, Oteizarengandik espazioaren hiru metafora hartu ditut: desokupazioarena, bere obra figuratiboan organikotik espiritualtasunera egiten duen bidea ikusten baita; harresiarena, bere perforazioen bidez iluntasunetik argitasunera joaten baita; eta, azkenik, labirintoaren metafora, dantzan asko ematen duena, mugimendutik gelditasunera joaten dena baita.

Zenbat pieza dira guztira?

Hamahiru, denak elementu horiekin sortuak. Ez da erraza, eta ez dakit asmatu dugun edo ez; halakoekin denbora behar da pausatu eta ikusteko zer geratu den, mamia dagoen edo ez, funtsa eta forma... Niretzat oso garrantzizkoak dira funtsaren forma, eta formaren funtsa; ez ditut ulertzen bata bestea gabe, batera doaz.

Oteiza izan duzu inspirazio iturri nagusi, baina beste erreferentziarik ere hartu al duzu?

Kontuan izan ditut abangoardia historiko artistikoak, batez ere XX. mende hasierako errusiarrak: Rodtxenko, Popova, Tatlin... Uste dut Oteizarentzat ere inportanteak zirela abstrakzio geometrikoaren poetak deitutako horiek, eta haiei lotuko nizkieke Mondrian, Malevitx... Niretzat mundu hori guztia ere izan da erreferentzia.

1993tik zabiltza Kresalan zuzendari artistiko gisa. Zer-nolako gaietatik sortzen dituzu obrak?

Ez dakit norberaren larriminen arabera doan hori edo... 1988an erakusketa hura ikusi nuenean ez nintzen bertatik atera ikuskizun bat egitea pentsatuz. Bitxia da: agian eragin handiagoa dute horretan irakurri duzun liburu batek, film batek, bizi-esperientzia batek... zehazki dantzari lotutako zerbaitek baino. Multidiziplinarra izan daiteke abiapuntua. Dena dela, niretzat inportanteena da esaten duzun hori egia izatea; interpretazioaren munduan sartzen zara oholtzara igotzean, baina niretzat inportantea da horren atzean egiazko mamia egotea.

Tradizionala, garaikidea... dantzan estiloak nahastuz doaz. Zein puntutan dago Kresala?

Askotan galdetzen didate egiten duguna zer den, tradizionala, garaikidea... Guk lantzen duguna orain tradizionala deitzen da, lehen herrikoia, duela urte batzuk euskal dantza... Baina genero bakoitza egunean egiten da, hemen eta orain; beraz, generoak niretzat beti daude egunean. Euskal genero tradizionaleko tresnak lantzen ditugu, eta niretzat egiten duguna guztiz gaurkotua dago. Kresala talde txiki eta amateurra da, eta txikitasun hori gauza handia da; horrek askatasun handia ematen digu gaiak eta ildoak aukeratzeko. Geure denbora geurea da; ez gaude merkatuaren denboraren menpe, eta hori altxor bat da.

Nola ikusten duzu zuk egungo egoera dantzari dagokionez?

Herri honetan dantza beti ezagutu dut berrikuntza etengabean; sekulako indarra dago, sekulako ahalmena proposamenak osatzeko. Dinamika handia dago. Iruditzen zait, gure eskala txikian bada ere, osasuntsu gabiltzala.

Dantzak badu publiko leial bat?

Batzuetan ikusle gutxi izaten da, beste batzuetan espazio handiak bete egiten dira... Horrek zerikusi handia du kulturaren kontzeptuarekin; egun, nire ustez, kulturaren festibalizazioa nagusitu da. Publikoa hezi egin behar da. Kopurua al da neurgailua? Ez al da interesgarriagoa publiko kritiko bat heztea? Horretarako, amuak behar dira. Baikorra naiz; uste dut egoera duela 25 urte baino hobeto dagoela. Jende andana ibili da lanean. Kate baten zatitxoak gara.

Dokumentuaren akzioak